“Sailean egindako erditzeak 1970eko hamarkadan hasi ziren; hori aldatu nahi dugu”

Debagoieneko Ospitaleko ginekologiako eta obstetrikako burua da Jose Ramon Serrano (Zaragoza, Espainia, 1961). Osakidetzan lanean 25 urte daramatzalako, iaz oroigarri bat eman zioten, “baina 28 urte inguru izango dira hemen lanean ari naizela”. Erditze naturalean edo “normalean” aitzindariak izan ziren Debagoieneko Ospitalean, eta gaur egun eskualdetik kanpoko emakumeak ere joaten dira hara erditzera.

Debagoieneko Ospitalea aurrenetakoa izan zen erditze naturala eskaintzen. Nolakoak izan ziren lehen pauso horiek?

Osakidetzaren barruan aurrenekoak izan ginen erditze fisiologikoaren gaineko planteamenduak egiten. Garai hartan, hori aurrera eramateko nahikoa azpiegiturarik ez genuen, baina aurreneko saioak egiten hasi ginen. Erditzera zihoanaren iritzia eta nahia aintzat hartzea funtsezkoa zen, eta, horretarako, geneuzkan baliabideekin eta lekuarekin moldatzen ginen. Gaur egun, ordea, azpiegitura modernoak ditugu. Gure erditze gelek ez dute erditze gela baten antzik, segurtasun kontuengatik beharrezkoa ez bada. Ospitalea bainoago, hotel bat ematen du.

Orain dela zenbat urte hasi zineten planteamendu berri horrekin?

XXI. mendea hastearekin batera ekin genion planteamendu berria garatzeari, 2000. urtean, alegia. Instalazio berriak, ordea, duela bi urte estreinatu genituen.

Lan egiteko modu berriak profesionalengan ere ahalegin handia eskatuko zuen; nolakoa izan da prozesua?

Lan egiteko moduan txipa aldatzea izan da garrantzitsuena. 1970 eta 1980ko hamarkadetan, ospitaleetan erditzeko ohitura hartu zuten emakumeek, baina erditzeak sailean egitea ekarri zuen horrek. Lan egiteko modu hori aldatu genuen. Erditzea kontu fisiologiko baten gisara tratatzen hasi ginen. Erditu behar duenaren edota umearen segurtasuna arriskuan dagoenean bakarrik esku hartzen dugu. Izan ere, erditze normal edo natural bat seguruagoa baita. Ikuspuntu berri hori giltzarria izan da profesionalon artean, baina aldaketa gauzatzeko benetan lan egin dutenak emaginak izan dira. Gaur egun, emagin edota ginekologo izateko ikasten ari direnak ere gisa horretan lan egiteko ikasten dute.

Handia al da egungo egoeraren eta duela 15 urtekoaren arteko aldea?

Instalazio hobeak ditugu gaur egun; esperientzia dugu, eta baita horretan lanean segitzeko gogoa ere. Bestalde, hemen egiten duguna ahoz aho zabaldu izanak erreferente bihurtu du Debagoieneko Ospitalea. Eskualdetik kanpoko jende asko etortzen da erditzera gure ospitalera: Burgostik (Espainia) eta Bilbo aldetik ere etortzen dira. Iaz, esaterako, hemen erditu zutenen %18 eskualdetik kanpokoak izan ziren. Guztira, 587 erditze izan genituen Debagoieneko Ospitalean 2013an, baina, nire ustez, urtean seiehun bat izateko ahalmena dugu.

Haurra edukitzera doanaren aholkulari ere izan beharko duzue. Nola egiten da hori?

Gaur egun, informazio kopurua oso handia da, eta, askotan, gauzak idealizatzera jotzen dugu. Horregatik, erditzeko plan bat daukagu, eta horren barruan ezinbestekoak diren segurtasun neurri batzuk hartu behar ditugu. Hala ere, erditzera doan emakumeak era aktiboan parte hartzen du, eta erabaki asko har ditzake. Hortaz, gure erditze planeko kontu batzuekin ados ez egotea gerta liteke. Esaterako, erditzera doanari zainbide bat ireki behar izaten diogu, larrialdiren bat egongo balitz esku hartzeko aukera izan dezagun. Neurri horiek hartu beharraren zergatia azaldu egin behar zaie erditzera doazenei. Gauzak azaldu ondoren, ulertu egiten dute, nahiz eta ados ez egon. Kasu gehienetan, gainera, emakumeak berak eskatzen du esku hartzea; epidurala eskatzen digutenean, adibidez. Esku hartze gehienak anestesia jartzeko izaten dira, eta erditzera doazenek berek hala eskatuta.

