“Senarentzat egokia den mundu bat eskaini behar diogu haurrari”

Konfiantzaren pedagogia praktikatzen dute Arizmendi (Debagoiena), Aranzadi (Bergara) eta Azkue (Lekeitio) ikastoletan. Pedagogia berritzaile horren oinarrian dago Rafael Cristobal psikiatra eta irakaslea (Bilbo, 1938). Urtetan dabil Arizmendin aholkulari, eta bertako Guraso Eskolaren sustatzailea ere bada, baina aurretik ere ibilbide aberatsa du: besteak beste, Mondragon Unibertsitatean irakasle aritu zen, eta Hazitegi ikerketa proiektua sortu zuen. 2010ean, El niño en la mirada del conocimiento. Una pedadogía de la confianza liburua idatzi zuen. Asteartean, berriz, Sujeto y comunidad liburuxka aurkeztu zuen, eta Orioko Herri Ikastolan Herri hezitzailea gai hartuta jardun zuen Andoni Mujikarekin batera.

Konfiantzaren pedagogia zertan oinarritzen da?

Arizmendin iraultza bat abiatu genuen, eta gero beste ikastola batzuk gehitu zaizkigu. Haurrarengan konfiantza eduki behar dela frogatu du zientziak, susmopeko pedagogiaren gainetik. Landare eta animalia guztiek bezalaxe, haurrek ere sena daukate, eta hori ez da irakasten; landu egiten da. Haurrak garapenaren legea dakar bere baitan, eta horrek erraztu egiten du heziketa: egin behar dugunaren seinaleak helarazten dizkigute haurrek gurasooi edota hezitzaileoi. Beraz, seinale horiei erantzunez hezi behar da haurra: negarrez ari bada, zerbait gaizki egiten ari gara, zerbait deuseztatzen ari gara, baina irribarre egiten badu, ondo dago. Seinaleei erantzunez gero, haurra emozionalki eta intelektualki ondo garatuko da.

Errespetuan eta haurraren eskari horri erantzun egokia ematean oinarritzen da konfiantzaren pedagogia. Ez da doktrina idealista bat, zientziak dioenari jarraitzen baitio.

Eta nola jakin daiteke zein den erantzun egokia?

Adibidez, haurra gauean negarrez ari bada, hartu egin behar da, zerbaitegatik ari da negarrez, eta bakardadearen sufrimendua oso gogorra da. Horixe dio zientziak, primateak eta gizakiak ikertu ondoren. Kontaktua eskatzen badu haurrak, kontaktua emanez erantzun behar da. Bosgarren hilabetetik aurrera, jakin-mina piztuko zaio haurrari, eta inguruko gauzetaz interesatzen hasiko da; orduan, eskura gauzak jarriko dizkiogu. Etxea ere haurrarentzat egokitu behar da; ez dugu ahaztu behar etxe hormadunak iraultza neolitikoarekin datozela. Baina, aurretik, urtetan, gizakiaren eremu naturala oihana izan da, landa. Hortaz, haurra beldur bada, lasaitu egin beharko dugu. Azken batean, inguru naturala, ekologikoa eskaini behar diogu haurrari, senarentzat egokia den mundu bat, eta gero, inteligentzia datorrenean, inteligentzia erritmoak errespetatu beharko zaizkio.

Guraso Eskola ere baduzue. Gurasoek ere heziketarako beharra al dute?

Batetik, heziketa tradizional bat dago, eta Euskal Herrian nahiko ona izan da. Kultura bakoitzak du berea: Afrikan eta Hego Amerikan, haurrak amaren gorputzari lotuta hazten dira. Hemen, ordea, ez. Euskal Herrian seaska kantu zoragarriak ditugu; horrek esan nahi du haurra distantzian hazia izan dela. Ordea, kulunkatuz eta kantuen bidez beti gertu eta behar duenerako hor norbait duela antzematen du haurrak. Gure kulturako ondare oso garrantzitsua da hori, baina emakumea lan mundura sartzearen ondorioz galtzen joan dena. Gainera, amaren eta haurraren artean beti egoten ziren belaunaldi bat baino gehiago haurra zaintzen. Baina zaintza edo hezitzeko transmisio hori ere galdu egin da eskolaratzearekin. Bestetik, mundializazioarekin lan erritmoak aldatu egin dira, eta gurasoek bi, hiru edota lau txandatara egiten dute lana. Horregatik, eskolak gurasoei lagundu egin behar die haurraren heziketan. Guraso Eskolan, batetik, tradizioak berak dakarrena lantzen dugu, eta, bestetik, zerbait aldatu behar bada, aldatzen lagundu.

Ikastolaren barruan zer aldatzen da?

Esaterako, gure ikastolan 5 urteko haurrak txikiagoekin batera ere egoten dira, hezteko transmisio hori helarazteko. Ikastola guztiz aldatu behar da. Gurasoak ikastolan umea utzi eta lasai joan behar du lanera, jakitun etxean bezala edo hobeto dagoela utzi duen tokian. Azken batean, gurasoek euren betebeharrak ondo betetzeko hezitzaileen laguntza behar dute. Ikastolak arkitektonikoki ere modu berezian antolatuak ditugu, hormarik gabe, eremu zabalean, haurrak igo, jaitsi eta mugi daitezen. Gela barruetan zuhaitzak eta guzti ditugu.

Eta pedagogia berritzaile hori kalean nola egiten da?

Horrekin lotuta, berriki atera dut Bagara elkartearekin Sujeto y comunidad liburuxka. Batetik, aldatu behar den eskolako heziketa modu bat daukagu, eta horretan ari gara; haurren eta gazteen lege emozionalak, instintiboak eta intelektualak errespetatuz. Bestetik, familia bizitza dago, eta familia erritmoak. Eskolaren, familia bizitzaren eta loaren denboraren artean, heziketa informala dago, oso garrantzitsua; hor aipatuko nituzke gaztetxeak eta gazteen ekimenak. Esaterako, joan den igandeko Gure Esku Dago-ren giza katea eskolaz kanpoko heziketa bat da, oraindik herri honetan taupadaka baitago komunitate zentzua eta ekintzarako ahalmena. Ikastola ere herri mugimenduaren barruko beste eragile bat da, gizarte zibilak sustatzen baitu. Herri batean eragile guztiek dute bere balioa.

Gero, kaleko hori nola txertatu behar da ikastolan?

Adibidez, Orion, Benito Lertxundi kantaria dute. Bada, egin dezagun ikastolako musikako aholkulari, haurrek kultura eta tradizio musikal hori eguneratuta jaso dezaten. Ez bakarrik hezitzaileek eta gurasoek, herriak eta herritarrek ere presente egon behar dute haurren heziketan: herriko poetek, artisauek eta abarrek. Haurren heziketak zuhaitz bat izan behar du, herriko kulturan eta tradizioan sustraitua. Hau politika egiteko era bat da: herri bat egiteko subjektuen eraikuntzan oinarritua. Alde horretatik, Euskal Herria oso interesgarria da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.