Tokian tokiko curriculuma osatzen

Orioko curriculuma sortze bidean, aurtengo ikasturtean datu bilketa fasea bukatutzat jo dute Orioko Curriculuma Sortzen taldekoek. Lanaren emaitza joan den ostiralean aurkeztu zuten, herritarren artean; 80 lagun inguru bildu zen Kultur Etxera. Bi lan nagusi egin dituzte azken ikasturte honetan: batetik, Orioko curriculuma osatuko duten edukiak zerrendatu dituzte, eta, bestetik, proiektua sozializatzen, kaleratzen, egin dute lana. Lau arlotan banatu dute datuen bilketa: giza eta gizarte zientziak; natur eta osasun zientziak; euskara; eta musika.

Hiru ikasturte dira Orioko curriculum propioa sortze bidean lanean dabiltzala. Tokian tokiko hezkuntza proiektua osatu nahi dute. Horretarako, euskal curriculuma oinarri hartuta, metodologia berria erabiltzen ari direla nabarmendu du Orioko Curriculuma Sortzen-eko taldekide den Ruben Iglesiasek: “Proiektua aitzindaria da”. Herriko kultur ondarea biltzea eta ondorengoei transmititzea dute helburu. “LOMCEri aurre egiteko guk geurea egin behar dugu”. Lan handia egin dute, baina oraindik egiteko ere asko dagoela uste dute.

Materiala biltzeko lana

Zortzi hilabeteotan, batetik, ikus-entzunezko materiala bildu dute, eta, gainera, Karkara herri aldizkariko 25 urteotako artikuluak aztertu dituzte. Bestetik, bideoan hiru herritarren elkarrizketak jaso dituzte: Patxi Oliden Danbolin-ena, Maria Sagrariorena eta Martin Lizasorena.

Arloz arloko profesionalekin ere bildu dira, gai horiek herrian nola landu aztertzeko. Adituek ere parte hartu dute aurkezpen ekitaldian: giza eta gizarte zientzien arloko Ana Gonzalez de Txabarrik Orion ikasleak sexu berdintasunean trebatu nahi dituztela nabarmendu du: “Emakumearen papera ezkutuan gelditu da, zulo beltzean. Testu liburuetan ez da apenas azaltzen”.

Horrez gain, Orio errioak sortu duela nabarmendu du Gonzalez de Txabarrik: “Marea beherarekin eta gorarekin hartu du arnasa Oriok. Hortik etorri da ia gure aberastasun guzti-guztia. Gu gara ontzigileak eta arotzak, eta hori errioarekin lotuta egon da”.

Natur eta osasun zientzietan aditu Eneritz Odriozola eta Garbiñe Manterolaren ustez, berriz, honako hau da oriotar ume batek jaso beharko lukeen esaldia: “Etorkizuna zuek zarete, gure itxaropena”. Natura 2000 sarea hondartzara eta basora zabaltzea ere oinarrizkoa dela azpimarratu dute, “horretan, herritarrak saregile izatea nahi dugu”.

Euskara arloan, herriko pedagogia proiektuak Orioko euskararen arnasgunea izan behar du. Orioko literatura eta hizkera jasoko eta landuko ditu. “Euskal hiztun kontzienteak sortzea bermatu behar da Orion, eta kalitatezko euskal hiztunak esportatzea”.

Musika arlotik, berriz, egindako bilketa lanaren emaitza berehala izango da kalean, Orioko 24 kantu bilduko dituen liburuxka argitaratuko dutelako.

Orioko curriculum propio bat izateko lan honetan, datorren ikasturtean fase berri bat abiatuko dute. “Proposamen bat da aurtengo ikasturteko lanaren ondorioa, orain herritarrei dagokie hori osatzea, eta hurrengo ikasturtearen bukaerarako egingo da. Gero, helburua curriculuma ezartzea izan behar du”, Orioko Curriculuma Sortzen-ekoen ustez.

Leave a Reply

Your email address will not be published.