“Umea nintzela, nirekin sartzen ziren familia marokoarra nuelako”

20 urte ditu, eta Urnietan bizi da. “Ama [Abiba Bousebtaoui] marokoarra dut, eta aita [Emeterio Fernandez] tolosarra da”. Duela 26 urte etorri zen Bousebtaoui, lana behar zuelako.

Uste du bere amari ez diotela horrenbeste eragin zurrumurruek: “Oso ongi moldatu da hemen, eta ez dit inoiz gaizki pasatu duenik esan”. Baina berari eragin izan diote: “Umea nintzela, nirekin sartzen ziren familia marokoarra nuelako”. Denboraren poderioz, gainditu ditu zailtasunak: “Ingurukoek badakite nolakoa naizen, nire familia nolakoa den; badakite ez garela ezer gaizki egiten ari”. Fernandezek berak ere ikasi egin du: “Badakit orduan txikiak ginela, ingurukoek ezjakintasuna zutela eta aurreiritziak baino ez zirela”.

Inork ez dio esan, baina uste du jendeak Marokoko emakume bat hemengo gizon batekin ezkonduta ikustean aurreiritziak izaten dituela: “Paperak lortzeagatik egin duela edo”. Fernandezen gurasoen kasua ez da hori: amak bazituen paperak aita ezagutu zuenerako, “eta hemengo edozein bikote bezala hasi ziren”.

Aurreiritzi asko daudela uste du, “marokoarren, errumaniarren zein latinoen kontra, bereziki”. Lana kentzera datozela edo lapurrak direla esaten du jendeak. “Posible da lauzpabost halakoak izatea, baina hemengoak ere izan daitezke! Orokortzea ez da egokia. Denak ezagutu gabe ez hitz egiteko esango nieke. Gure familia kanpotik etorria da, baina hemengo gazteak ere badoaz kanpora lan bila”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.