Zero Waste England edo Ingalaterra Zero Zaborreko kideek Gipuzkoa ezagutu nahi zuten, eta, batez ere, Orendain. Horretarako, Gipuzkoa Zero Zabor taldeko kideekin jarri ziren harremanetan, bidaia baten inguruan hitz egiteko. Iragan ostiralean gauzatu zen asmoa, eta Christopher J. Harmer Donostiara iritsi zen. Hiriburutik Usurbil eta Hernanira joan ziren, atez atekoa jarri zuten lehen herriak izaki. Ondoren, Tolosaldean sartu ziren, eta Berastegin eta Orendainen egin zituzten geldialdiak. Arratsaldean, Zubietan izan ziren.
Gipuzkoako hainbat herritan jarri duten hondakinak biltzeko sistema berria ezagutzera etorri zen Zero Waste England taldeko kidea. Bere helburua bilketa eredua Ingalaterrara eramatea dela esan zuen: “Ingalaterran arazo bat dugu hondakinekin, eta jendea ez da horren jabe. Niretzat oso garrantzitsua da bidaia hau. Hainbat adibide ezagutu eta txosten bat egin nahi dut, ondoren, zero zabor taldearen bidez Ingalaterrako udal eta gobernuei aurkezteko”.
Eskualdeko egoera erakusten, Amaia Azkue Tolosaldeko Mankomunitateko kidea eta Gorka Egia Orendaingo alkatea izan zituen Harmerrek. Berastegin, auzo konposta eta norbanakoak egiten duena erakutsi zizkioten, baita errefusa nola biltzen duten ere. Mankomunitateko kidearen esanetan, poz handia sentitu zuen bisitaren berri izan zuenean: “Gu ere horrela ibili ginen eskualderako eredu baliagarrien bila Nafarroan eta abar. Orain gure eskualdea eredugarri izatea eta beste batzuentzat lagungarri eta adibide dela ikustea oso pozgarria da”. Beste kudeaketa bat posible dela erakutsi nahi izan zion Azkuek Zero Waste England taldeko kideari: “Aldaketa errealitatea da, eta horretarako aukerak egon badaude. Mezu hori erakutsi nahi diogu. Hobekuntzak egin beharrean gaude, baina posible da hondakinen kudeaketa egoki bat egitea”.
Berastegitik Orendainera joan ziren; izan ere, Harmerrek herri hori ezagutu nahi zuen bereziki: “Badakit posible dela %80-90 birziklatzea, nik neuk horrela egiten baitut. Instituzioek hori ezinezkoa dela esaten digute guri, eta hemengo adibide zehatz hauekin egin daitekeela frogatu nahi diegu”. Eskualdean bildutako informazioa parlamentuan aurkeztuko dute Zero Waste taldeko kideek, eta Egiak herri txikien garrantzia azpimarratu zuen: “Jendearen gehiengoa hirietan bizi baldin bada ere, herri txikiak gehiengoa dira. Herri txikietan erraz jar daitekeen sistema bat da; beraz, gauzak ongi egitea ez da hain zaila”.
Orendaingo alkatearen esanetan, hondakin organikoaren sailkatzeak ez dio modu bati bakarrik erantzun behar; hau da, elkar osatzen duten ereduak bilatu beharra dago, betiere, “herritarrenganako erosotasuna kontuan hartuta”.
Eskualdeko ordezkariekin egon ondoren, Harmer Zubietara joan zen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko kideekin. Horiek, aurrez, Orendainen egon ziren, eta eskualdeaz hitz egiteko tartea hartu zuen Imanol Azpirozek. “Tolosaldean aurrerapen izugarria egin dute, baina oraindik herri handiena gelditzen da: Tolosa. Herri txikien eredua oso ondo dago. Organikoaren kamioia ez joate hutsa izugarrizko aurrezkia da, eta onura hori Gipuzkoa osora bideratzen da”.
Herri txikien adibideak handiak presionatzen dituela esan zuen Azpirozek, beste alde batera inork ezin baitu begiratu: “Birziklatzea baldin badago, birziklatu egin beharra dago, eta erakundeek baliabide guztiak jarri behar dituzte horretarako”.
Leave a Reply