Bergarako kartzela zaharrean dagoen gaztetxeak hamalau urte bete ditu jada. Horregatik, bergararrek ahalegin berezia egin dute egitarau zabal eta osatu bat prestatzeko. Adin guztietako pertsonentzat osatu dute jai egitaraua, gaztetxea herritar ororen gunea izan dadin. Bergarako Gazte Asanbladako kideen esanetan, “plazer astea” da antolatu dutena.
Gaur, giza xakea egingo dute, 19:00etan, San Martin plazan. Horren ondoren, pregoia irakurriko dute. 20:00etan, suzko erroberak izango dira gaztetxearen kanpoaldean. 22:30ean, berriz, Imanol Itui?o magoaren ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da.
Bihar, larunbatarekin, kantu afaria egingo dute gaztetxean. Bertan izan nahi duenak izena eman behar du, bergarakogaztetxia@gmail.com helbidera idatzita. Igandean ere ekitaldi ugari eskainiko dituzte gaztetxean, umeen eguna izango baita: 12:00etan, 6 urte arteko haurrentzako jolasak egingo ditu kartzela zaharreko haur eta gurasoen elkarteak. 14:00etan, bazkaria egingo dute gaztetxean, eta, jarraian, ipuin kontalari baten ikuskizuna ikusteko aukera izango dute umeek. Gaur da igandeko bazkarian izena emateko azken eguna. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, 6 eta 12 urte bitartekoentzako jolasak eskainiko dituzte, eta gero, sorpresa bat izango dela aurreratu dute antolatzaileek.
Hilaren 16an, astelehenean, Nafarroari buruzko liburu aurkezpena eta hitzaldi-solasaldia egingo dituzte, 18:00etatik aurrera, Erlantz Urtasun historialariaren eskutik. Hurrengo egunean, berriz, Zibergara: urtebete saretzen hitzaldi-solasaldia eskainiko dute, 18:00etan. Handik ordubetera, berriz, Etxepare RAPen kontzertua egongo da, Imanol Epelderen proiektu berria.
Hilaren 18an, asteazkenean, Ttiklik elkarguneko kideek, adimen emozionala lantzeko, antzerkia eta jolasa uztartzen dituen Emozioak Antzezten tailerra eskainiko dute, 18:00etan.
Bergaran, aste osoan.
Leave a Reply