“Txorizoa eta ardoa ekartzen digute, garai batean bezala”

Garai batean, Brigada Forestal gaztelaniazko izena zuen Joxemari Urdanpileta andoaindarraren eta Joxe Krutz Labak lastearraren lantaldeak. Hortik datorkie izena: brigadistak. Baso lantaldea osatzen dute biek ala biek, baina basolana bainoago, ingurumenari lotutako arazoak konpontzen dituztela diote.

Zertan datza “brigadisten” lana, zehazki?

JOXE KRUTZ LABAKA: Basolana esaten diote guk egiten dugunari, baina, berez, ingurumenarekin zerikusia duten lanak egiten ditugu. Besteak beste, baserri bideetako bazterrak garbitu, Leitzaran ondoko landaguneetan mantentze lanak egin, ibai bazterretatik sastrakak kendu… Orotariko kontuak, ingurumenarekin zerikusia dutenak. Azkenaldian, adibidez, konpostagailuarekin ari gara lanean.

Joxemari Urdanpileta: Batez ere, herriko bideak mantentzea, kontrolatzea eta garbitzea da gure lana. Askotan, jendeak botatako gauzak jaso behar izaten ditugu: koltxoiak, komuneko ontzi zaharrak edota auto bateko piezak.

Halako lanak egiteko, udaleko beste sail batzuekin elkarlanean ibiltzen zarete?

J.K.L.: Gauza batzuetarako eskatzen digute elkarlan hori, baina gehienetan ez da behar. Arlo bakoitza ongi zehaztua dago.

Zein da lanean ikusi duzuen gauzarik bitxiena?

JOXEMARI URDANPILETA.: Urte asko daramatzagu lan honetan, eta denetarik ikusi dugu. Diogenes sindromeak jota, zabor guztia etxean biltzen zuen pertsona baten etxera sartu behar izan dugu pare bat aldiz, eta izugarria izan da. Pelikula batetik ateratakoak ematen dute halako egoerek.

J.K.L.: Behin, arkoi izozkailu handi horietako bat botata aurkitu genuen Martin Ugalde kultur parkearen atzean dagoen zabortegi batean… eta haragiz betea zegoen oraindik! Dena ustelduta zegoen. Nazkagarria izan zen hori ere. Dena den, ikusitako guztia ez dira kontu itsusiak izan; gauza ederrak ikusteko aukera ere izan dugu askotan.

Adibidez?

J.U.: Bada, lanean ari zaren bitartean basurdeak edo oreinak ikustea oso polita da.

J.K.L.: Hainbat gune naturaletara joan behar izaten dugu lanera, eta txorien habiak ikusteko aukera ederra da hori.

Zuena ez da, beraz, bulegoko lana…

J.U.: Ez. Egun guztia kanpoan ematen dugu, gauza bat ala bestea konpontzen. Oro har, gustura egiten den lana da.

J.K.L.: Nik ez dut sekula eraikin baten barruan lan egin. Ohitua nago bizimodu honetara. Badu bere alde txarra, jakina, baina eskertzekoa da kalean edo mendian lan egitea, askotariko zereginak ditugulako, jendearekin harremanetan gaudelako, eta abar.

Askatasun handiko lana ematen du.

J.U.: Erabatekoa. Ez diozu buruari eragiten: musika entzuteko entzungailuak jarri eta hortxe ibiltzen gara sastrakak kentzen edo dena delakoa egiten. Egunero daukagu egiteko berri bat.

J.K.L.: Horixe. Monotoniarik gabeko lana da. Badira zeregin asko pilatzen zaizkigun boladak, noski, eta lanaldia nekagarria izan daiteke, baina ez dugu errutinarik.

J.U.: Lan batekin hasi, eta, horretan ari garela, nagusiaren deia jasotzen dugu: “Utzi egiten ari zaretena. Zuhaitz bat erori da ez-dakit-non, eta jaso egin behar duzue”. Eta halaxe ibiltzen gara, gora eta behera.

Alde txarrak daudela esan duzue. Zeintzuk dira horiek?

J.K.L.: Eguraldia, batez ere. Euria egiten badu, deserosoa izan daiteke lanera ateratzea eta bustitzea.

J.U.: Baina kalera atera eta zirimiria egiten badu, buzoa jantzi eta prest gara berriz. Hori ez da arazo handia. Motozerrekin ibiltzeak dakarren arriskua aipatuko nuke nik, arbola gainera eror dakizukelako, edo zerrarekin min har dezakezulako.

Urteko zein sasoitan izan ohi duzue lan gehien?

J.K.L.: Orain, uda hasieran. Belarra gehien hazten den unea da, eta orduantxe izaten ditugu guk buruhausterik handienak. Herribideak txukuntzeko lan gehienak ere garai honetan eskatzen dizkigute.

J.U.: Jende gehiena batera hasten da kexatzen, toki batean edo bestean belarra hazita ikusi dutelako… Askotan ez gara dei guztietara iristen.

Zuek biok osatzen duzue baso lantaldea ala behargin gehiago daude?

J.K.L.: Berez, taldea guk biok osatzen dugu, baina, batzuetan, Gipuzkoako Diputazioko diru laguntzekin kontratatzen dituzten aldi baterako langileak gurera bidaltzen dituzte. Izan ere, guk egiten dugun lanerako ez da aparteko prestakuntzarik behar, eta edonork ikas dezake sasiak garbitzeko tresnak erabiltzen. Orain arte, adibidez, bi pertsona izan ditugu gurekin lanean, eta uztailean beste bat bidaliko dute.

Zuen lana baloratzen al dute herritarrek?

J.K.L.: Bai, batez ere, ikusten den lana delako. Egiten duguna hortxe dago, begien bistan, eta horrek gure alde egiten du.

J.U.: Oraindik orain, zenbait tokitan hamaiketakoa ekartzen digute herritarrek, eta hortxe ikusten da lan honi zaion estimua. Beren baserritik hurbil lanean ari garela ikusi, eta txorizo punta eta ardo botila ekartzera etortzen dira batzuk. Garai bateko auzolanaren oroitzapenak gordetzen dituzte.

J.K.L.: Gaur egun, ez da oso ohikoa pertsona bat lanean ikusi eta hamaiketakoa eramatea, baina aspaldi, herriko bideen garbitzea auzolanean egiten zen, eta hori egiten zutenei jatekoa eta edatekoa ematen zitzaien. Gaur egun, guk egiten dugu lan hori, eta jendeak kontzeptu bera dauka oraindik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.