Sofa gorrien eta koñaken egunak

Behin ilea zurituta lagunekin izango nituen tertuliak imajinatzen nituenean, belus gorriko besaulkiz betetako egongela erosoa azaltzen zitzaidan marraztuta. Koñaka izotzarekin edalontzi zabalean, eta literatura hungariarrari edo Sri Lankako azken gertakari politikoei buruzko solasaldi trinkoak. Aspaldi irudimenarekin egin nuen etorkizunerako jauzia basamortutik arrastaka osatu dut, eta dagoeneko amak bakarrik nauka gaztetzat. Baina eztabaiden antzeztoki hura ez dut bisitatu oraindik, are gutxiago gai mardul horiek jorratu. Hamarkadak badoaz, eta saloi noblean ez, ukondoa ostatuko barran dudala jarraitzen dut, garagardoa eskuan, adiskideekin ligatzearen misterioa argitu nahian.

Buruhaustea betikotzen lagundu du hiri handi batera salto egiteak. Haietan —ez dakit sekula kontatu dizudan— ez dago bikoterik. Lardaskak ez du etenik, eta nerabezaroa bost hamarkadaz luza daiteke lotsarik pasatu gabe. Egun, akuilu berrien laguntzarekin, modu eraginkorragoan gainera. Izan ere, sexuari eskainitako sare sozialek aste osora zabaldu dituzte lehen ordu txikitan presaka egin behar ziren erakartze lanak.

Hurbilen ditudan hamabost bat ezagunetatik —20 eta 40 urte artekoak—, inork ez du harreman egonkorrik. Eta atzean geratu garen lauzpabost kenduta, guztiek darabiltzate topaketa sexualak ituntzeko aplikazioak sakelakoan.

Ez naiz estatistikaria, eta badakit nire lagina mugatua dela, baina bi ondorio erraz jaulkiko ditut. Lehenbizikoa, ligatzea goitik behera aldatu dela azkenaldian. Bigarrena, askoz gordinagoa, bihotzeko bat izateko nire lagunek baino aukera gehiago ditudala, haiek kirola nik baino askoz sarriago egiten dutelako.

“Txoriburu erabatekoa haiz eta, zer habil oraindik izenik eman gabe”, astero aholkatzen didate. Badago, ordea, oraindik atzera eginarazten didan zerbait. Nahiago nuke esan ahal izatea zerbitzu horien izaera matxista eta atzerakoia dela uzkurtzen nauena. Diskoteka eskasenetan bezala, gizonezkoek ordaintzen dute festa, erabiltzaileen kopurua orekatze aldera edo. Baina niri horrek ez dit batere axola, zintzoa izan behar badut. Printzipioak logelatik kanpo uzteko ohitura egoskorra daukat.

Mila xehetasunez eta argazki pare batez hornitutako profila bete beharra izango da arazoa, beharbada. Edo, behin lanik zailenak eginda, hezur-haragizko mundura jauzi egin eta lotsaz betetako lehen hitzordu hori saihestu nahi izatea. Beharbada eskola zaharrean kateatuta geratu naiz, besterik gabe. Ziur dauzkadan bakarrak dira azkenean izena emango dudala eta belusezko sofek eta koñakek beste hogei urtez-edo itxaron beharko dutela, inoiz iritsiko badira.

Leave a Reply

Your email address will not be published.