Beste bizikleta martxa bat antolatu du Tolosako Oriako Txirrindulari Eskolak ekainaren 29rako: 199 kilometroko lasterketa bat, Gipuzkoako hamaika mendatetatik barrena, eta metatutako desnibela 4.280 metrokoa izango da. Martxa nagusi horrekin batera, lasterketa laburrago bat ere izango da, 48 kilometrokoa.
Ibilbidea Abraham Olano txirrindulariak berak diseinatu du, eta irteera eta helmuga Tolosan izango ditu. Txirrindulari anoetarrak azaldu duenez, martxaren filosofiak eskolarenarekin bat egiten du, eta gabezia bati aurre egiteko asmoz sortu dute: “Oriako eskolan 40 txirrindulari inguru ditugu, eta kategoria guztietan antolatzen ditugu lasterketak, zikloturistentzat izan ezik. Hutsune hori betetzera dator ekainaren 29ko martxa”.
Olanoren alaba Oriakon sartu zenean, segituan esan zien zein zen asmoa. Iaz ideia ezin izan zuten aurrera atera, eta, lehendabizikoz, aurten egingo da Abaraham Olano martxa, igandez. “Espero dugu larunbatetan izatea hurrengo urteetan”.
Oraingoz, 120 lagun inguruk eman dute izena, baina asteburu honetan Pirinioetan izango den Quebrantahuesos probaren ostean parte hartzaile gehiagok izena emango dutelakoan daude. Lasterketan parte hartu nahi duenarentzat zabalik dago oraindik epea: ekainaren 27an amaituko da, datorren ostiralean, eta hemen eman daiteke izena: www.kirolprobak.com webgunean.
Helburu nagusia txirrindularitzaren festa herrira ekartzea da, eta, eta bide batez, txirrindularitzaren egun berezi bat izatea Tolosaldean. “Badakigu lehen urtea zaila izaten dela, baina gure intentzioa gauzak ondo egin eta jarraitzea da”, dio Olanok. Erronka handitzat jo dute antolatzaileek lehen proba hau.
Ibilbide gogorra
Erronka ez da soilik antolatzaileentzat izango, txirrindularientzat ere ez baita ibilbide makala: Tolosatik abiatu eta gutxira, Bidaniako mendatea igo beharko dute txirrindulariek hasierako kilometroetan. Errezilditik barrena Azpeitira joko dute, eta Urrestilla eta Nuarbetik igaro ostean, Beizamara igoko dira.
Olanoren arabera, Bidania eta Beizamako igoerak “oso gogorrak” dira, eta hasi besterik ez da egin lasterketa. Beizama atzean utzita, Santa Agedako mendatea igo beharko dute ondoren txirrindulariek, berriro ere Tolosara joateko. Lehen 48 kilometroak eginda, martxa laburra hautatzen dutenek bertan amaituko dute saioa. Gainerakoei, beste 150 kilometro geldituko zaizkie lasterketa amaitu aurretik.
Txaramatik barrena segituko dute aurrera, Altzora igoko dira, eta handik Alegira jaitsiko dira, gero Orendaindik barrena Larraitzera igotzeko. Handik Zaldibiara jaitsiko dira, Lazkao Mendi igo aurretik. “Hori da martxaren puntu garrantzitsuena”, hor hautsiko baita seguruenik tropela.
Baina handik aurrerakoak ere ez dira atzean geratzen. Lazkao, Olaberria, Beasain eta Mandubiko mendatea etorriko dira gero. Ormaiztegitik igaro, eta Legazpira eta Oñatira joko dute ondoren.
Azken txanpan, berriz, Angiozartik Elgetako mendatea igo eta Bergarara jaitsiko dira, Elosutik barrena Azkoitira joateko. Urraki igo ostean, Tolosara bidea hartu, eta han amaituko da martxa.
Martxaren gogortasuna dela eta, bizikleta gainean zaildutako kirolzaleentzat prestaturiko lasterketa da Abraham Olano Martxa. Edozeinek har dezake parte, betiere, 18 urtez gorakoa baldin bada. Eta derrigorrezkoa izango da kasko homologatua jantzita eramatea ibilbide osoan.
Halako martxetan ohikoa denez, ez da lehiatzeko lasterketa izango. Antolatzaileek argi eta garbi diote: Abraham Olano Martxa ez da lasterketa edo lehiaketa, martxa zikloturista baizik. Hori dela eta, herrietatik igarotzean beti eskuinetik joateko deia egin diete txirrindulariei.
Bi gurpilen gainean dabiltzanen festa handia izango da, baina oinezkoek ere izango dute aukerarik.
Txirrindulariei segika, oinez
Txirrindulariak ikusiz, kirola oinez egiteko aukera ere izango da egun horretan. Aipatu beharrekoa da zikloturista martxaz gain trekking bat ere antolatuko dutela egun horretarako. “Modu horretan, lasterketa ikusiz, ikusleek egun-pasa egiteko aukera izango dute”, azaldu du Olanok.
Trekkingean parte hartzen dutenek lasterketa lau mendatetan jarraitzeko aukera izango dute. Horretarako, antolatzaileek autobusak jarriko dituzte oinezkoak zikloturista martxa igaroko den tokietara gerturatzeko. Hala, Tolosatik Bidania-Goiatzera autobusez joan ahal izango dira oinezkoak, eta handik lau kilometro oinez egin Santa Agedako gainera iristeko. Behin hara heldutakoan, 11 kilometroko oinezko ibilbidea prestatu dute, Mandubiko gainera iritsi arte. Bertan, jatetxea dago, han bazkaldu nahi dutenentzat, edo, bestela, bazkaria etxetik eramaten dutenentzat, mahaiak egongo dira. Halaber, haurrentzako jolas parkea izango da.
Leave a Reply