Zaindari isila goraka doa

Gipuzkoan dauden gazteluetatik erakargarrienetakoa da Oiartzungo Beloaga, ia eraitsita egon arren: horren gaineko dokumentazioa oso handia da, Oiartzualdeko eta Euskal Herriko memoria historikoa berreskuratzeko eraikin esanguratsua da —”haren historiak herri honen bilakaeraren zati handi bat erakusten du”, esan du Beloaga Bizirik taldeko Joxemari Iturriotzek—, eta herrialdean antzeko gazteluak badauden arren, besteetara ez bezala Oiartzungora iristea erraza da. Gainera, inguruan Gipuzkoako populazio eremu handiena dago, Donostia aldea, Oiartzualdea eta Bidasoa aurrez aurre ikus daitezkeelako bertatik.

Gaztelua estrategikoa izan zen bere kokalekuagatik, besteak beste, Erdi Aroko gatazketan, II. Karlistadan eta 1936ko gerran. Gazteluari buruzko lehen aipu idatzia 1200. urtekoa da. Horregatik guztiagatik aukeratu du Aranzadi Zientzia Elkarteak Beloaga berreskuratzeko lehentasun moduan, Oiartzungo Beloaga Bizirik elkartearen ekimenez.

Gaztelua berreskuratzeko propio sortutako elkartea da Beloaga Bizirik, eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean ari da Oiartzungo Gurutze auzoan dagoen eraikinari astindua ematen; aurtengo urtarrilean sinatu zuten hitzarmena da horren lekuko. Hiru fasetan egingo dituzte lanak bertan. Jada lehen fasearen erdia egina dute, eta horren barruan bertako dorrearen zati bat egonkortu dute —arma plaza ere bazuen gazteluak—. Hil honetan ibili dira bertan lanean Aranzadiko kideak eta elkarteko boluntarioak; boluntario horiek, aurretik, beharrezko material guztia igo zuten gaztelura. Lehen faseari irailean ekingo diote berriz ere. Bigarren eta hirugarren faseak aurrerago egiteko asmoa dute, baldin eta horretarako finantzaketa nahikoa badago.

Joxe Mari Iturriotzek finantzaketaren auzia jarri du Beloaga nolakoa izan zen irudikatzeko egiten ari diren lanen balizko arrakastaren erdi-erdian. Izan ere, lehen faserako lortu duten dirua bazkideen ekarpenen eta Oiartzungo Udalak emandako diru laguntzaren bidez iritsi da —395 euro lortu ditu Beloaga Bizirik-ek, kide bakoitzak hamarna euro emanda—, baina, hala ere, nekez aurre egingo diote proiektuari horrekin bakarrik. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundira nahiz Eusko Jaurlaritzara ere jo dute laguntza eske; “uste dut eskaera horiek bide onetik doazela”, aitortu du Iturriotzek.

Bide horretatik, Iturriotz ez da ausartzen esatera Beloaga noiz egongo den berreskuratuta —ez berreraikita, ezinezkoa baita gaztelua zen bezala, berdin-berdin berreraikitzea—, baina uste du bi urteren buruan eginda egon daitekeela: “Dena ondo badoa, dorrea behar bezala konponduz gero, bestea ere egin liteke. 2016rako eginda egongo dela esatea gehiegitxo esatea litzateke agian, baina Aranzadik asmo hori du: urte bakoitzeko fase bat egitekoa”.

Oiartzungo nahiz Errenteriako armarrietan agertzen den gaztelua Beloaga da. Duela ez urte asko ia ezkutuan egon zen harri multzo horrek Oiartzualdean izan zuen garrantziaren erakusle da hori.

Beste bi faseak

Bigarren fasea egiteko, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaren zain daude Beloaga Bizirik taldeko kideak. Europako Batasunak ematen duen diru laguntza baten bitartez kudeatuko luke Jaurlaritzak Beloagarako ekarpena, monumentu historiko izendatuz gero; bide horretan espedientea zabalik du egitasmoak, eta hori “seinale ona” dela uste du Iturriotzek. Hartara, ekarpen horrekin, gazteluaren dorrearen altuera zazpi bat metrora iritsiko litzateke, eta goialdean plataforma gisako bat egingo lukete, petril batekin, “horrek dorreari dorre itxura emango lioke, nahiz eta bere garaian dorre horrek 12-15 bat metroko garaiera izan, pareten zabaleratik ateratako datuen arabera. Informazio panelak ere jarriko lirateke bigarren fase horretan”.

Hirugarren faseak iristeko erraztasun neurriekin du lotura. Izan ere, gaztelua Gurutze auzoko kaskotik hurbil dagoen arren ez da oso erosoa bertaraino iristea, eta eskailera batzuk egitea dago aurreikusia.

Oiartzuarren auzolana

Egitasmoa aurrera eramateko, oiartzuarren auzolana funtsezkoa izan da, hasieratik. 2010ean hasi ziren hainbat herritar gazteluaren ingurua garbitzen, eta eremua ezagutu eta bertan aurkitzen hasi ziren material eta gaiek bultzatuta, are indartsuago egin zuten Beloaga berreskuratzeko sentimendua. Obrak egiteko finantzaketa lortzen, egitasmoaren garrantziaz herritarrak eta erakundeak jabetzen eta Beloagan bertan izerdia botatzen ibili dira azken hilabeteetan herritarrak. Hil honetako lanak egin baino lehen, adibidez, asteburuetan beti bildu dira hainbat oiartzuar ur deposituak, morteroa eta harriak gazteluaren ondo-ondoraino eramateko; izan ere, gazteluak denboraren poderioz jauzi zaizkion harriak ditu inguruan, eta horiek erabiltzen ari dira.

2016rako hainbat egitasmo daude aurreikusita Gipuzkoan, eta Beloaga gazteluaren berreskuratzea izan daiteke eginda egon daitekeen bat.

Leave a Reply

Your email address will not be published.