Benito Lertxundik —eta beste askok— miresten duen Leonard Cohen musikari eta poetak hauxe esan zuen Asturiasko Printzea saria eman ziotenean: “Ez naiz eroso sentitzen [sariak jasotzean], poesia saritzeak zalantzak sortzen dizkidalako. Inork menderatu ez duen lurralde batetik dator poesia; inork konkistatu ez duen lurretik. Beraz, iruzurti baten antzera sentitzen naiz, menderatzen ez dudan zerbaitegatik sari bat onartu behar dudan bakoitzean. Hitz bitan esanda: kantu onak nondik datozen jakingo banu, maizago joango nintzateke hara”.
Cohenek bezalaxe, Lertxundik ere ez daki nondik datozen kantu onak. Ez daki, munduan beste inork ere ez dakienez. Baina mende erdi baten ostean, badaki lur menderagaitz bezain emankor horretan haziak landatu behar direla, fruiturik jasoko bada. Eta landatu ditu, zinez. “Haren ibilbide oparoarengatik eta euskal kulturari egin dion ekarpenarengatik” eman zioten, atzo, Gipuzkoako Urrezko Domina.
Ez da gutxiagorako. Mende erdiko ibilbidean, hamazazpi grabazio egin eta ehunka kontzertu eman ditu Orioko bardoak. Kontagaitzak dira jaso dituen sariak edo egin dizkioten omenaldi eta aipamenak: Argizaiola saria, Sabino Arana saria, Nabarralde saria… Baina, batez ere, itzelezko eragina izan du azken hamarkadetako euskal musikagintzan eta, batez ere, euskal musikariengan. Horiek dira, batez ere, bardoak landatu dituen haziak.
Hori dela eta, askotariko estilo, erreferentzia eta ibilbideko artistek pozarren izan dute Benitori emandako urrezko dominaren berri. Gutxitan izan du sari batek halako adostasunik.
“Musikalki biok soka ezberdin samarrekoak izanik ere, zentzu askotan eredugarria iruditzen zait Benito Lertxundiren orain arteko ibilbidea: koherentea, lanarekiko oso zorrotza, bide luzeko lasterkaria, bere ofiziora guztiz emana…”, esan du Jabier Muguruzak.
Oriotarrak bezala, gaztetatik landu du Muguruzak musikarekiko harremana —Lertxundi txikitan hasi zen kantatzen, familia giroan, musikari izateko bokazioa askoz berantiarragoa izan bazen ere—. Eklektikotasuna eta estilo nahasketa izan dira Muguruzaren nortasun musikala definitu duten ardatzetako bi. Joxe Ripiau taldea desegin zenetik, jazz eta pop doinuak uztartu ditu, eta kantautore ibilbide oparoa izan du. Lertxundik ere hainbat musika estilo landu ditu; protesta kantutik abiatuta, Zuberoako nahiz Irlandako folka, orkestraren epikotasuna eta pianoaren laguntzaz harilkatutako doinu intimistak egin izan ditu bardoak.
“Asko zor diogu”
Belaunaldi, estilo eta eragin erabat ezberdineko musikariak izan arren, Lertxundi zoriondu nahi izan dute beste askok ere. Gose taldeko Ines Osinaga trikitilari eta abeslariaren ustez, oriotarra “erreferente izugarria da euskal musikagintzan”.
Osinagak behin bakarrik ikusi du Lertxundi zuzenean jotzen. “Gernikan eman zuen kontzertu batean izan zen, orain dela gutxi”. Esperientzia “harrigarria” izan zela nabarmendu du: “Txundigarria da adin eta estilo ezberdineko jendea elkartzeko duen gaitasuna”. Kantu mitikoenekin kantuan jarri zuen oriotarrak antzoki osoa: “Baldorba-ren lehen konpasak jotzen hasi, eta 2.000 pertsona batera kantatzen hasi ziren. Kantua hasi baino lehen ere ari zen jendea abesten!”.
Horixe baita musikagile onak eta musikagile bikainak bereizten dituena. Sortzailearen burutik eta eskuetatik ihes eginda, entzule guztien bihotzera jauzi egiten dutela kantuek. “Euskal Herriko musikagintzan sekulako ereserkiak egin ditu Benitok. Jadanik, kantu horiek ez dira harenak; herriarenak dira, gu guztionak. Horregatik, uste dut Euskal Herria eta euskal musikagintza, oro har, zorretan daudela Benito Lertxundirekin”, laburbildu du Osinagak.
Trikitiaren doinuak musika elektronikoarekin uztartzen ditu Gosek. Jauzi handia, Lertxundiren hastapenetako folketik soinuan; ez horrenbestekoa, espirituan eta Ez Dok Amairuren atzean zegoen asmo zirikatzailean. 2005. urtean argitaratu zuen Gosek bere lehen lana. Urte horretantxe, musika munduan emandako berrogei urteak ospatu zituen Orioko bardoak. Horretarako, kontzertu sorta bat prestatu zuen, bere ibilbideari atzerako begiratua egiteko. Emanaldiak Tolosan, Iruñean eta Gernikan izan ziren. Kontzertu horien lekukotasuna jaso zuen 40 urtez ikasten egonak zuzeneko diskoan (Elkar, 2005).
