Andoaingo Binardent laborategira sartzen den jendea harritu egiten dela aitortu du Juan Peñalverek. “Portzelanazko hortzak ez al zituen dentistak egiten?”, galdetzen dute. Hortz-protesigilearena ofizio ezezaguna da askorentzat, baina arreta, teknika eta diziplina itzela eskatzen duena.
Zertan datza, zehazki, hortz-protesigilearen lana?
Dentistaren lanaren gehigarria edo osagarria dela esan daiteke, hark jarritako irizpideen arabera protesiak egiten ditugulako. Hiru protesi multzo handi daude: alde batetik, protesi finkoak; bestetik, ken-ipinizkoak; eta, azkenik, hortzak zuzen jartzeko ortodontziak. Laborategi honetan, lehen bi motatakoak egiten ditugu.
Oro har, nolakoa izaten da prozesu hori?
Paziente bakoitzak dituen beharrak identifikatzean hasten da dena. Horien arabera egiten du dentistak aurrekontua, eta hortzetako molde bat egiten du. Guk horren gainean lan egiten dugu. Moldean dauden inpresioak positibatu, eta, horrela, aho bakoitzaren igeltsuzko ereduak fabrikatzen ditugu, inplanteak eta protesiak egiteko.
Ahoaren osasuna gai delikatua da. Urduri jartzen al zaizkizue pazienteak?
Nire ustez, arazoaren gakoa beste bat da: jendeak noiz jotzen du dentistarengana? Ahoan mina duenean; hau da, beranduegi denean. Motorrak zarata egiten duenean autoari olioa aldatzea bezalakoa da hori. Berez, ahoaren osasuna eta autoaren mantentze lanak antzekoak dira: urtero egin beharko genuke azterketa. Hori da pieza guztiak mantentzeko modurik eraginkorrena eta merkeena.
Hortz-protesien fabrikazio prozesua azaltzen ari zinen. Igeltsuzko ereduen ostean, zer egiten duzue?
Protesien oinarri gogorra egiten dugu lehenbizi, hezurrera inplanteen bidez finkatuko den hori, eta gero, zati estetikoa, benetako hortz baten itxura duena eta agerian geldituko dena. Oinarria egiteko metala erabiltzen dugu gehienetan, baina, gaur egun, litiozko silikatoaren gisako material estetikoagoak ere baditugu; eta hortzaren zatia, berriz, zeramikarekin egiten da kasu gehienetan.
Apaingarriak edo material bereziak eskatzen al ditu jendeak?
Adibidez, hortz zuri-zuriak nahi dituzte batzuek. Orain arte, pazienteek ez zuten informazio nahikorik, eta dentistaren esku uzten zuten protesien aukeraketa. Gaur egun, ordea, jende dezente etortzen da laborategira.
Baina batzuetan eskaera horiek ez dira oso naturalak. Hortz zuri-zuriak, adibidez, ez al dira nabarmenegiak?
Normalean, halako eskaerak egiten dituztenek hortz ilunak izan dituzte urteetan, eta kontrakoa nahi dute. Adibidez, gaztetan sendagai asko hartu behar izaten dituzten pertsonei hortzak belzten zaizkie. Kasu horietan, erabat zuria ez den kolore bat jartzen badiezu, ez dira konforme geldituko. Protesien formarekin ere antzekoa gertatzen da. Paziente batzuek berdin-berdinak nahi dituzte hortz guztiak, baina hortz naturalak ez dira uniformeak, eta pieza bat apur bat aterata egoteak nortasuna ematen dio aurpegiari. Aurpegiaren estetika osoa goitik behera alda dezakete hortzek. Horregatik, pazienteen nahiak aintzat hartzen saiatzen gara, baina ez itsu-itsuan. Aholkuak eman eta katalogoak erakusten dizkiegu, non aukeratua izan dezaten. Gaztetako argazkiak ere ekartzen dizkigute batzuek.
Leave a Reply