Gipuzkoako Mugi garraio sistema Euskal Herri guztira zabaldu nahi du Gipuzkoako Aldundiak, eta, hori lortzeko, protokolo proposamen bat bidali berri dio Eusko Jaurlaritzako Garraio Agintaritzari. Proposamen horrek biltzen duenez, erakundeek eta garraio sektoreak tarifa integrazio baten aldeko borondatea eta eman beharreko pausoak zehaztuko lituzkete lehenik.
Larraitz Ugarte aldundiko bozeramaileak adierazi duenez, diputazioa prest dago “edozein ekarpen” jasotzeko, eta, sistema ezartzeko izan daitezkeen zailtasunak direla-eta, lurralde bakoitzaren “erritmoa” errespetatzearen alde dago. “Gure malgutasuna erabatekoa da, baina protokoloan agertu behar du martxan jartzeko borondate politikoak. Badakigu ez dela erraza izango; Gipuzkoan kosta egin zen, baina borondatearekin posible da”.
Arabara eta Bizkaira ez ezik —Bat eta Barik txartelak dituzte, hurrenez hurren—, Nafarroara eta Iparraldera ere hedatu nahi du aldundiak sistema bateratua, tokian tokiko erakundeen bitartez. Ildo horretan, hain zuzen, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako ordezkariek topaketa tekniko bat egin dute duela gutxi Iruñerriko Mankomunitateko ordezkariekin. Mugi txartelaren hedatze prozesua aztertu zuten: planifikazioa, zabalpena, esperientzia…
Hauek lirateke txartel bakarrak izango lituzkeen abantailak: ordainbide eta tarifa bateratuak, eremuaren araberako tarifen ezarpena, deskontuak —bidaia kopuru jakin bat egiteagatik, bidaia berean garraio aldaketak egiteagatik edo talde eta kolektibo berezietako kide izateagatik…—.
Emaitza onak urtebetean
Gipuzkoan, sistema bateratuak “arrakasta” izan du. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak emandako azken datuen arabera, 60 milioi bidaia egin dira lurralde osoan, gipuzkoarren %63,97k dute Mugi txartela, eta lurraldeko garraio sarean egindako ordainketen %86 txartel horren bidez egin dituzte. Hilero 252.000 gipuzkoarrek erabiltzen dute, eta zenbat eta gehiago erabili, orduan eta merkeagoa da bidaia.
Baina urteko datuek diote erabiltzaile gehienek, %70ek, bat eta hogei bidaia bitartean egiten dituztela hilean; beraz, erabiltzaile horiek %45eko deskontua izan dute. Soilik erabiltzaileen %5ek lortu dituzte %90era arteko deskontuak —51 bidaia baino gehiago egitea esan nahi du horrek—. Deskontuekin batera, penalizazioak ere izaten dira, baina lehen urtean soilik Mugi sistemaren erabiltzeen %1ek jaso dute halako zigorren bat. Irteterakoan txartela makinatik ez pasatzea izan da horretarako arrazoi nagusia.
Leave a Reply