Ideia uholdea, milioi erdi euro nola inbertitu erabakitzeko

Herritarrek ordaintzen dituzte administrazioen inbertsio guztiak. Zergen bidez, pertsona bakoitzak bere ekarpen txikia egiten die udal nahiz gobernuen aurrekontuei. Eta, hala eta guztiz ere, herriari oso gutxitan galdetzen zaio bere diruak izango duen erabilerari buruz. Errealitate hori nolabait konpontzeko sortu ziren partaidetzazko aurrekontuak. Aste honetan amaitu da Gipuzkoako Diputazioak abiaturiko egitasmo horren lehen fasea Urola erdialdean, Tolosaldean nahiz Oarso-Bidaso aldean, eta sustatzaileek ehunka proposamen jaso dituzte. Eskualde bakoitza hobetzeko neurri zehatzak aztertuko dituzte datozen hilabeteetan.

Egitasmoaren funtzionamendua sinplea da: eskualde bakoitzak 500.000 euroko aurrekontua du, eta herritarrek aukera izan dute diru hori nola gastatu behar den proposatzeko, ekainera arte. Oiartzualdean, 378 proposamen egin dituzte; Tolosaldean, 312; eta Urola erdialdean, 140. Bidasoaldean, berriz, iragan den igandean amaitu zen proposamenak aurkezteko epea, eta datu zehatzak ez dituzte argitaratu. Herritarrek hiru modu izan dituzte eskura aurrekontuetan parte hartzeko: tokian tokiko tailerrak, webgunea eta buzoietan banatutako inprimakiak. Gipuzkoako Aldundiak uste du guztira hirurehundik gora lagunek egin dutela ekarpena. “Tailerretara etorri diren herritarren artean, oso jarrera positiboa eta eraikitzailea ikusi dugu, oro har”, adierazi dute parte hartze prozesuaz arduratu diren aholkulari taldeetako kideek.

Ideia uholdea jasota, proposamen guztiak mahai gainean jarri zituzten eskualde bakoitzean. Batzarrak antolatu zituzten horretarako propio Errenterian, Zestoan nahiz Tolosan. Galbahea egin ostean, hogei bat proposamen zehatz aurkeztu dizkio eskualde bakoitzak diputazioari. Proiektuak egingarriak diren eta zenbateko kostua duten aztertuko dute teknikariek, datozen hilabeteetan.

Alor guztietako ideiak jaso ditu aldundiak, baina ingurumenari, mugikortasunari, turismoari eta gizarte zerbitzuei dagozkien proiektuek piztu dute gehien herritarren interesa.

Mugikortasunari dagokionez, bidegorri sareak eta oinezkoentzako bideak egitea da gehienetan errepikatzen den eskaera; hainbat lekutako irisgarritasun arazoak konpontzea galdegin dute beste askok.

Ekoguneak eta euskara

Ingurumenarekin zerikusia duten beste hainbat proposamen ere egin dituzte Tolosaldeko, Urolako nahiz Oarso-Bidasoko herritarrek: besteak beste, proposatu dute biogasa bezalako energia berriztagarrien erabilera sustatzea, herri bideak berreskuratzea, bizikleta elektrikoen mailegu sistemak ezartzea eta eskualdeetako erreketan aisialdirako guneak atontzea.

Alegian, adibidez, ekogune bat sortzeko eskatu du parte hartzaileetako batek, “Hirugarren Munduko nahiz hemengo produktuekin, eta erabilitako arropen denda bat eta elikagai banku bat izango dituena”.

Gizarte politikaren alorrean, enplegu plan bat eratzea planteatu dute hainbat eragilek, langabeziari aurre egiteko. Horrez gainera, azpieskualde bakoitzean adinduentzako zentro bat jartzeak ere hainbat boto jaso ditu, eta, horrekin lotuta, baita zahartzaro aktiboari buruzko taldea sortzeko proiektuak ere.

Ideiak planteatzeko garaian euskararen defentsa ardatz hartu duenik ere bada. Hala, euskararen arnasguneen gaineko azterketa egitea proposatu dute Tolosaldean, hizkuntzari arnasa eta indarra ematen dioten herri euskaldunak identifikatzeko eta, hartara, baita ahulguneak detektatzeko ere.

Azkenik, aurrekontuetan parte hartu dutenek kulturari buruzko zenbait eskaera ere egin dituzte: besteak beste, kafe antzoki bat eraikitzea eta bertsolari gazteen txapelketa bat sustatzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.