G ipuzkoako herriak Erdi Aroaren hasieran eta erdialdean nolakoak ziren ezagutzeko asmoz ari da lanean Zehazten kultur zerbitzuak taldea, Iosu Etxezarraga arkeologoa buru duela. Horretarako, elizak nolakoak ziren eta nola aldatu diren jakitea garrantzitsua da, eta Azpeitian, Albizturren, Errezilen eta Beizaman horretan lanean ari zirela jakin zuten Bidania-Goiazko San Pedroburu muinoan eliza bat bazela. Gaur egun han eraikuntzarik ez dagoenez, ikerketa arkeologiko bat egitea erabaki zuten. Orain arte egin duten ikerketak baieztatu du XVI. mendeko eliza bat ez ezik, hura baino lehenagoko herrixka bat ere bazela San Pedroburun.
2011. urtean hasi ziren lehen miaketa arkeologikoak egiten inguru hartan. Hilobia eta elizaren egituraren aztarnak izan zitezkeenak topatu zituzten. Hurrengo urtean, zundaketak egin zituzten, aztarnategiko geruzen egoera eta agertutako aztarnak ebaluatzeko. Eremu txiki bat industu zuten, eta horma eta egitura bati eusteko oinarriak atzeman zituzten. Bi urte horietan eginiko lanen ondorioz, beraz, eliza baten aztarnak aurkitu zituzten, eta horren inguruan antzinako hilobiak topatu zituzten. Eskualdean aurkituriko objektuak Erdi Arokoak dira, baina oraindik frogatu gabe dute garai batean herrixka bat izan zitekeena Erdi Aroan sortu eta abandonaturikoa izan ote zen.
Aztarna gehiago
Eliza zaharraren aztarnak ongien ezagutzen eta identifikatuta zituzten geruzak aztertzeko helburuz, indusketa arkeologikoarekin jarraitu zuten joan den urtean, baina, orduko hartan, eremu zabalak industuz. Hala, San Pedroburuko tontorrean aurreko urteetako aztarnen ondoan lurra irekitzen hasi ziren. Lehen bi koadroak zabaltzean, 2012. urtean topaturiko hormari buruzko lehen zalantzak sortu zitzaizkien, eta dagoeneko ezagutzen zituzten egitura eta geruzak azaleratzeko erabakia hartu zuten, horien arteko harreman fisikoak ezagutuz zer ziren eta zer funtzio zuten jakiteko.
Etxezarragak azaldu duenez, “geruzak banan-bana industuta, bakoitzak zer ezaugarri duen eta noizkoa den jakin daiteke, eta agertzen diren antzinako material edo objektuak zer estratutan zeuden. Kasu normaletan, goiko geruzak berrienak dira, eta azpi-azpian daudenak zaharrenak, milioika urte izateraino”.
Indusketek eman zuten emaitzarekin konturatu ziren 2012an topaturiko horma 2011. urtean aurkitu zuten hilobia baino berriagoa dela: “Ikusi genuen hori ez zela eliza zaharraren burualdea, nahiko geruza berrian zegoelako, 1500. urte inguruko aztarnen gainetik”. 2011. urtean egindako miaketa arkeologikoa bilatu, eta ordura arte industutako elementuak elkarren artean zer erlazio duten ikusteko geruzak kenduz jarraitu zuten, eta aztarna berriak agertuz joan ziren: “Erdi Aroaren amaiera aldeko txanpon bat, Erdi Aroko zeramikazko ontzi puskak eta zutoin zulo gehiago topatu genituen. Zeramika horien kasuan, karbono-14 proba egin beharko da data zehatza-mehatz jakiteko, baina, Goi Erdi Arokoak direla uste dugu. Txanponen kasuan ere, adituek zaharberritu eta ikertu beharko dute noizkoak diren jakiteko”.
Objektuekin batera, muinoaren inguruan dauden terrazak edo ordekak ere miatu zituzten, “gizakiak eginikoak ote diren eta noizkoak diren jakiteko”. Horien datazioa egin ahal izateko ere ikatz zatiak jaso zituzten lur geruzaren behealdetik. Horrez gain, 2011n jasotako laginak aztertu dituzte, eta, beraz, jakin berri dute San Pedroburuko aztarna zaharrenak noizkoak diren: “Pentsatzen genuen baino zaharragoak dira; 2011n topatu genuen hilobiko haurra IX. mende hasiera aldean bizi izan zen, eta urte horretan topaturiko ikatzak ziurrenik 1100 urte inguruan eraiki zen zutabe baten aztarnak dira”.
Etxezarragaren arabera, indusketen emaitzak “bikainak” izan dira: “Aztarnategia uste baino emankorragoa eta interesgarriagoa da, IX. mende hasiera aldetik Aro Berrira arteko aztarnak baitaude; oso ongi, gainera”. Arkeologoaren ustez, Erdi Aroko Gipuzkoako historiari ekarpen handia egingo dio, “industen jarraitzeko aukera baldin badago, behintzat”. Izan ere, oraindik industeko asko geratzen da, eta galdera asko dago erantzuteko, baina, finantzaketaren zain daude jarraitu ahal izateko. “Finantza kolektiboko kanpainari esker bultzada handia eman ahal izan diogu ikerketari; aldundiaren laguntzaren esperoan gaude; iturri berrien bila ere bagabiltza”.
Egiten duten eta egiten ari diren lanaren berri ematea ere bada Zehazten taldekoen xedea; horregatik, iazko udako indusketen ostean, bisita gidatu bat egin zuten, herritarrekin. Ostean, Bidania-Goiazko aztarnategia berriro estali zuten. Uda honetan desestali asmo dute, aztarna berrien bila indusketak egiten jarraitzeko, baina, aipatu bezala, finantzaketa lotu beharko dute aurretik.
Leave a Reply