“Pilotak aldaketa bat behar du; duela ehun urte bezala segitzen du”

Duela 36 urte, 19 zituela hasi zen erremonterako xisterak egiten Juan Pello Ugarte (Oronoz, Nafarroa, 1957). Hernaniko Galarreta frontoian jaso zuen prestakuntza, Ziganda anaien eskutik. Bi anaiak nafarrak ziren, pilotari izandakoak, eta tailer bat zeukaten erremontean aritzen zirenei zerbitzua eskaintzeko: xisterak egin eta konpondu. Ofizioa ikasi bezain laster hasi zen maitatzen.

Ez dira erremontearentzat garai onak, ordea, eta Galarreta pilotalekuko tailerrean lanik gabe geratu zen Ugarte: “Frontoian gero eta jende gutxiago ibiltzen da, eta guk ere lan gutxiago izaten dugu”. Langabezian geratu, eta negozioa bere kasa hastea erabaki zuen: Xanperen Txokoa zabaldu zuen Errenterian, duela zenbait hilabete. Xisterak egiteaz gain, markoak eta arropa ere saltzen ditu.

Hasieratik ondo moldatu zen lanbidearekin, lana egiteaz gainera partiden giroa eta saltsa gertu-gertutik ikusteko aukera zeukalako. Gogoan du partidak astearteetan eta ostegunetik igandera izaten zirela. “Tailerra bertan genuenez, arratsaldeetan partidak ikusten genituen”, gaineratu du.

Uste du garai batetik hona kirol horretan gauzak asko aldatu direla, jokatzeko zestak barne: “Lehengoak egurrezkoak eta zumitzezkoak ziren; orain, berriz, uztaia zuntzezkoa da, eta barrukoa, berriz, polipropilenozkoa. Eskularrua da mantentzen dena: larruzkoa da gaur egun ere”. Materiala aldatu arren lana egiteko modua bera dela zehaztu du.

Materiala aldatzearen arrazoia erresistentzia dela argitu du Ugartek: “Orain, pilotariek beldurrik gabe jokatzen dute. Uztaia orain ere puskatzen da, baina ez lehen bezainbeste. Lehen, zumitzarekin zuloa egiten zutenak ere izaten ziren”. Jakinarazi du xistera batek gaur egun bizpahiru hilabete irauten duela, hogei partida inguru.

Artisau lana izanda, gainera, xistera bakoitza bakarra izaten da, eta pilotarien beharretara moldatuta egoten da. Pilotarientzat lan egiten dute, hain zuzen, baina, Ugarteren arabera, zestak ez dira horienak, enpresenak baizik: “Enpresak kobratzen dio pilotariari zestarengatik, eta, behin erabilita, konpondu egiten ditugu. Konpondutakoan erremonteko eskoletara joaten dira, gazteentzat. Handik berriro puskatuta itzultzen dituztenean, zesta berriak egiten ditugu”. Horretarako, ahal dutena berrerabiltzen dute: uztaia, eskularrua…

Ofizioan, Ugarterekin batera, beste pertsona bat baino ez da aritzen, eta biak dira erremontista guztientzat xisterak egiten dituztenak.

Erretiroa hartu arte lan egin nahiko luke, baina esan du erremontea oso egoera txarrean dagoela. Galarretan eta Iruñe aldean bakarrik jokatzen dutela gaineratu du. “Pilotak, kirol gisa, aldaketa bat behar du, oro har: esku pilotak, erremonteak nahiz zesta-puntak. Duela ehun urte bezala segitzen du zesta-puntak, baina jendea eta ohiturak aldatu egin dira denbora honetan guztian, eta horrela ezin dugu jarraitu. Finaletan jende asko izaten da, baina bestela? Jende gaztearengana hurbildu beharra dago”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.