Ordutik, beste hamarkada bat igaro da kasik, eta beste askok egiten duten bezala atzera egin beharrean, lanean jarraitzeko gogotsu azaldu da Lertxundi azkenaldian. Haren zaleak ere milaka zenba daitezke, Euskal Herrian zein atzerrian, eta etorkizunean etorriko denari irribarretsu begiratzen dio oriotarrak. “Oraindik bere onena emateko daukan sentsazioa transmititzen du”, laburbildu du Gozategi taldeko buru Asier Gozategik.
“Benito bakarra dago”
Lertxundiren zale amorratua da Gozategi, eta ez du zaletasun hori ezkutatzen: “Musikari, euskaldun nahiz pertsona gisa, Benito Lertxundi bakarra izan da, eta bakarra da oraindik. Musikalki jantzia, aditua; euskara eta euskal kulturaren aldeko apustu garbia egin eta lanean dabilena”.
Musikariaren ustez, ikasteko grina etengabea da Lertxundiren arrakastaren faktore nagusietako bat: “Jakintsua izan arren jakinmin izugarria duen pertsona da”.
Bai Gozategik bai Lertxundik folka daramate zainetan, baina norberaren ibilbideak estilo horren mutur ezberdinetara eraman ditu. “Benitok eta Gozategik estilo esberdinak jorratu ditugun arren, ezin da ukatu gure musikan eragina izan duela, Euskal Herriko musikaren eta Benitoren diskoen kontsumitzaile naizen aldetik. Izan ere, euskal musikaren ondarean marka handia utzi du, eta handiagoa utziko duen ustea dut”.
Gozategiren ibilbidea 1992an hasi zen, Lertxundik Hunkidura Kuttunak (Elkar, 1993) bilduma bikoitza argitaratu baino urtebete lehenago. 90eko hamarkada gogorra izan zen kantautorearentzat, taldekide eta laguna zuen Martin Irizar hil baitzen istripu batean. Horrek geldialdi luzea ekarri zuen. Denboraldi batez kontzerturik ez zuen eman, eta 1996. urtera arte ez zuen estudioko disko gehiago kaleratu.
Gozategik 1995ean kaleratu zuen bere lehen diskoa, baina taldekideek Lertxundiri dioten miresmenaren jatorria aurkitzeko, denboran atzerago egin behar da. “Txikitan hasi nintzen Benitoren musika entzuten. Etxean entzuten genuen, irratian eta kaseteetan, artean oriotarra zela jakiteko ere kontziente ez nintzela”, gogoratu du trikitilariak.
Gozategik ez daki definitzen zer ematen dion Lertxundiri bere xarma, beste inorekin ezin nahas daitekeen estilo hori: “Ez dakit zehazki zerk erakarri ninduen haren musikatik. Zerbait hori. Dakidan bakarra da zerbait ezezagun horrek erakarri ninduela, eta oraindik orain erakartzen nauela, erremediorik gabe”.
Aurrera begira
Definitzen zaila den gaitasun edo ezaugarri hori izan daiteke Lertxundiren emankortasunaren arrazoia. Jendaurrean lehen aldiz 1963ko azaroaren 22an abestu zuen, Orioko Salsamendi hotelean. La Voz de España egunkariak antolatzen zuen kantu txapelketa batean izena eman, eta bigarren gelditu zen. Horri esker, Kataluniatik bueltan zegoen Mikel Laboak horren berri izan zuen, eta harremanetan jarri zen Lertxundirekin. Ondorengo guztia aski ezaguna da: Ez Dok Amairuren iraultza, bakarkako lehen disko gogoangarriak, Zuberoako ohitura eta folklorearekin izandako maitasun harremana, intimismorantz egindako eboluzioa… Dena egin du Lertxundik. Eta dena du egiteko oraindik.
Lertxundi-Cohen paralelismoa gogora ekarri du Jabier Muguruzak berriz: “Hark hainbeste miresten duen Leonard Cohenek, 80 urte betetzera doan honetan, disko berri bat plazaratuko du aurki. Horixe bera opa diot nik Benitori, jarrai dezala urte askoan lanean, orain arte bezala”.
Horixe baita poeta quebectarrak munduari emandako lezioetako bat: “Ez naiz pertsona nostalgikoa. Ez dut atzera begiratzen, ez damutzeko ezta neure burua zoriontzeko ere. Horregatik, ez dut damurik, ezta neure burua zoriontzeko aukerarik ere”. Musikari handiek ez baitakite zein den kantu onen lurraldea. Baina lurra ereiten segitzen dute.
Leave a Reply