Usurbilgo dantzaren historiako zati garrantzitsu bat bildu dute liburu batean. Usurbil dantzan, Usurbilgo Dantza Taldea 1975-2013 izena darama Usurbilgo Dantza Taldeak argitaratutako bildumak, eta herriko hiru bizilagunek ondu dute lana: Maider Errasti Amianok, Axier Otegi Iribarrek eta Ion Markel Saez de Urabainek.
Iaz Usurbilen lehen aldiz egindako Dantza Eguna izan da liburuaren abiapuntua, Axier Otegi liburuaren koordinatzaileak azaldu duenez: “Dantza Eguna antolatzeko, kalejira bat prestatu behar genuen Usurbilgo dantzari eta dantzari ohiekin. Galdezka hasi ginen, eta ikusi genuen aurretik ere egon zirela beste dantza talde batzuk. Pixkanaka, informazio asko bildu nuen, eta handik etorri zitzaidan liburua idazteko ideia”. Usurbilen dantzaren inguruan zegoen historia ikusita, liburuaren koordinatzaileak udaletxera jo zuen; udalak proiektu bat eskatu zion, eta, dantzaria denez, Idoia Torreagarai kazetariari eskatu zion laguntza. Hark jarraibide batzuk markatu zizkion. Udalari interesgarria iruditu zitzaion proiektua, eta, ondoren, Saez de Urabain eta Errasti gehitu ziren lantaldera. Urtebeteko lanaren emaitza izan da hiru usurbildarrek osatutako liburua.
Liburuaren informazio iturri nagusiak herritarrei egindako elkarrizketak eta artxibo eta dokumentuetatik ateratako informazioa izan dira. Liburua irakurterraza da, eta argazkiez hornitua dago. “Guztira, 50 bat pertsona ibili dira elkarrizketetan eta laguntzen”, azaldu du Otegik. Udaleko artxiboan, herriko dantzarien hainbat argazki zeuden, eta argazkietako pertsonak identifikatu eta elkarrizketatu dituzte: “Agian, zailtasun handiena horrekin izan dugu, udaleko argazkietako aurpegiak identifikatu eta horiekin harremanetan jartzen”. Liburuaren koordinatzaileak gaineratu du jendeak jarrera oso ona izan duela elkarrizketak egiteko garaian. “Elkarrizketak kate baten modukoak izan dira: pertsona bat elkarrizketatzean, beste pertsona baten izena ateratzen zen, eta haren bila hasten ginen; beste hura elkarrizketatutakoan, beste izen bat ateratzen zen, eta, horrela, izen horien atzetik ibili gara”.
Usurbil dantzan liburuan, herriko dantzaren historia azaltzeaz gain, herrian boluntario ibili direnei aitorpena egiten zaie, eta belaunaldiz belaunaldi dagoen lotura ere ikusten da; izan ere, ikasle izandako batzuk, urteen ostean, irakasle bihurtu dira. Usurbil, izatez, herri dantzaria da, eta boluntario modura lan egin duen jende ugari dago. “Herri memoria bildu dugu; hau da, dantzaren inguruko oinarri sendo bat utzi dugu, lehen ez zegoena”.
Otegik gaineratu duenez, dantzatzeko zaletasuna tradizio eta nortasun bihurtu da Usurbilen. “Dantzak ere gorabeherak izan dituen arren, zaletasun handia dago, bai lehengo garaietan, eta bai gaur egun ere. Gaur egun, indartuta dago Usurbilgo Dantza Taldea, herritarren parte hartzea handia delako”. Azaldu du urteak joan ahala beti dantza talderen bat edo beste izan dela Usurbilen.
Lizardi eta Laurok dendetan edota herriko Noaua! aldizkariko bulegoan eskura daiteke liburua.
Leave a Reply