Iker Imazek (Hernani, 1980) Kubbbit enpresarako lan egiten du. Hura da HorKonpon aplikazioaren sortzaileetako bat.
HorKonpon aplikazioak zer abantaila eskaintzen dizkie erakundeei?
Herritarrekin komunikazio kanalak sendotzen ditu, gertutasuna emanez eta mezuak bidaltzeko erraztasunak eskainiz. Gainera, nolabait, herritarrek udalerrien hobetze prozesuan parte hartzen dute. Udalek, kasu askotan, ez dute gaitasunik dauden matxura edo akats guztiak ikusteko, baina herritarrek, HorKonpon erabilita, horien ardura izan dezakete, eta dagokionari abisua eman. Gero eta begi gehiago, hobe.
Errenteria, Pasaia, Hernani… Gipuzkoako bestelako zein herrietan erabil daiteke?
Gipuzkoako edozein lekutan erabil daiteke, ez dago udalerri konkretu batzuetara mugatuta. Herri batera bidaltzen den lehenengo gertakariarekin batera, dagokion udalarekin harremanetan jartzen gara gu, aplikazioaz hitz egiteko. Orain arte jaso dugun harrera oso ona izan da.
Oraingoz, udaletxe gutxirekin hitz egiteko aukera izan dugu, eta horietako gehienak sistema aztertzen ari dira oraindik; besteak beste, Villabona, Ibarra eta Urnieta. Errenteria, Pasaia eta Hernanirekin batera, HorKonpon-eko gertakariak bidaltzeko onarpena eman digute Tolosak, Irunek, Lasarte-Oriak eta Donostiak. Hala ere, esan bezala, Gipuzkoako herri guztietan erabiltzera gonbidatzen dugu jendea.
Erabiltzaileentzat zein abantaila ditu HorKonpon aplikazioak?
Batez ere, udalekin harremanetan jartzeko erraztasuna; telefonoa eta posta elektronikoa erabiltzea baino errazagoa da, eta askoz erosoagoa. Sakelakoarekin argazki bat atera, nahi bada ohartxo bat gehitu, eta kito. Besterik ez da egin behar. Horrez gain, bidaltzen dugun mezua udalerriaren kudeaketa sisteman sartuko den ziurtasuna izango dugu, bitartekaririk behar izan gabe.
Zergatik garatu duzue aplikazioa software librean?
Batez ere bikoiztasunak saihesteko. Udal bakoitzak ez du bere aplikazioa beharko; HorKonpon udalerri guztientzat da, salbuespenik gabe.
Kubbit enpresan uste dugu erakunde publikoek eskatzen dituzten garapen informatiko guztiak software librean garatu behar direla. Diru publikoa denez, garatutakoak ere publikoa izan beharko luke.
Gainera, denon hoberako da, software librean izanda hobekuntzek ere denontzat izan behar dutelako derrigor.
Leave a Reply