Badator lo gozoa, geroz eta hurbilago dago; laster harrapatuko nau gaueroko adiskide misteriotsuak, eta gorputzak pisurik ez daukan txoko horretara eramango nau. Izugarri gustatzen zait lokartzeko une hori… loak hartzen nauela konturatzea magikoa iruditzen zait, eta momentu hori ahal bezain beste luzatzen dut; errealitatearen eta ametsaren arteko lerroa nola lausotzen den begiratzen dut kulunpio zuri batean hara eta hona nabilen bitartean.
Hitzetan adierazita oso poetikoa geratzen da, baina seguru trenean lo geratzen den aitonaren moduan ahoa zabal-zabal eginda lo hartzen dudala, lerde jarioan.
Baina poesiarekin jarraituko dut; non gindoazen? A, bai: badator lo gozoa, geroz eta hurbilago dago… “ñiiiiiiiii”, bat-batean loa alde egiten hasi da; nora ote doa? Zergatik doa? “Ñiiiiiiiii”, berriz ere. Eta horixe da arrazoia, intsektu txiki hegodun odol zurrupalari hori. Edo gaueko hamabietan esango nukeen moduan: “Moskito puta hoi”. Guztiz esnatu banau ere, kasurik ez egitea erabaki dut. “Joango da, lo hartu beharra daukat; tira looo, loooo…”, agindu diot neure buruari. Gauza lasaietan pentsatuko dut: belaze berdeak, laino zuriak, haize freskoa… “Ñiiiiiiiii”, jode, tira, imajinatu gauza politak: nire esku hotzak aitonaren esku zaharren artean berotzen nituenekoa, hondartza oin hutsik zapaldu nuen aurreneko aldi hura, elurra egiten zuenean eskolara joan gabe geratzen ginen egun zuri haiek… “Ñiiiiiiiiiii”, etxeko zapatilarekin moskito puta bat paretaren kontra akabatu nuen gau epel hura…
Horrela ezin dut! Haserre piztu dut argia; harrapatzen badut, zukutu egingo dut. Txoko guztietan begiratu dut, sabaian, paretetan, gaueko mahaitxoan, maindire artean, iratzargailuaren azpian eta gortinetan. Ez da inondik ageri; alde egingo zuen agian sukaldera edo egongelara. Atea itxi dut bueltan etor ez dadin, ohean sartu naiz, argia itzali dut, begiak itxi ditut… “Ñiiiiiiiiiiii”. Dios! Nola da posible? Hemen jarraitzen du banpiro txikiak. Ziztatu behar banauzu, ziztatu nazazu; hartu behar duzun odol guztia, eta ospa! Baina, jaungoikoaren izenean, egin beharrekoak isil-isilik egin itzazu, ze hots hori belarriaren aldamenean jasango duen amaren semerik ez da sortu oraindik.
Animalia zalea naiz, beti babestu eta defendatzen ditut, eta, noski, animalien aurkako tratu txarrak beti kondenatzen ditut. Baina galdera sakon bat daukat: ezinbestekoa al da “ñiiii” egiten duen eltxoa izaki bizidunen sistema katean? Hain larria izango al litzateke intsektu horren hutsunea bizitzaren katean? Akabatu ezin badira ere, sikiera, mututzerik balego…
Hurrengo egunean, telebistako iragarkietan ikusi dudan tramankulu bat erosi dut: entxufean sartu eta intsektuak akabatzeko produktu bat askatzen du pixkanaka-pixkanaka. Akabatuko ez ditu, ba, ia ni ere akabatu nau eta! Hori da kiratsa… entxufetik atera eta komunean utzi dut. Ohera noa berriz ere, ea loak lehenbailehen bere magal ilunera eramaten nauen, bisitari txikia nire eskuineko besoan afaltzen ari dela konturatu aurretik.
Leave a Reply