Euskal marinel gazteak Atlantic Challengen izango dira

Morbihanek (Bretainia) hartuko du bi urtetik behin nazioartean antolatzen den Atlantic Challenge topaketa. Pasaiako Albaola itsas kultur erakundea bertan izango da, eta haren eskutik, Euskal Herria, munduko beste nazioen parean.

Atlantic Challengeko bazkide osoa izan nahi zuen Albaolak, eta erronkari eutsita, aurten lortuko du. Horretarako, ontzi propioa eraikitzen ari da itsas kultur erakundea, eta tripulazioa osatzeko lanetan dabil. Lehen helburua hilaren 30aren aurretik lortuko du, egun horretan egingo baitute Pasaiako badian ontziaren uretaratzea, San Pedro jaietan. Tripulazioa osatze aldera, berriz, deialdia egin du Albaolako kudeatzaile den Herme Pedrosillok. “Egokiena 15 eta 22 urte arteko lau emakume lortzea litzateke, baina birekin ere moldatuko gara”.

Azaldu du tripulazioak orekatua izan behar duela: “Neska eta mutil kopurua parekatu behar da, eta ez da erraza izaten; handitzen ari bada ere, itsas kiroletan nesken presentzia ez delako handia”.

Orain 28 urte sortu zuten Atlantic Challenge, ontzien erabilera tradizionala hezkuntza arlora eramateko. “Ohartu ziren gazteek beren abileziak praktikan jartzeko aukerarik ez dutela, eta hainbat balio ere ez zirela lantzen: elkarlana, elkarbizitza… Horiek ontzi tradizionalen bidez lantzea otu zitzaien”, esan du Mikel Leoz Albaolako kultura programatzaileak.

Frantziako ontzi zaharrena

Ontzi eredu bat aukeratu zuten horretarako. Frantzian kontserbatzen den ontzi mota zaharrena: iola. Hamabi metro inguruko ontzi bat da, hamabi lagunek osatutako tripulazioarentzat. Garai batean, almiranteek erabiltzen zuten itsasontzi batetik bestera joateko. “Dotorea eta polita”, hala definitu du Leozek iola, “eta tripulazioari lan handia ematen diona. Hori gazteekin lan egiteko gainbalio bat da, denek dutelako ardura bat, zeregin bat. Gazte talde bat hartzen dute gero tripulazio gisa, eta irakasten diete ontzian ibiltzen, korapiloak egiten, belak erabiltzen, arraunean egiten…”. Leozek esan du amerikarrek eta frantsesek sortu zutela Atlantic Challenge, baina egun halako proiektuak lurralde askotara zabaldu direla.

Bi urtean behin, munduko herrialde batean bilkura egiten dute ikasitako hori partekatzeko. Nabigazio probak egiten dituztela azaldu du Leozek: “Ez dira estropadak; garrantzitsua ez da lehena edo azkarrena izatea, baizik eta dakizuna erakustea, eta horretarako, maniobra konplexuak, edota uretara eroritako pertsona bat erreskatatu behar izaten dute gazteek; abileziak garatzea da kontua. Esperientzia izugarria da gazteentzat eta guretzat”.

Hala ezagutu izan zuen esperientzia Aitor Edrosok. Pasaia Lezo lizeoko ikaslea zela hartu zuen parte Atlantic Challenge topaketan Ontarion (Kanada) 2010. urtean. Dibertsifikazio taldean zegoela ikastolan eta bere burua galdutzat emana zuela aitortu du Edrosok Albaolara heldu aurretik: “Bizi esperientzia izugarria izan zen; bestelako balioak lortzeaz gain, autoestimua handitzeko ere baliagarri suertatu zitzaidan”. Lau urte igaro dira ordutik, eta Bretainiara eramango duten iola eraikitzeko lanetan boluntario lanetan dabil Edroso orain, Brian MacClellan irakasle estatubatuarrarekin batera.

Horiez gainera, Europako Ontzigintza Eskolatik praktikak egitera Pasaiara heldu diren bi holandar, bi bretainiar eta beste estatubatuar batek osatzen dute taldea. Gainera, patroi lanak egingo ditu Edrosok Atlantic Challengen.

Mariñel Gazteak proiektua

Leozen esanetan, Euskal Herria itsasoko herria dela zabalduko du Albaolak lau haizeetara: “Irudi hori hedatu nahi dugu; maiz ahazten badugu ere, itsas historia luzea dugulako”. Albaolako kideak argi du nazioarteko topaketa aukera paregabea dela horretarako, gazteentzat batez ere. “Nabigazio tradizionalaren bidez bultzatzen dituen balioengatik, aukera ikaragarria da”.

Bestalde, Atlantic Challenge topaketa hutsa baino gehiago proiektu orokor bat dela esan du Pedrosillok. “Prestatze saioak egiten dira aurretik; kokatze historikoa egin behar dute parte hartzen duten gazteek; ontziaren eraikuntzan, teknologia eta diziplina piloa lantzen dituzte; taldean lan egiten hasten dira… Euren bizitza beste baten eskuetan eta besteena beraienean dutela sentitzen dute. Izugarria da”.

Urteak dira Albaola elkartean Mariñel Gazteak egitasmoa bururatu zitzaienetik, baina oraindik ere hura ekonomikoki babestuko duenik ez dutela aurkitu esan du Pedrosillok. “Proiektu interesagarria da oso, baina ezin dugu aurrera eraman, ez dugulako baliabiderik”.

Morbihaneko topaketara joateko ere ez dutela diru laguntzarik lortu gaineratu du: “Ez gara horretara jarri, bestelako proiektu handiekin gabiltzalako buru-belarri”. Horrenbestez, tripulazioko kide bakoitzak 300 euro ordaindu beharko ditu parte hartu ahal izateko, ez badute uztailaren 19a baino lehen diru laguntzarik lortzen.

Halere, Albaolako kudeatzaileak nabarmendu du ontzia egiteko materiala debalde lortu dutela, eta AEBetatik heldutako McClellan irakaslea ere dohainik ari dela lanean Albaolarentzat. Iola sei hilabetean eraikiko dute, hilaren 30ean uretaratzeko. McClellanek argi dauka ontziak egiteko prozesuan denbora luxu bat dela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.