Lurpeko munduan murgildu eta kobazuloek zer ezkutatzen duten gertutik ezagutzeko, hainbat irteera antolatu ditu Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak. Hain justu ere, espeleologian adituak direnen eskutik Aralar Natur Parkearen Gipuzkoako eremuaren sekretuak eta altxor txikiak erakutsiko dituzte. Espeleologia ezagutzak ez dituztenentzat prestatutako bisitak izango dira.
Lurpeko eremuen ikerketaz eta zaintzaz arduratzen da Felix Ugarte elkartea, eta haiek arduratu dira, Parketxe Sarearekin elkarlanean, bi irteerak antolatzeaz. Akaitz Txiki 2 kobara egingo den irteera espeleologikoa da lehena, uztailaren 5ean. Goizeko 09:30ean jarri dute ordua, Lizarrustiko Parketxean, eta 10:30ean Errekabeltzeko langan. Akaitz Txikira bidean fenomeno karstikoak, sarbegiak eta muinoak ikusiko dituzte, eta Lareoko urtegia igarota, Akaitz Txiki mendira iritsiko dira. Bertan, Akaitz Txiki 2 kobara sartuko dira. Javier Busselo Felix Ugarte elkarteko espeleologiako kirol teknikaria Aralarren lanean aritu da, elkarteko beste hainbat kiderekin batera, eta Akaitz Txiki 2 aukeratzeko arrazoiak eman ditu: “Edozein sartzeko moduko koba delako aukeratu dugu”. Baina ez hori bakarrik: “Polita da, ikusgarria. Oso txuria da, eta estalagmitaz tapizatua dago”. Ondoren, Enirio ingurura joango dira. Bertatik, antiklinala, borgoniar barra eta Ataungo domoa ikusi ahal izango dituzte, besteak beste. “Aralar nola eratua dagoen azalduko dugu; Gipuzkoako eremuko Aralar, Nafarroakoa urrun xamar geldituko zaigulako”, esan du Busselok.
Antolakuntzak kaskoa, argiteria eta eskularruak eramango ditu parte hartzaileentzat, baina uretako oinetakoak eta aldatzeko arropa eramatea gomendatu dute antolatzaileek, eta zira-galtzak eramatea ere komeni dela. Guztira, bi orduko ibilaldia izango da.
Meatzarien Aralar
Bigarren txangoa geologia eta meatzaritza alorrekoa izango da, Arritzagako haranean, uztailaren 19an. Parketxe Sarekoek azaldutakoaren arabera, “inguru hori punta-puntako gunea da geologiaren eta meatzaritzaren ikuspegitik”. Aralarko geologia maila antzinakoenak ikus daitezke bertan, egitura konplexukoak, baita morrenetan jatorria duten biltegiak ere, Kuaternarioan gertatu zen glaziazio prozesuaren lekuko direnak.
Abiapuntua Amezketako Beratzeaga aparkalekua izango da, goizeko 09:30ean, eta haraneraino iristeko bi ordu inguruko ibilaldia egin beharko da. Hara iristean, lehenik eta behin meategi bat bisitatuko dute. Izan ere, Felix Ugarte elkartekoek egin dituzten indusketetan ikusi ahal izan dute duela milaka urtetik ustiatu dela kobrea Arritzaga inguruetan. Eneolitoan eta Brontze Aroan hasi ziren minerala ateratzen, eta Erromatarren aroan, Erdi Aroan zein XVIII. mendean jarraitu zuten, joan den mendeko erdialdean jarduera amaitu zen arte. Hala azaldu du Busselok: “Duela 4.500 urteko aztarnak aurkitu ditugu egindako indusketetan, erromatar garaiko zeramika ere bai, eta Behe Erdi Aroko ustiaketa zantzuak”.
Azken ustiaketa aldiko meatzarien herrixka nolakoa zen azalduko dute: eliza non zegoen, kantina eta langileen barrakoiak. Minerala lantzeko fabrika ere bisitatuko dute; baita inguruan dauden Historiaurreko nahiz Aro Modernoko aztarnak ere.
Azken boladan erabili zuten meatze batean ere barneratuko dira. “Meatze txikia izango da, 300 metro ingurukoa, ustiatzeari utzitakoan itxi egiten baitituzte”, azaldu du Busselok. Garai hartako dokumentuetan ikusi ahal izan dute meatze horrek bi edo hiru maila zituela eta oso sakona zela. “Ezingo gara barruraino sartu, baina berez oso sakona da”, dio espeleologoak.
Eguerdian ordubete inguru izango dute bazkaltzeko eta atseden hartzeko. Baratzeagara, aurreikuspenen arabera, arratsaldeko seiak ingururako itzuliko da taldea. Irteera honetarako ere materiala jarriko dute antolatzaileek. Parte hartzaileek, berriz, kontuan izan behar dute bost bat orduko ibilaldia izango dela.
Hamalau urte lanean
Felix Ugarte elkartea 2000ko maiatzaean eratu zuten, Arantzazun (Oñati), lur azpiko munduaz jakin-mina zuten hainbat lagunek. Uda horretan bertan Irunen jarri zuten euren bulegoa, eta, ordutik, hainbat eremutan egin dituzte azterketa lanak, eta bisita nahiz ezagutza irteerak antolatzen aritzen dira. Aralarren ez ezik, Ernion ere lan egin dute, baita Deban eta Mutrikun ere.
Leave a Reply