Mobilizatzen hasiak dira fra-cking-aren kontrako taldeak Gipuzkoan. Maritxu Goikoetxea da Debagoieneko taldeko bozeramailea.
Zer iruditzen zaizue Gipuzkoa “fracking gabeko lurralde” izendatu izana?
Oso berri pozgarria da. Herrialde oso batek haustura hidraulikoaren kontrako jarrera hartu izana itzela da, gure lanak zerbaiterako balio duela frogatzen duelako.
Hala ere, Auzitegi Konstituzionalak mugatu du bide hori…
Etsigarria da, bai, baina espero genuen erabakia. Finean, estatuko erakundeek bat egiten dute fracking-a sustatzen dutenekin. Horregatik, ez dugu amore emango. Aurrera egingo dugu.
Zein izango da haustura hidraulikoaren eragina Gipuzkoan?
Beste edonon bezala, fracking-ak sekulako eragina izango du Gipuzkoako lurrean, haizean zein uretan; animalien zein pertsonen osasunean. Milioika litro ur behar dira putzu bakoitzeko, eta ur hori produktu kimikoekin nahiz harearekin nahasten dute. Putzu bakoitzetik ateratzen den gas kopurua txikia izanik, gainera, putzu asko egin behar dira errentagarriak izan daitezen; lur okupazioa, beraz, itzela izaten da. Kontuan izan behar da Gipuzkoan eskatutako baimenek, Sustraia eta Landarre izenekoek, herrialdearen %40 hartzen dutela. Debagoiena bete-betean harrapatuko du Sustraia guneak.
Kalteak orokortuak izango dira, ala tokian tokikoak?
Hori ez dago jakiterik, ikerketa lanen emaitzak ezagutu arte, baina esplorazioak egiteko, hots, jakiteko gure lur azpiak gasa duen ala ez, prozedura berbera egin behar da, eta, ondorioz, kutsadura berbera eragingo du horrek. Enpresek eremu handiak hartzen dituzte proiektuetarako, eta behin baimenak lortuta, nahi beste putzu egin ditzakete eremu horren barruko edozein tokitan.
Baimena eskatu bai, baina eman al diete?
Prozesua fase ezberdinetan dago, herrialdearen arabera: Araban, enpresek eskatutako baimen guztiak onartu dituzte; Bizkaian, baimen batzuk onartuta daude jada, eta beste batzuk, bidean; Gipuzkoan eskatuta daude. Dena den, oraindik ere onartu gabe daudenak, tartean gure eskualdekoa, 2015eko hasierarako onartuko dira segur aski. Prozesuan atzera egin ahalko dugu, herriak mobilizatzen diren neurrian. Presioa handia bada, zailagoa suertatuko zaie teknika horri eustea.
Eta zeintzuk izan dira orain arte eman dituzuen pausoak?
Lehentasuna eman diogu jendea fracking-aren gainean informatzeari. Leku askotan eman ditugu hitzaldiak, eta beste batzuk gelditzen zaizkigu: Antzuola, Gatzaga, Soraluze, Elgoibar… Ezjakintasun handia dago gaiaren inguruan, baina ez jendearen erruagatik, informazioa eman behar zutenen utzikeriagatik baizik. Informazioa ezkutatzen ari dira, haustura hidraulikoak eragin dezakeen triskantzaz informatzeko asmorik gabe. Bestalde, fracking-aren kontrako mugimendua Araban hasi zenez, jende gehienak uste zuen Araban bakarrik egitekoa zirela. Informazioa emateaz gain, mozioak ere aurkeztu dira hainbat udaletan.
Elkarlanean ari al zarete Arabako, Nafarroako eta Bizkaiko taldeekin?
Gehienbat Arabako eta Bizkaiko plataformekin ditugu harremanak. Gipuzkoan, berriz, orain dela oso gutxi hasi zen mugimendua sortzen. Erramu Zapatuko feria egunean jarri genuen lehen informazio mahaia, Bergaran. Denbora gutxian leku mordora heldu gara. Gipuzkoako plataforma sortzeko asmoa dugu, eta horretarako bilera egingo dugu laster.
Ez duzue lan makala aurretik…
Bai. Mozioena oso bide egokia da, baina ez da nahikoa. Herritar guztiak inplikatu behar ditugu. Oraintxe esku artean dugun egitasmo garrantzitsuena sinadura bilketa da. EAEko Legebiltzarrean herri ekinaldi legegilea proposatu nahi dugu, helburu nagusi batekin: fracking-a gelditzea. Talde politiko guztiek eztabaida dezaten eta auzi honi buruz duten jarrera argi eta garbi esan dezaten. HELa aurkeztu ahal izateko gutxienez 30.000 sinadura behar dira, eta horiek lortzeko helburuarekin lanean gabiltza buru-belarri. Hilaren 30ean, bestalde, sinadura bilketa ibiltaria abiatuko da Gasteiztik, eta Gipuzkoan ibiliko da uztailaren 6ra arte.
Erakusketa ibiltaria ere muntatu dugu: bederatzi panelez osatua dago, eta irudiek zein testuek oso modu pedagogikoan azaltzen dute haustura hidraulikoaren eragina. Une honetan, Bergarako Agorrosin ekintza guneko sarreran dago.
Leave a Reply