Goizeko zazpietan ekiten dio Jose Ignacio Larrartek (Astigarraga, 1968), eta gaueko bederatziak aldera arte horretan aritzen da. Pasaiako kaian txatarraz, ongarriz edo beste materialen batez bete kamioia, eta Bergaran, Olaberrian edo Zumarragan deskargatzen du. “Dena ondo badoa”, halako hiru bidaia egiten ditu egunean. Bere kamioiko atea zabaldu zion astearte goizean Gipuzkoako Hitza-ri, Arcelor Mittalen Olaberriko fundizioan, Pasaiatik hara eramandako txatarra deskargatu eta bigarren buelta hasterako.
Hernanin bizi da, eta 25 urte daramatza kamioilari autonomo gisa lanean, aitaren ofizioari segituz. Hark lanari uzterako ekin zion, eta “ia hamar urte” elkarrekin egin dituzte. Zentraletik iritsitako ahots abisuak entzun eta haiei erantzun bitartean, tartea hartu du bere bizipenak deskribatzeko: “Honetarako bokazioa nuen. Zuzenbideko ikasketak egiten hasi nintzen, eta bigarren urtean utzi eta kamioiari heldu nion”. Larrarteren hitzetan, garai hartan posible zen kamioi bakarrarekin hastea, baina, orain, autonomoaren figura desagerrarazi nahi dute. “Oraindik behin betikoa ez den arren, legea aldatzekotan dabiltza, eta kamioilari gisa hasteko 64 tona garraiatzeko gaitasuna behar duzu. Horrek, gutxienez, hiru kamioi edukitzea esan nahi du, eta pertsona bakarrak ezin du ardura hori bere gain hartu”.
Autonomoa da, baina Ortagui enpresarentzat egiten du lan, hori arduratzen baita Pasaiako kaiko materialaren garraioaz. Hernanin bizi denez, bertan ordaintzen du ibilgailuaren zerga, baina “aparkatzeko arazoengatik” Pasaiako kaian izaten du normalean kamioia. Goizero Hernanitik hara joaten da autoz, eta zazpiak aldera kamioia kargatzeko ilaran jartzen da. Kargatzeko eta husteko ilaretan zain igarotzen ditu laneko ordu gehienak: “Ondo bidean, buelta bakoitza pare bat orduan egiten dut. Nire lan egunak hamalau ordu inguru irauten du, eta egunean hiru buelta egiten baditut, hortik kontuak atera zenbat denbora pasatzen dudan zain”. Ez du bazkaritarako edo bidean geldialdiak egiteko tarte finkorik: “Kargatuta natorren batean, ezin naiz gelditu bidean zerbait hartzeko; bestela, husteko ilaran beste hamar kamioi sar daitezke aurretik, eta denbora asko gal dezaket”.
Hileko soldata finkorik ez
Segurtasunik eza dakarkio denbora galtzeak. Gainera, egindako bidaien ordaina zerbitzua egin eta 60 egunera jasotzen dute; legez hala araututa dago. Bidaia bakoitzean garraiatzen duen pisuaren araberako ordainsaria jasotzen du, eta bidaia kopurua bere esku ez dauden gauzen araberakoa da: “Errepideko istripuak, nire aurretik kargatzeko edo husteko zain dauden kamioiak, kargatzeko material erraza edo zaila…”. Bidaia bakoitza egin eta bi hilabetera kobratuko duela baino ez daki ziur, baina hil hasieran ez du jakiten zenbat bidaia egingo dituen; ondorioz, ezta zein soldata izango duen ere.
Zenbaitetan, bidaiarik egin gabe ere geratzen da: “Material gutxi edo kargatzeko zaila dagoenean”. Baita egunaren amaierara heldu eta kamioia hustu gabe ere: “Gertatu izan zait hustera joan eta materialarentzat lekurik ez izatea. Halakoetan, hustera joan naizen lekuan kargatuta uzten dut kamioia; Olaberrian, adibidez. Trenez joaten naiz etxera, eta hurrengo goizean trenez itzultzen naiz, kamioia hustu eta berriz Pasaiara abiatzeko”. Izan ere, kamioiarekin kaira itzuli eta autoan etxeratuko balitz, bidaia bikoitza egin beharko luke, eta horretarako behar duen erregaiaren gastuak ere bere gain hartu beharko lituzke. Kanpoko faktoreek dute eragina Larrarteren lanean: “Gure esku ez dago ezer”.
Lanean daramatzan urteetan, “gorabeherak” beti izan ditu, baina ez du oraingoa bezalako garai txarrik ezagutu. Egun duena hirugarren kamioia da, orain dela bi urte erosia. “Garai txarrak ziren erosteko, baina aurretik nuenak hamabi urte inguru zituen, eta aldatu beharra neukan. Hori bai, bigarren eskukoa erosi behar izan nuen, aurreko biak berriak erosi banituen ere”. Oraingo egoeran, halako inbertsioak amortizatzea ere ez dago ziurtatuta, bost edo zazpi urte behar dira horretarako; baina egunekoan egunekoa bizitzera behartuta dago Larrarte: “Egun batetik bestera itxi zituzten Corrugados eta Fagor. Hori gerta daiteke gure hornitzaileekin ere, eta kamioiaren gastuak amortizatu gabe harrapatzen banau, zer egingo dut? Nora joango naiz?”.
Administrazioaren eta enpresen artean harrapatuta ikusten du bere burua, eta etorkizuna “beltza” ikusten du, baina ez lioke begiratu ere egin nahi: “Biharko eguna pasatzea da helburua; badaezpada, nahiago urrutira ez begiratu. Nork daki nola egongo garen Gabonetan?”.
Leave a Reply