Ingeniaria, aholkularia, eta deitzen dioten leku guztietara joaten den horietakoa da Rafa Etxeberria (Laudio, Araba, 1967). Villabonako Subijana etxean egungo bizimoduaren iraunkortasunaren inguruan hitz egin du.
Zein izan da zure hitzaldiaren oinarria?
Nire lan esperientzian oinarriturik egon da hitzaldia. Hogei urteko bizipenetatik ikasia kontatzen saiatu naiz. Urte horietan guztietan, Euskal Herrian, Espainian eta atzerrian aritu naiz lanean. Lur eta ur kutsatu ugariren laginak aztertu ditut; zabortegi eta beste lan ugari ikusi ditut; errauste plantetan lan egin dut; segurtasun zabortegiak ezagutu ditut, eta horietako batzuetan lan egiteko aukera izan dut… Hogei urte pasatu ditut ingurune eraginaren inguruko ikerketak egiten.
Eta argi azaldu duzu horren guztiaren ondorioa zein den.
Gure planeta nola deuseztatzen ari garen ikusita, kontuan hartu beharreko gauza ugari daude egungo bizimoduaren iraunkortasuna planteatzen dugunean.
Bizimodu horretan kontsumoak duen garrantzia aipatu duzu.
Gure kontsumitzeko moduak sortzen dituen eraginak aipatu ditut. Oso grafikoki. Gure planetako baliabide guztiak nola kontsumitzen goazen erakutsi dut irudien bidez. Hori sentsibilizazio zatia izan da. Hau da, zer egiten ari garen ikusi, ondoren, suntsiketa horri aurre egiteko alternatibak aztertzeko.
Zeintzuk dira alternatiba horiek?
Kontsumo arduratsua, kontzientea eta eraldatzailea. Bene-benetan, gure etorkizunaren gakoa hor dago. Iraunkortasuna zer da? Etorkizuneko belaunaldiek etorkizuna izatea. Orain arte bezala jarraitzen badugu, hori ez da horrela izango. Trantsizio ordenatu bat behar dugu, beste bizimodu batekin hasteko.
Zer diozu hondakinak biltzeko atez ateko sistema berriaren inguruan?
Zabortegi asko ezagutu ditut. Kamioiak eta kamioiak nola joaten diren egunero ikusi dut. Baita errauste plantak ere. Beraz, birziklapenaz hitz egin dut, nire ikuspegitik. Atez atekoa egun dagoen sistemarik eraginkorrena da, baina inposizioaren akatsa dauka. Ingurumen hezkuntzaren porrota da. Inposatu aurretik hezi egin behar da, eta, ondoren, neurri guztiak jarri. Amaieran, ondorio honetara iritsiko gara: bide zuzena hartzeko, zigorpean jarri behar al gaituzte?
Zein da hausnarketa horri ematen diozun erantzuna?
Hezkuntza zuzena.
Zure esperientzian, ikusi al duzu hori?
Zoritxarrez ez. Epe laburrean hartu behar diren erabakiak hartzeak beldurra ematen digu. Eta horrela ez baldin badugu egiten, gure txikien etorkizuna zalantzaz beterikoa izango da.
Leave a Reply