Memoria gauza apetatsua da. Oroitzapen txikienak gordetzen dira sarritan bere baitan: usainak, irudiak, koloreak, soinuak… Txikiak ginela, baserritik Oriora egunean bitan jaisten ginen. Goizean, igeriketa ikastaroa izaten genuen herriko kanpinean. Arratsaldean, berriz, eguraldi ona egiten zuenean, ikasitakoa baliatzen genuen hondartzako olatu erraldoi haietan ibiltzeko izeba itsasertzetik zelatan zela. Oraindik ez dakit nola moldatzen zen lau haur kontrolpean izateko. Horretan, beste gauza askotan bezala, iaioa zen.
Bentatik Oriorako errepide estuan gora eta behera joan bitartean entzuteko, izebak bi kasete soilik izaten zituen autoan, bat Joselu Anaiak taldearena eta bestea Eganena. Arabako anaiek eta Xabier Saldiasek osatzen zuten gure txikitako soinu banda. Bost kilometroko bidea egiten genuen herrira jaisteko, eta beste hainbeste etxera itzultzeko. Gehienez, bost bat abesti entzuteko aukera izaten genuen bidaia bakoitzean.
Bidean era guztietako oztopoak izaten zituen izebak C15 autoa gidatzen zuela: oinezkoak, Itzaiz baserritik ihes egindako behiak, inguruari begiratzeko errepide bazterrean utzitako autoak, txirrindulariak… “Uhhh tren bidaia” abestuz umorez hartzen zituen errepide estu horretan egin beharreko aurreratzeak. Martxa bizkorrean egiten zituen gehienetan, gainera.
Kasu bakar batean etsitzen zuen inor aurreratu gabe. Izan ere, bizikleta urdina ikusi orduko balaztari sakatzen zion. “Hara, gaur egiten duen beroarekin eta bizikletan badoa berriz ere Bentara bidean”, esaten zuen izebak. Azkar batean, aurreko bi eserlekuen tartetik begiratzen genuen izebak balaztei sakatzeko arrazoia ezagutzeko. Leihotik begiratzea jakin-minari aurre egiteko modua izan zitekeen, baina hori egitea erabat debekatua zegoen. Azkar oihukatzen zuen izebak: “Itxi berehala leiho hori”.
Bizikleta urdinean Oriotik Bentarako bidea ia egunero egiten zuen. Hura ikusi orduko, izeba, autoko musikaren bolumena jaitsi, eta abesten hasten zen: “Urrundik heldu naiz bidez bide…”. Lau lehengusuak isildu egiten ginen izeba abesten entzuteko. Martxan zen berriz ere udaro errepikatzen zen soinu banda. “Abesti hau bizikletako gizonak, Benitok, abesten du”, errepikatzen zuen izebak abeslaria hankako giharretan indarka maldan gora zihoala.
Batzuentzat Benito da, besteentzat Lertxundi. Mirotza traineruaren jarraitzaile sutsu ere deitzen diote. Guretzat, bizikleta urdineko gizonari eman diote Gipuzkoako Urrezko Domina.
Leave a Reply