Casares irratia, kultur mugimenduen erakusleiho

Hogeita hiru urte daramatza Casares irratiak dialean. Donostiako Altza auzoa du sorleku; Casares-Tomasene kultur etxea egoitza. Orain, webgune eta programazio berria dakarte 107,4 sintoniara, “kalitateari eta euskarari garrantzia berezia” emateko.

Berritasun horien aurkezpen ekitaldietako bat izan da kulturari eskainitako jardunaldia, baina ez bakarra: azken asteetan kalera atera dira; izan Altzako bertso asteko saioak zuzenean eskaintzeko, izan Olatu Talka kultur jaialdia Donostiatik bertatik bertara kontatzeko…

Donostian eta inguruetan sortzen diren lan artistikoak aireratzeko helburuz sortu zen, eta oraindik ere hori du xedea. Horren erakusgarri dira programazioaren barruan sartu dituzten irratsaioetako batzuk. Gure ahotik saioaren bitartez, adibidez, inguruko musika taldeek euren lanak ezagutaraziko dituzte; Hemen egina saioan, berriz, Donostian edo donostiarrek egindako sorkuntzak entzun ahal izango dira, besteak beste.

Webgunearen bitartez, berriz, etenik gabeko zuzeneko emanaldia entzun daiteke casaresirratia.info helbidean.

Gainerako eskaintzari dagokionez, irratigintza ardatz duten ikastaroak ere emango dituzte, irratian urteetako esperientzia duten adituen eskutik. Horrez gain, Ahots Laborategia egitasmoa martxan jartzeko asmoa dute, ahotsarekin lan egin nahi duen edonori zuzendua. Gainera, parte hartzea bultzatze aldera, erabiltzaileen zerbitzura jartzen ditu bere estudioak eta bestelako baliabideak; edonork parte har dezake, izan talde edo izan norbanako.

Arrosa sarea

Tokian tokiko eta herri ekimenetik sortutako irratien adibide bat baino ez da Casares irratia. Egun, gero eta gehiago dira, eta Euskal Herriko hogei bat irrati elkartzen dituen sare bat bada, Arrosa sarea. Elkarlana sustatu eta baliabideak aprobetxatu nahian aritzen dira trukean, betiere irrati bakoitzaren izaera errespetatuz.

Gipuzkoan, esate baterako, eskualde guztietako irratiak aurki daitezke; tartean daude Eibarko Matrallako irratia, Bergarako Txapa, Zumarragako KKinzona, Hernaniko Pixtu, Errenteriako Zintzilik irratia, Zarauzko Arraio irratia, Oiartzun irratia eta Tolosaldeko Txolarre.

Leave a Reply

Your email address will not be published.