Elikadura burujabetza garatzeko lankidetza

Gipuzkoako Foru Aldundiak, “gizarte aske bat eraikitzeko ahaleginean”, elikadura burujabetzaren alde egiteko bi lankidetza hitzarmen sinatu ditu. Hala, 150.000 euroko laguntza emango dio Via Campesina erakundeari, eta 50.000 eurokoa Etxalde mugimenduari.

Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuaren arabera, foru aldundiak bat egin du Euskal Herriko nahiz nazioarteko nekazari mugimenduekin: “Aurrera egingo dugu gizarte emantzipatu bat eraikitzeko ahaleginean, modu osagarri eta koherentean, hegoaldean nahiz iparraldean; maila lokalean, nahiz orokorrean”. Asteazkeneko agerraldian, Nazioarteko Lankidetzarako foru zuzendari Arantzazu Santos, Via Campesinako Europako koordinatzaile Paul Nicolson, Etxaldeko Esti Besa eta Jon Geresta Gipuzkoako ekoizlea izan ziren.

Aldundiak eredugarritasuna aitortu dio Via Campesinari, nazioarteko giza mugimendu garrantzitsutzat jota: “Hari esker eraiki da mugimendu egituratu eta demokratiko bat, izaera eraldatzailea duena eta bost kontinenteetako nekazarien borrokak elkartzen dituena”. Uneotan, Etxalde mugimendua ezaugarritzeko erronkan dihardute Via Campesinakoek. Euskal ekoizleak daude Etxalderen oinarrian, eta kontsumitzaileek ere parte hartzen dute. Etxaldek foru aldunditik jasoko duen diru laguntzari esker, prestakuntza politikoa landuko dute ekoizleekin, eta nekazariek agroekologian trebatzeko aukera izango dute.

Konferentzia Euskal Herrian

Hemendik hiru urtera, Via Campesinaren VII. Nazioarteko Konferentzia egingo dute Euskal Herrian. Ordurako, garrantzitsutzat jo dute “elikadura burujabetzaren aldeko mugimendua erreferente bilakatzea”. Rodriguez diputatuaren arabera, beharrezkoa da elikadura burujabetza babesteko eta garatzeko estrategia bateratua. Horregatik, “lankidetza publiko eta soziala babesten duen politikaren alde dihardu aldundiak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.