Askotan eskatzen al da anestesia epidurala?

Osakidetzan anestesia epidurala eskaintzen aurrena Basurtuko ospitalea izan zen, eta garai hartan emakume askok jo zuten hara erditzera. Garai batean erditu behar zutenetatik %90ek eskatzen zuten epidurala. Gaur egun, bitarteko fase batean gaude: erditzera doazenen %70 inguruk eskatzen dute. Jaisten ari da kopurua.

Eta erditu dutenen esperientziak kontuan izaten dituzue, gerora aldaketak egiteko?

Erdiberrien poztasuna neurtzeko kontrolak egiten ditugu, eta gero, jasotako datu horiek eskuan ditugula, balorazioak eta kalitate kontrolak egiten dira. Gure emaitzak bikainak dira, baina gaur egungo instalazioak eduki aurretik ere emaitza oso onak genituen. Azken batean, lanean ari diren langileek garrantzi handia daukate. Ondo erditzen laguntzeko lan egiten dute, eta hori oso garrantzitsua da.

Gipuzkoako beste ospitale publiko batzuetan ere zuen planteamenduari heldu diote, ezta?

Bai, hala da. Zumarragako Ospitalean, esaterako, gure ibilbide bera egiten ari dira; erditzeko gela berriak dituzte, zoragarriak, eta han lanean ari diren profesionalak ere halaxe dira. Zumarragakoan gu baino geroago hasi ziren, baina filosofia bera da. Nik uste dut, finean, Osakidetzaren filosofia horixe dela. Izan ere, gaur egun, Espainiako osasun sisteman, erditze naturalaren protokoloan aitzindariak gara, eta erditze plan hori Osakidetzako obstetrikalariek egina da. Osakidetzan, gaur egun, zesareaz edukitzen dute umea, eta Espainiako batez besteko kopurua %21,8 da. Zesarea kasu gutxien duen osasun erakundea gara Espainian, eta baita Europa osoan ere.

Gure filosofia tamaina txikiko ospitaleetan ezartzea (Zumarragan edo Mendaron) errazagoa da, inguruak berak erraztu egiten duelako.

Debagoieneko Ospitaleko lan egiteko modua ezagutzera etortzen al zaizkizue?

Bai, ospitale askotatik etorri dira nola lan egiten dugun ikustera eta gure lana ezagutzera. Zumarragatik etorri izan dira, baina baita Andaluziatik eta Gaztelatik ere (Espainia).

Nola ikusten duzu etxean erditzeko aukera?

Emakumeak etxean erditzeari utzi eta ospitaleetara joaten hasi zirenean, jaioberrien heriotza maila asko jaitsi zen, eta kalitateak gora egin zuen. Etxean erditzera itzultzea atzera egitea da; ez dago gaizki, baina ospitalean erditzea seguruagoa da. Erditzera doan emakumearen erabakitzeko aukeraren eta haren segurtasunaren arteko oreka bilatu behar dugu.

Aurrera begirako planik ba al duzue erditze naturalaren inguruan?

Aurrenak izan ginen erditu behar zutenei inhalatzeko analgesia eskaintzen; horrez gain, dilataziorako bainuontziak ere jarri genituen gure instalazioetan. Bestalde, uretan erditzeko prestakuntza jaso dugu Ingalaterran, baina proiektu hori orain geldirik daukagu.

Eta noizko espero duzue uretan erditzeko aukera ematea?

Erabaki hori Osakidetzak hartu behar du, eta ez da guk geure kabuz egin dezakeguna. Uretan erditzeaz oso esperientzia gutxi dago gaur egun hemen, eta, segurtasunari dagokionez, neurri asko hartu beharra dago. Gai hori landu dugu, eta ikasten ari gara, baina, gaur-gaurkoz, aukera hori ez dugu ematen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.