“Ahotsen baliabideak ezagutu behar dira koruentzako kantak egiteko”

Junkal Guerrero da (Andoain, 1968) Antigua Abesbatza Lehiaketak aurtengo ekitaldian aukeratutako musikagilea. Guerrerok Beasaingo Loinatz abesbatza zuzentzen du orain bi urtetik, eta Donostiako Luberri institutuko gurasoen koruko zuzendaria ere bada. Horrez gain, musika pedagogoa da, eta piano irakasle lanetan ere aritzen da.

Koruetarako piezak sortzen dituzu. Zerk bereizten du musika mota hau?

Ahotsaren eta abesbatzen mundua ezagutu behar dira derrigor. Koruentzako kantak sortzeko, ezinbestekoa da ahotsak dituen baliabideak zeintzuk diren jakitea. Nik abesbatzetan txikitatik abestu dut, eta eskarmentu horri esker dakit koruetan zein idazkera motak funtzionatzen duen hobeto. Finean, kantatuz eta partiturak aztertuz ikasi dut koruetarako abestiak sortzen.

Zein bide egiten du abesbatzetarako idatzitako lan batek?

Nik CM edizio etxean argitaratzen ditut, batik bat. Dena dela, Internet sareak zeharo erraztu du musika mota honen zabalkundea. Munduko bazter guztietara irits zaitezke jada. Esate baterako, atzerritik hainbat eskaera egin didate: Amerikako Estatu Batuetatik eta Kanadatik, adibidez. Koruen mundua, gainera, oso mundu aktiboa da.

Zergatik?

Lehen ez bezala, orain musikagileen lan ia denak eskura dituzu. Garai batean fotokopia bidez lortzen genituen partiturak. Egun, CM-ren bidez, esaterako, argitalpen digitalak erosi eta inprimatu ditzakezu. Lehiaketatan entzuten dituzun obrak, musikagile berri batenak… Zuzendariak beti ari gara kantatzeko errepertorio berrien bila.

Zure espezialitatea ahots mistoena al da?

Ahots berdinekin hasi nintzen, musika eskolen mundutik natorrelako. Javier Busto zuzendariarekin ahots zurien Kante Cantemus Koruarekin (KCK) modalitate hori sakonean ezagutu nuen, eta Bustoren bitartez, idazten ari nintzena entzuteko aukera izan nuen; hala ikasi nuen. Abesbatzek material berriak behar dituzte, eta materiala egiteko beharra dagoela ikusi nuen. Egun ahots mistoentzat ere idazten dut. Jada modalitate guztiak lantzen ditut.

Zer da zuretzat Antigua Abesbatza Lehiaketan musikagile gonbidatua izatea?

Oso-oso inportantea da, batez ere aurretik egon diren musikagileak nortzuk diren ikusita. Zuzenean zure obrak entzun ahal dituzu, eta hainbat abesbatzak kantatuko dituzte, gainera. Obra bera koru batek edo bestek kantatuta ezberdina dela dirudi; ñabardurak azaleratzen dira. Abesbatzen munduan lehiaketak zabalpen handia dauka, eta ni oso eskertuta nago.

Zuk zuzendutako Beasaingo Loinatz korua gonbidatu dute.

Bai. XXI. mendeko lehenengo hamabost urteetan sortutako obra koral sorta bat kantatuko dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.