“Familiako hirugarren belaunaldia naiz barkilloak saltzen”

Donostiako Kontxa pasealekua ezagutzen duen edonori egiten zaio ezaguna barkilloz eta patataz betetako bi saski handi dituen postua ikustea. Jesus Etxegoienek 16 urte zituenetik lan egiten du barkilloak eta patatak saltzen. Gaur egun, 47 urte ditu, eta ilusio handiz dabil ofizio horretan.

Familiako hirugarren belaunaldia da lanbide horretan, eta amonak hasitako ofizioari gogor eutsi dio Etxegoienek. Bere egin du tradizioa.

Noiz eta nola erabaki zenuen lanbide honetan hastea?

Familiatik datorkit barkillo edo olata saltzaile izatea. 1982. urtean hasi nintzen Kontxako hondartzan saltzen, 16 urte nituela. Lehendabizi, nire amona hasi zen; ondoren, nire amak jarraitu zuen, eta, gaur egun, nik hartu dut erreleboa.

Urte osoan zabaltzen duzu saltokia Kontxan?

Aste Santuan hasten naiz barkilloak saltzen, eta irail amaierara arte aritzen naiz horretan. Neguan, berriz, gaztainak saltzen ditut Donostiako Gipuzkoa plazaren alboan dagoen Elkano kalean. Gabonetan ere, kabalgataren egunean bi saskiak eskuetan hartu eta errege magoen atzetik joaten naiz euren ibilbideari jarraituz. Orduan ere asko saltzen da. Hilabete bat kenduta, urte guztian lan egiten dut, gauza batean ez bada, bestean. Euria egiten duen egunetan ezin izaten dut lanik egin; alde batetik, eguraldi horrekin ez delako batere saltzen eta, bestetik, barkilloak busti eta alferrik galtzen direlako.

Olatak zuk zeuk egindakoak dira ala nonbaitetik erosten dituzu?

Barkilloak nik egiten ditut nire arrebaren laguntzarekin.

Zer da beharrezkoa barkilloak egiteko?

Oso erraza da barkilloak egitea: nahikoa dira irina, azukrea eta olioa. Garai batean, eskuz egiten genituen, eta, horretarako, hiru osagai horiek irabiatu, eta, ondoren, txigortu egiten genituen. Amaitzeko, lehortzen uzten genituen gogortu arte, eta gogortutakoan, paketeetan sartu eta saldu.

Nola aldatu da olatak egiteko modua hasi zinenetik gaur egunera arte?

Hasieran eskuz egiten genituenez, prozesu luzea izaten zen. Gerora, ordea, Osasun Ministerioak makinak erabiltzeko agindua eman zigun, eta, ordutik, horrela egiten ditugu. Eskuz egiten genituenean, olatak bero zeudela tolestu behar izaten genituen, eta eskuak erretzen genituen askotan. Horrez gain, lehen, paper batean bilduta saltzen genituen, eta, solte gelditzen zirenez, sarritan apurtu egiten zen barkilloa. Orain, ordea, plastiko batean biltzen ditugu, eta pakete guztia itxita egoten da. Horrela, beroarekin ez dira alferrik galtzen, eta itxura hobea izaten dute.

Barkilloak izozkiarekin edo postreren batean gehigarri bezala jaten dira gehienetan. Oro har, zure bezeroek ere horretarako erosten al dituzte barkilloak?

Besterik gabe mokadu bat jateko erosten dituzte gehienetan bezeroek. Bere horretan jaten dute gehienek, gehigarririk gabe. Paseoan dabiltzan bitartean jateko erosten dituzte askok, tradizio handia baitago Donostian barkilloak erosteko.

Neguan gaztainak saltzen dituzula esan duzu. Alderik nabaritzen duzu produktu bat edo bestea saltzen duzunean?

Gauza bakoitza bere garaian egin behar da, eta, beraz, ezin dira bata eta bestea alderatu. Biak gustatzen zaizkit. Egia esan, orain, eguraldi onarekin, oso ongi egoten naiz hemen.

Hondartzaren ondoan egon arren, nekeza al da egunero postua jarri behar izatea?

Bai, hasieran ilusio handiarekin hasten zara, baina batzuetan astun samarra egiten da egunero traste guztiekin alde batetik bestera ibiltzea.

Zenbat ordu ematen dituzu egunean hemen?

Ordu mordoa pasatzen dut. Goizean, 11:00etan etortzen nahiz, eta 14:30ean joaten naiz bazkaltzera. Arratsaldean, berriz, 16:15ean etorri eta 22:00ak arte egoten naiz. Batzuetan gogorra izaten da; bero handia egiten duenean mundu guztia hondartzara joaten da, eta inbidia apur bat ematen du horrek. Lainotutako egunak izaten dira onenak. Jendea hondartzara joan beharrean paseoan ibiltzen da, eta jateko gogo handiagoa izaten dute, gainera.

Udalak inoiz jarri al dizu oztoporik hemen egoteko?

Ez. Gainera, nire familiak olatak saltzen daraman urte mordoa kontuan izanda, baimen historikoa daukagula esan daiteke. Urte hasieran baimena berritzearekin nahikoa dugu hemen egoteko. Udalak bi metro koadro ematen dizkigu bakoitzari. Garai batean postu mordoa jartzen ziren pasealeku honetan. Orain, berriz, gozokiak saltzen dituen postua eta ni bakarrik geratzen gara. Garai bateko saltzaile gehienek erretiroa hartua dute. Horrez gain, kalean jateko produktuak saltzen dituzten postuak jartzea debekatuta dago, herriko janari tradizionalak direnean izan ezik.

Horrenbeste urtez hemen izanda, jende mordoa ikusiko zenuen. Pertsona famaturik noizbait etorri al zaizu?

Udan pertsona famatu askotxo pasatzen da nire saltokiaren aurretik, baina ez dute ezer erosten. Iazko udan, adibidez, Jaime Peñafiel kazetaria izan zen hemen nirekin hizketan. Hizketaldi luzea izan genuen, eta zerbait erosiko zidala uste nuen. Baina, azkenean, ez zidan ezertxo ere erosi.

Pasadizo bitxiak ere zientoka bilduko zenituen, kalean saltzen eman dituzun urte hauetan guztietan…

Orain gutxi arte, Albako dukesa etortzen zen Donostiara sasoiko zegoenean, eta etortzen zen bakoitzean erosten zidan. Kosta egiten zitzaion nigana iristea, pasealekuan zebiltzan guztiak gerturatzen baitzitzaizkion, eta sekulako jendetza biltzen zen haren inguruan. Baina hona etortzen zen bakoitzean erosten zidan. Bezero ofiziala dela esan daiteke. Gainera, esan dudan bezala, ni ofizioan hasi aurretik, nire ama aritzen zen barkilloak saltzen, eta, dukesak hura ere ezagutu zuenez, etortzen zen bakoitzean amagatik galdetzen zidan.

Barkillo saltzaileak hiriaren ikurretako bat zaretela esaten dute askok. Jendearen maitasuna nabaritzen al duzu?

Bai, noski. Eguneroko bezeroak ditugu, eta oso harreman ona daukat haiekin. Gainera, eguneroko bezeroez gainera, urtero etortzen diren kanpotarrek ere ezagutu egiten naute, eta agurtu egiten naute.

Noiz izaten duzu bezero gehien?

Gehienbat asteburuetan pilatzen zait lanik handiena. Larunbatak eta igandeak dira negoziorako egunik onenak, hondartzak gosea ematen duelako, antza, eta askotan eguzkia hartzen ari direnak hona igotzen dira jateko zerbaiten bila.

Leave a Reply

Your email address will not be published.