Jatorri ezaguna du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Eroski supermerkatu eta hipermerkatuetan saltzen den hegaluzeak. Euskal Herriko portuetan deskargatutako piezak dira gehienak, hemengoak. 2013an, milioi bat euro baino gehiago gastatu zuen Eroski taldeak euskal lonjetako hegaluzeetan. Aurtengo denboraldian, kopuru hori %30 handitu nahi dute. Izan ere, kooperatibak konpromisoa hartu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako saltokietan eskaintzen dituzten arrain gehienak herrialdeko portuetan erosteko, tokiko produktu freskoen alde egindako apustuaren barruan.
Iragan den astelehen goizean, adibidez, batez beste 2.800 kilo hegaluze eskuratu zituen Eroskik Hondarribiko portuko lonjan; hau da, enkantean jarritako kopuru osoaren %40, gutxi gorabehera. Sasoi honetan Euskal Herriko portuetara ailegatutako lehen hegaluzeak ziren, Ama Martina Gipuzkoako arrantzontziak harrapatutakoak.
Jaso eta berehala, Eroskik salgai jarri zituen arrainak Donostian, Usurbilen, Zarautzen, Arrasaten, Tolosan, Ordizian eta Urolan dituen hipermerkatuetan. Horrela hasi zuten hegaluzearen kanpaina.
Iazko abenduan, Eroskik eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu zuten, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako nekazaritza sektoreko elikagaien salmenta sustatzeko, eta itun horren barruan kokatzen da hegaluzearen kanpaina ere.
Lehen sektorea indartu
Tokiko nekazaritza industriari bultzada ematea da abenduko itunaren helburua. Horren barruan, hogei egitasmo baino gehiago abiatzea aurreikusi zuten Jaurlaritzak eta kooperatibak, hiru herrialdeetako ekoizleen bideragarritasuna bermatzeko eta enplegua sustatzeko, hemengo produktuen kontsumoa sustatuz.
Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak eta Eroskiko presidente Agustin Markaidek sinatu zuten hitzarmena. Egutegi bat ere zehazten zen han, kanpaina komertzial eta produktu jakin batzuen bidez Euskal Herriko lehengaiak sustatzeko eta nekazaritza arloko ekoizle txikiei laguntzeko. Itsasoko lehengaiei dagokienez, bi aldeek hitzarmenean adostu zuten lehentasuna ematea tradizioko arrantzari eta Euskal Herriko lonjetako produktuari, antxoaren, berdelaren eta hegaluzearen kanpainetan, batez ere.
Tapiaren esanetan, “herria ardatz hartuta” ondu dute hitzarmena Eroskik eta Eusko Jaurlaritzak. “Euskadiko ekoizpenaren zati handi bat ordezkatzen duen sektore profesional baten aldeko apustu garbia da gurea; Euskadi-Basque Country markari ekarpen izugarria egiten dioten produktuen komertzializazioa sustatzeko egitasmoa”.
Eroskiko presidenteak, bestalde, tokiko ekoizleen “aniztasuna” eta “kalitatea” nabarmendu zituen. “Eskualde bakoitzeko produktuak ez dira ekoizkin soilak: istorio bat dute kontatzeko, eta hori kontatu beharra dago, bertoko produktuak generikoetatik bereizte aldera”.
Hurbileko ekoizleak
Eroskik lankidetza hitzarmenak sinatu ditu Euskal Herriko 425 hornitzailerekin, eta 400 milioi euro baino gehiago gastatzen ditu urtean, nekazaritza arloko elikagaietan. Hornitzaile horien erdiak baino gehiago ekoizle txikiak dira, eta, hain zuzen, horiei erositakoa %23 ugaritu du kooperatibak. Gutxi gorabehera, neurri berean handitu da Euskal Herriko produktuen eskaintza Eroskiren saltokietan: 1.900 ziren duela bi urte; gaur egun, 2.300 baino gehiago dira, eta protagonismo osoa dute dendetan.
Enpleguari dagokionez, berriz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako nekazaritza sektorearen eta elikagaien industriaren %11 hartzen du Eroski kooperatibak. Zeharkako eragin handia ere badu, kalkulatu baitute 2.300 lanposturen gainean eragiten duela nekazaritza alorrean.
Leave a Reply