Astearte goizaldean, Arrasateko txosna gunearen inguruetan neska batek sexu erasoa sufritu zuela salatu du bertako txosna batzordeak. Ane Zuazubiskar txosna batzordeko kidearen hitzetan, erasoa onartezina da: “Emakume baten kontrako erasoa emakume guztion kontrako erasoa da, eta ez dugu onartzen inoren aurkako erasorik”. Horri erantzun asmoz egin zuten elkarretaratzea asteazken iluntzean, txosna gunean bertan. Arrasatekoa ez da, ordea, jaietako eraso sexista bakarra. Izan ere, Bilgune Feministaren arabera, jaietan ugaritu egiten dira emakumeen aurkako erasoak, eta “batzuek ongi pasatzeko beste batzuek gaizki pasatu behar izaten dute”.
Halakoak saihesteko prebentzio kanpainak egiten dituzte hainbat lekutan, herriko jaien bueltan. Prebentzioaz gain, erasoak salatu eta horiei erantzuteko protokoloak ere badira zenbait herritan. Andoainen, joan den ostiralean hasi ziren sanjoanak, eta herenegun amaitu ziren. Bertako udalak, berdintasun planaren barnean, herritarren artean eraso sexisten aurkako kontzientzia bultzatzeko kanpaina egin du. Miren Agirreurreta gizarte zerbitzuetako zinegotziaren hitzetan, eskoletan harreman egokietarako garatu duten programari esker hauteman dituzte jai giroko jarrera sexistak: “Programako dinamizatzaileek kontatu digutenez, neskek gazte-gaztetatik dute beldurra gauez kalera irteteko. Tabernetan, txosnetan… jarrera oso sexistak izaten dira, neskek lotsa sentitzen dute eta normalean ez dute ezer egiten horren aurka”.
Emakumeak aktibatzeko eta ingurukoen konplizitatea bilatzeko pegatinak banatu dituzte herritarren artean; eta txosnetan zein tabernetan, kartelak jarri dituzte jarrera sexistak onartzen ez direla erakusteko. Udalak bere ekimenez egin du kontzientziazio kanpaina, baina hurrengo festetarako elkarlanean aritu nahi dute jai batzordearekin. Balorazio positiboa egin dute kanpainaz, herritarrek egoki erantzun dutelako. Baina harago jo behar dela uste du Agirreurretak: “Abiapuntu bat izan da, baina badago zer hobetu. Eskoletan, esaterako, lehenagotik hasi behar dugu gaia lantzen”.
Festetatik sagardo garaira
Hernanin, bi urte dira eraso sexisten aurkako protokoloa abian dutela, baina txosna batzordera mugatzen zen orain arte. Aurten, sagardo garaian erasoak egon direla jakin dute, eta gaia lantzeko eta herriratzeko beharra dagoela uste du Maialen Apezetxeak, Hernaniko berdintasun teknikariak: “Sagardogileekin egon ginen, eta esaten ziguten halakoak ikusten dituztenean ez dakitela nola jokatu. Gaia landu beharra zegoela ikusi genuen, tabernariek eta herritarrek, oro har, jarrera sexistarik onar ez dezaten”.
San Joan jaietarako —astelehenean abiatu ziren, eta gaur amaituko dira— zabaldu egin dute erantzun protokoloa: txosna batzordearekin batera, udal ordezkariek, Berriak ostalarien elkarteak eta tabernariek ere parte hartu dute hori osatzen. “Jaiak denontzat espazio segurua izan daitezen prebentzio lana egin dugu; eta zerbait gertatuz gero, erantzuteko orduan denon artean koordinatzeko pausoak eman ditugu”. Elkarlan hori “garrantzitsua” da Apezetxearen ustez, baina hausnarketa gehiago zabaldu nahi dute: “Jai batzordera, adibidez. Nolako jaiak antolatzen diren, norentzat, nori begira… zein jai eredu bultzatzen den hausnartzea nahi dugu, mugimendu feministaren kontua soilik izan ordez, herriko eragileek ere konpromisoa har dezaten”.
Eremu gehiagotara iristeaz gain, San Joan festetatik harago ere eragin nahi dute Hernanin: “Txotx garaia ere izaten dugunez, ia lau hilabetez jaiak ditugu. Oraingo festetatik abiatu eta aurrera begira ere gaia landu nahi dugu”. Izan ere, gizartean egin beharreko aldaketek herriko jaietan isla izatea nahi dute, festetan ohitura txarrak erreproduzitzen direla iruditzen baitzaie: “Jai batzordean, adibidez, parte hartzaileen %90 baino gehiago gizonezkoak dira. Horrek jaietan gizonezkoei mugatutako ekitaldi pila egotea dakar, txarangak gizonezkoez soilik osatuta egotea; garai batekoak diruditen ekintzak soilik daudela dirudi”.
