Gipuzkoa ere jomugan dago

Ez da libratu. Gipuzkoak ere haustura hidraulikoaren eragina paira dezake, eta, hori eragozteko, lanean hasi dira hainbat talde, Fracking Ez plataformaren babespean. Herrialde osorako erakundea ez dute osatu oraindik, baina hori ere aurreikusia dute, eta, azken hilabeteetan, hamaika hitzaldi eskaini dituzte, “gasa ateratzeko teknika kutsakor horrek egin dezakeen triskantzaz ohartarazteko”.

Zehazki, Sustraia eta Landarre izeneko zulatze guneak dira Gipuzkoan eragin handiena izan dezaketenak. Herrialdeak duen lur eremu osoaren %40 hartuko lukete bi gune horiek, Deba, Goierri, Urola eta Oria eskualdeetan. Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen SHESA enpresa publikoak baimena eskatua du eremu horietan fracking-aren teknika erabiltzeko, eta, Debagoieneko Fracking Ez taldeko kideen ustez, “triskantza izugarria” eragin dezake. “Lurra, haizea, ura eta parean topatzen duen guztia kutsatzen du haustura hidraulikoak, baita lur azpian gasa duten harrien txikizioa eragin ere”.

Izan ere, inork ez du ukatzen jada fracking-aren teknikarekin gasa edo petrolioa ustiatzeak ingurumenarentzat hainbat arrisku dakartzala: ustiaketa konbentzionalak baino negutegi gas gehiago askatzen ditu; karbono dioxido gehiago ere isurtzen da airera; eta ura ere kutsa dezake teknika honek, ustiatze putzu batek milaka metro kubo ur behar dituelako, eta ur hori harearekin eta osagai kimikoekin nahasten dutelako. Gainera, putzuaren hormak behar bezalakoak ez badira edo arroketan pitzadurak badaude, akuiferoetara igaro daiteke kutsadura.

Orain dela gutxi hasi zen fracking-aren kontrako mugimendua Debagoienan, Araba eta Bizkaiko esperientziak eredu hartuta, baina Gipuzkoa osoko jendea hurbildu zaie azkenaldian, eta gehiago hazi nahi dute etorkizunean ere. “Pozik gaude, bi hilabetetan, hutsetik hasita, hamabost bat herritara informazioa eta sinadura bilketa hedatzea lortu dugulako”, azaldu zuten Debagoieneko Fracking Ez taldeko kideek, mugimenduaren aurkezpenean. 30.000 sinadura bildu nahi dituzte, Eusko Legebiltzarrean herri ekinaldi legegile bat aurkeztu eta fracking-aren gaineko eztabaida politikaren lehen lerrora eramateko. Horregatik, ekainaren 30etik uztailaren 5era herriz herri ibiliko dira sinadurak biltzen. Gasteiztik abiatuko da martxa, baina Gipuzkoa mutur batetik bestera zeharkatuko du: Arrasate, Oñati, Legazpi, Urretxu, Azkoitia, Azpeitia, Tolosa, Donostia, Zarautz, Zumaia, Elgoibar, Soraluze eta Bergara. Herri horietan guztietan informazio guneak jarriko ditu Fracking Ez taldeak.

Herri ekinbideez gain, fracking-aren kontrako proposamenek oihartzuna izan dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere. Iragan asteazkenean, haustura hidraulikoaren kontrako mozio bat onartu zuten Bilduk, Aralarrek, PSE-EEk eta PPk. Ezker abertzaleko diputatuek aurkeztu zuten proposamena, eta, bertan, “fracking-ak ingurumenari eragiten dion kalte izugarria” azpimarratu zuten. Testu horri zuzenketa bat egin zion PPk, Gipuzkoako Aldundiak “energia berriztagarrien aldeko politika aktiboak” aplika ditzan, eta hori ere onartu zen.

EAJk, aldiz, ez zion babesa adierazi fracking-aren kontrako mozioari. Horren ordez, “batzorde zientifiko independente bat” eratzea proposatu zuen, “gasa ateratzeko haustura hidraulikoaren teknikaren eboluzioa aztertzeko”. Jeltzaleek ez diote atea erabat itxi nahi gasaren negozioari, baina fracking-aren bidezko ustiapen proiektuak “ingurumeneko legediaren arabera” garatu beharko liratekeela uste dute.

EAJren kontrako botoarekin ere, Nafarroako Parlamentuak iaz urratutako bide berari ekin diote Gipuzkoako Batzar Nagusiek, eta fracking-a herrialdean debekatzeko lehen urratsa egin dute. Ikusteko dago, ordea, noraino helduko den bide hori, Espainiako Justiziak mugak jarri baitizkio autonomia erkidegoek —eta, ondorioz, baita Gipuzkoa bezalako herrialdeek ere— alor horretan dituzten eskumenei.

Aste honetan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi du estatuari bakarrik dagokiola gasari eta energiari buruzko legediak ezartzea eta, beraz, erkidegoek ezin dutela fracking-a debekatu. Konstituzionalaren arabera, ordea, diputazioek “baldintzak eta kargak” ezarri ahalko dizkiete haustura hidraulikoa erabiltzeko baimen eskaerei.

Fracking Ez plataformaren aburuz, “onartezina” da erabakia, uste baitu Auzitegi Konstituzionala “hausteko arriskua duten eremuetan bizi diren herritarren borondatearen gainetik” pasatu dela. “Eskrupulo gutxi duten enpresekin bat egiten duen gobernu bati jarraiki, Auzitegi Konstituzionalak ingurunearekin erasokorra den erauzte teknika baten kontrako […] lege bat atzera botatzea tamalgarria da”.

Hala ere, abiatu duten sinadura bilketa eta herri ekinaldi legegilea “inoiz baino biziago” daudela nabarmendu dute plataformako ordezkariek. “Fracking-aren kontrako kanpainak zentzu handiagoa du gaur atzo baino”. Taldearen ustez, “borondate politikoa” da haustura hidraulikoa gelditzeko behar den gauza bakarra, eta gogoratu du SHESA enpresa publikoak dituela fracking teknika erabiltzeko baimenen %90 eta, beraz, Eusko Jaurlaritzak “noiznahi” geldi dezakeela gasa erauzteko praktika hori.

Leave a Reply

Your email address will not be published.