Behobia-Donostia lasterketaren berri ematean zenbakiak agertu ohi dira beti: korrikalari kopurua, helmugara iristeko igarotako ordu eta minutuak… Orain, lasterketa osoaren ikuspegi ekonomikoari erreparatu dio Deustuko Unibertsitateak, eta iaz lasterketak Gipuzkoan izandako eragin ekonomikoa aztertu du: horren arabera, 14,9 milioi euroko eragina izan zuen. “Goteborgeko [Suedia] gure guru handienek 45.000 korrikalarirekin hamar milioi euroko eragina lortu zuten 2008an; guk, 28.000 lasterkarirekin, hamabost milioi sortzen ditugu; harro egoteko modukoa da”. Hala azaldu du Fernando Ibarreta Fortuna kirol elkarteko zuzendariak emaitzen berri ematean.
Gasturik handiena korrikalari eta hurbilekoek egiten dute Behobia-Donostiak hartzen duen asteburuan —lasterkari bakoitzeko bi lagun etortzen direla kalkulatu dute—. Sektoreka, jan-edanetan gastatzen dute gehien —3,1 milioi—; jarraian daude erosketa eta kultur jarduerei lotutako gastuak eta ostatuarenak —1,7 milioi—, lasterketaren prestakuntzari dagozkionak —776.000 euro— eta garraioarenak —352.000 euro—. Josune Saenz ikerketaren koordinatzaileak azaldu duenez, korrikalarien jatorriari ere erreparatu zioten datuak jasotzerakoan: “Ez da berdina hemengo parte hartzaile batek egin dezakeen gastua edo kanpotik datorren norbaitena; hemengoak ez du zertan bere ohiko bizilekutik kanpo gaua pasatu edo jatetxe batean bazkaldu”. Ikerketaren arabera, parte hartzaileen %73 ateratzen da gutxienez behin etxetik kanpora bazkaldu edo afaltzera.
Gipuzkoatik kanpoko korrikalarien artean, katalanek egin zuten ekarpen handiena iaz, bi milioi eurotik gertu. Herrialde Katalanak dira, hain zuzen, Gipuzkoaren ondotik parte hartzaile gehien ekartzen dutenak. Gainera, Saenzen arabera, gastu zuzenaren %77 Hego Euskal Herritik kanpoko parte hartzaileek sortzen dute, eta lasterketa kopuru guztiaren %47 baino ez dira.
Korrikalariek gastatutakoa ez ezik, Fortuna elkartearen eta babesleen ekarpena ere aintzat hartu dute kontaketak egiteko orduan, gastua kalkulatzeko garaian. Horrez gain, batzuek eta besteek egindako gastutik aparte, ondorioztatu dute lasterketaren bidez 122 lagunek lana izan zutela iaz, eta Ogasunak 853.953 euro bildu zituen zerga bidez.
Lasterkarien datuak jasotzeko, eurak eta haiekin lasterketara joan ziren senide edo lagunak galdekatu zituzten. Horretarako, lasterketaren asteburuan galdetegiak banatu zituzten hainbat tokitan. Gutxienez 395 galdetegi zuzen jasotzea jarri zuten helburu, lehen kalkulu bat egiteko kopuru adierazgarria izan zedin: 423 onartu zituzten.
Azken datuekiko aldeak
Eragin ekonomikoaren inguruko azken azterketa 2008koa da. Garai hartan, 4,2 milioi euroko eragin ekonomikoa izan zuen lasterketak lurraldean, 35 laguni eman zien lana, eta administrazioari zerga bidez egindako ekarpena 686.000 euro izan zen. Ezin alderatu dira, ordea, orduan eta iaz parte hartu zuten korrikalari kopuruak: 14.000 ziren 2008an, eta 23.500 inguru helmugaratu ziren iaz.
Behobiatik Donostiarako ibilbideak gero eta korrikalari gehiago ditu, hein batean Gipuzkoatik kanpo lasterketa ezagutzera emateko egiten den lanaren ondorioz. Saenzen hitzetan, “Behobia-Donostiak sortzen duen balio ekonomikoaren zati handi bat lotuta dago beste tokietako korrikalariak erakartzeko gaitasunarekin”.
Aurreko aldietan bezala, hainbat hiritan izan dira aurten lasterketa sustatzeko: Bartzelonan, Madrilen, Parisen eta Londresen. “Hurrengo urtean Herbehereetako merkatuan barneratzea interesatuko litzaiguke, enpresa talde oso indartsuak etortzen ari direlako”, dio Ibarretak.
Zabaltze horrek Gipuzkoa osoan du eragina, hiriburuan, bereziki. Josu Ruiz Donostiako Udaleko Kiroletako zinegotziak uste du “running turismoan” posizionamendu bat ematen diola lasterketak Donostiari, eta, horrez gain, “erakargarri ekonomiko garrantzitsua” dela hiriarentzat, turismoari dagokionez: “Goi denboraldiko asteburua bilakatzen da behe denboraldikoa izango litzatekeena Behobia-Donostiarekin”.
Leave a Reply