Irunen, duela sei urte, Bilgune Feministak ekin zion jaietako eraso sexisten aurkako prebentzio kanpainari; eta oraindik ere beharrezkoa da, Miren Lanz Irungo Bilgune Feministako kidearen hitzetan: “Festetan, tamalez, ikusten dugu eraso sexistak areagotu egiten direla, eta erasotzaileei kalean marra gorriak ezartzeko zein emakumeei ahalduntzen laguntzeko beharrezkoa da prebentzio lana”.
Horregatik, Eraso sexisten aurrean, atera zure bibotea lelopean, koloretako biboteekin argazkiak ateratzeko dinamika jarri dute martxan: “Jendeak kanpainarekin bat egitea eta bertan parte hartzea nahi dugu, horretarako jarri dugu martxan photocall metodoa”. Irungo kasuan, alardeak zalaparta handia eragiten du, eta horretan oinarrituta hautatu dute bibotearen ikurra: “Alarde parekidean parte hartzen duten emakumeei ‘bigotuda’ deitu izan diete sarri, eta dinamika honekin, buelta eman eta barre egin nahi izan dugu, kontrako sinbolo moduan baliatzeko”.
Irungo jaiak astelehenean abiatu ziren, eta uztailaren 1era arte iraungo dute. Orain arte, argazki saio batzuk egin dituzte, eta, bihar, Mosku plazan egongo dira. Saio horietan banatzeko esku orri batzuk ere prestatu dituzte: “Kanpainaren garrantzia nabarmentzeko, batetik; eta erasoen aurrean egin beharrekoaren inguruko protokoloa azaltzeko, bestetik”.
Hernaniko festetako ekintza jendetsuenetakoa, berriz, azeri dantza da: azeri batekin lagun talde bat soka baten inguruan ibiltzen da, maskuria eskuan; herriko izkinetatik irten eta jendea borobilean biltzen dute jotzeko. Ekintza horrekin gertatu dena esanguratsua da Apezetxearen ustez: “Lehen, mutilak bakarrik ateratzen ziren, eta, orain, neskak ere ateratzen dira; beraz, badirudi ez dagoela arazorik. Orain, ordea, gauza da neskak atera daitezkeela, baina egun bakarrean, azken egunean. Ondorioak norberak atera ditzala!”.
Diskurtso zuzenarekin bat
Eraso sexistak jai giroan gertatzen dira, Apezetxearen arabera, “eta alkoholaren zein drogaren eraginagatik justifikatu ere egiten dira”. Jarrera horiek egunerokoan daudela ikusarazi nahi diete hernaniarrei, jaien aitzakian bakoitzak nahi duena egiteko aprobetxa ez dezan: “Horren inguruan tabernariek zein txosnetan gabiltzanok badugu ardura; halako jarrerak ez onartzea da gure egitekoa”.
Lanzen arabera, “festetan badirudi gizonek askatasun osoa dutela ondo pasatzeko, barre egiteko, iseka egiteko, neskak mehatxatu edo umiliatzeko. Sozialki ez dago gaizki ikusita”. Berdintasunaren aurka egotea politikoki zuzena ez denez, jendeak diskurtsoarekin bat egiten duela uste du Apezetxeak, baina praktikan akats asko daudela iruditzen zaio: “Berdintasun faltsuaren ideia dago: hitzetan, denok gaude erasoak gertatzearen aurka eta berdintasunaren alde. Baina gero jarrera matxistak daude, baita jende gaztearen artean ere”. Bat dator horretan Lanz ere: “Sarri entzuten dira ‘ni berdintasunaren aldekoa naiz, baina ez naiz feminista’ eta halakoak. Inor ez da ausartzen eraso sexisten aurkako jarrerarekin bat egitera. Baina uste dut jendea ez dela oso kontziente eraso sexisten molde ezberdinez; sotilagoak diren horiek ez ditugu horren argi”.
Hernanin adostu duten protokoloak bi atal ditu. Batetik, tabernarientzat eta txosnetan lanean ari direnentzat eginikoa: “Eraso bat gertatzen ari dela iruditzen bazaie, eraso diotenari laguntzarik behar duen galdetu behar diote; baietz badio, arretaz entzun behar zaio, eta ez da epaitu behar. Erasotzaileari, berriz, halako jarrerarik ez dela onartuko jakinarazi behar diote”. Bestetik, erasoa larriagoa bada, bortxaketa, adibidez, biktima dagokion zerbitzura bideratu behar da: “Udaltzaingora edo larrialdi zerbitzuetara; eta, horrez gain, erantzuteko modua ere adostu beharko litzateke”. Behin jaiak igarota, protokoloa aztertu egingo dute: “Balio digun ikusi eta eragileen artean egokitzea da asmoa”.
Leave a Reply