Dena alferrik bada

Orduan zer? Ekainaren 17an bozkatuko da Itziar auzo udal izatearen afera Debako Udalean, eta onartzen ez bada, Itziarren ez da beste galderarik izango. Nola iritsi gara, baina, honaino:

– Itziarri eskatu zaio: segregazio asmoak albo batera uztea. Eta Itziarrek konplitu du.

– Itziarri eskatu zaio: kontsentsu politiko zabala bilatzea. Eta Itziarrek konplitu du.

– Itziarri eskatu zaio: legearen eta arauen barnean aritzea. Eta Itziarrek konplitu du.

– Itziarri eskatu zaio: Debaren bideragarritasuna bermatzea. Eta Itziarrek konplitu du.

– Itziarri eskatu zaio: parte hartze zabaleko herri galdeketa egitea. Eta Itziarrek konplitu du.

– Itziarri eskatu zaio: herri galdeketan Auzo Udalak babes zabala izatea. Eta Itziarrek konplitu du.

Hori guztiori gutxi balitz, itziartarren %95ek auzo udalaren alde bozkatu zuten maiatzaren 25eko galdeketan.

Aitorpen administratiboaren izenean, Itziarrek eskatu zaion guztia konplitu du. Pausoz pauso, bata bestearen atzetik baldintza guztiak bete ditu. Eta orain? Zer demontre gertatuko da aitorpen hori ematen ez bada? Inolako aitorpen administratiborik gabe jarraituko dugula, autonomiarik gabe; ez bagina bezala, luzaroan.

Auzo udalaren proiektuak Debako Udalaren gehiengoa alde duen arren —Ezker Abertzalea, Aralar eta Itziar Herria Sortzen—, legeak bi herenen babesa eskatzen dio, eta bi boto falta dira horretarako. EAJ, EA edo Ezker Anitzako zinegotziek alde bozkatu beharko lukete.

Dagoeneko amorrazioa nagusitzen ari da Itziarren. Dena alferrik bazen, zergatik eskatu zaizkigu horiek guztiak itziartarroi? Engainatuak sentitzen gara, adar jotzea izan da hau guztia. Itxaropen faltsuak emanaz alferrik zorabiatu gaituzte.

Dena alferrik bada, Itziarri jarri zitzaizkion baldintzok ez ziren baldintzak, amarruak ziren. Debaren bideragarritasun bermeak edota galdeketa, huts egin eta Itziarri aurpegiratzeko jarriak. Baina gainditu direnean aintzakotzat hartu nahi ez direnak. Dena alferrik bada, itxaropenik ere ez da. Frustrazio mortala bakarrik. Nor egiten da erantzule?

Legea betetzea, kontsentsu politikoa bilatzea, botoen %95 eskuratzea… eskatutakoa fin-fin betetzea alferrik bada, gure gizartea zertan da aurrerakoia? Zertan da demokratikoa?

Dena alferrik bada, dena gezurra da. Demokraziari buruz esan zaiguna gezurra da; elkarbizitza hobetu nahi dela gezurra da… Egia bakarra inposizioa da. Eta horren aurrean zer?

Inork ez du ataka horretaraino iritsi nahi. Eta garaiz gaude oraindik. Erabakiak arduraz hartzeko denbora daukagu. Horregatik, EA, EAJ eta Ezker Anitzako zinegotziei auzo udalaren aldeko botoa emateko eskatzen diegu. Eta dei egiten diogu euskal jendarteari igandean Deban egingo dugun giza katean parte hartzera, eguerdiko hamabietan hasita, Plaza Zaharrean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.