Udalak dira herritarrek gertuen dituzten erakundeak, baina, hala ere, handiegia izaten da maiz bi aldeen arteko distantzia. Gertutasuna helburu, udal askok ekin diote teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatzeari. HorKonpon aplikazioa da bide horretan eginiko urrats berri bat. Kubbit enpresak sortu berri du, eta telefono deiak, instantziak eta bestelako burokrazia kontuak gainditu eta herritarrei kalean topatzen dituzten matxuren berri emateko bidea erraztuko du.
Aurreko asteazkenean aurkeztu zuten, Pasaiako udaletxean. Errenteriako eta Hernaniko udalekin elkarlanean aritu dira Pasaian HorKonpon aplikazioa herritarren esku jarri ahal izateko, baina aplikazioa Gipuzkoa osoan erabil daiteke.
Egitasmoak foru aldundiaren laguntza izan du, eta, besteak beste, udalen eta herritarren arteko komunikazioa “erraztea” eta “azkartzea” du helburu.
Ezaugarri teknikoak
Sakelakoan instalatzeko doako aplikazioa da HorKonpon, software librean garatutakoa. Herritarrek, telefonoarekin kalean topatzen dituzten matxuren argazkiak egin, nahi izanez gero oharra gehitu, eta bidali. Besterik ez dute egin behar erabiltzaileek.
GPSaren bitartez, sistemak matxura kokatuko du, eta mezua dagokion udaleko zerbitzuen departamentuan jasoko dute. Behin matxura konponduta, jakinarazpena igorriko diote mezua bidali duen herritarrari, konponketaren berri emanez.
Horretarako, baina, herritarrak bere datuak eman beharko ditu matxuraren argazkia bidaltzearekin batera, nahiz eta datu pertsonalak zehaztea hautazkoa izango den. Anonimoak ere izan daitezke mezuak, baina aplikazioaren bultzatzaileek datuak ematea gomendatu dute, udal langileek zalantzaren bat izanez gero argibide gehiago eskatzeko aukera izan dezaten. Igorlearen datuak soilik horretarako erabiliko dituztela agindu dute aplikazioaren kudeatzaileek.
Aplikazioa erabiltzeko erraza da, oso intuitiboa, eta euskaraz edo gazteleraz erabil daiteke. Android 2.2 edo berriagoeekin eta Apple iOS 6.1 edo berriagoekin erabiltzeko aproposa da.
HorKonpon aise bila daiteke Google Play-n edo Itunes-en, baina interesdunek Pasaiako edo Errenteriako udaletako webguneetan topa dezakete aplikazioaren deskarga zuzenean egin ahal izateko esteka.
Leave a Reply