Bigarren urtez, enplegua sustatzeko diru laguntzak martxan jarri dituzte Donostia mendebaldeko udalek: Andoaingoak, Astigarragakoak, Hernanikoak, Lasarte-Oriakoak, Urnietakoak eta Usurbilgoak. Enpresei diruz lagunduko diete inguru horretako langabeak kontratatzeagatik, enplegua sustatzeko toki ekintzetarako Lanbideren laguntza deialdiaren bidez. 3.000 eurotik 9.000ra bitarteko laguntzak jaso ditzakete enpresek; laguntza handiena denbora luzez lanik gabe daudenak kontratatzeagatik jaso dezakete, edota 35 urte azpikoei lehen lan kontratua egiteagatik.
Aurtengo aurrekontuan, 112.500 euro aurreikusi dituzte langabeak kontratatzeagatik enpresei laguntzeko. Diru hori Lanbidek finantzatutakoa da. “Urtero, Lanbidek diru laguntza batzuk ateratzen ditu enpresetan langabeak kontratatzeko. Azkenean, helburua eskualdean langabezian daudenak kontratatzea da”, azaldu du Rosa Hernandezek, Andoaingo Udaleko enplegu teknikariaren laguntzaileak. Donostia mendebaldean, maiatzean, 5.003 pertsona zeuden langabezian erregistratuta; %14,2ko langabezia tasa zegoen bertan, Gipuzkoakoa (%13,9) baino handiagoa. Hala ere, iazko maiatzean baino 198 langabe gutxiago ziren.
Aurten, gainera, zabaldu egin dituzte enplegua sustatu eta eskualdeko langabeak kontratatzeko diru laguntzak lortzeko baldintzak: “Iaz, diru laguntzen baldintzak nahiko zorrotzak ziren, eta, informazioa askok eskatu zuten arren, gutxik eskatu zituzten laguntzak”. Izan ere, gutxi ziren ezarritako baldintzak betetzen zituztenak: “Azkenean, bi kontratu bakarrik egin ziren”. Aurten, ordea, oinarriak zabalagoak izaten saiatu dira. Horregatik, laguntza eskatzera enpresa gehiago animatzea espero dute: “Dagoeneko deika ari dira informazioa eskatzeko”.
Beste kontratu batzuk ere egin ziren iaz, baina kontratua bukatu arte enpresek baldintzak bete ez zituztelako, diru laguntza jaso gabe gelditu ziren: “Diru laguntza eskatu zutenetako bat metaleko enpresa bat izan zen; bi langabe kontratu zituen, peoi. Baina, gero, enplegua erregulatzeko espediente batean sartu zen enpresa, lana gutxitu zitzaielako. Horregatik, azkena kontratutako bi langileak bota egin behar izan zituzten. Horren ondorioz, diru laguntzarik gabe gelditu ziren”.
Eskaera epea, zabalik
Diru laguntza edozein enpresak eska dezake, baina kontratatuko duen langabeak eskualdekoa izan beharko du, eta izena emanda egon beharko du lan eskatzaile gisa Lanbiden. Diru laguntza jasotzeko eskaera, berriz, Andoaingo Udalaren sustapen ekonomiko, enplegu eta gazteria saileko erregistroan egin behar dute enpresek, Urigain etxean. “Inportanteena enpresak kontratatuko duena eskualdekoa izatea da. Lehen, enpresak egoitza soziala eskualdean izatea ere eskatzen zen, baina orain ez”.
Aurten 112.500 euro dauzkate aurreikusita diru laguntzetan banatzeko. “Diru laguntza gehien diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten langabeak kontratatzeagatik emango dute, eta pentsatzen dut Lanbidekoak ere saiatuko direla kolektibo horretara bideratzen lan eskaerak”. Udalei ondo datorkie laguntzak ematea; bestela, dirua itzuli behar baitute: “Lanbidek laguntza bideratzen du enpresek eskualdeko langabeak kontratatzeko; ematen ez bada, udalek itzuli egin behar dute. Itzultzea defizita da udalentzat. Beraz, bertako langabeei lana emanez, diru hori enpresetan ahalik eta ondoena banatzen saiatu behar dugu, alde guztientzako onura delako”.
Enpresa edo profesional interesatuek dagoeneko egin dezakete eskaera, eta epea datorren urteko maiatzaren 31ra artekoa dute. Diru laguntzen inguruko informazioa eskualdeko udaletan ere eska daiteke. Enpresek diru laguntzaren onuradun izateko lan eskaintza zehatza ere aurkeztu behar dute Lasarte-Oriako Lanbideren bulegoan. Gero, Lanbidek proposatuko ditu lan eskaintza horretarako hautagaiak. “Lan eskaintza bideratzeko prozesua edo bitartekaritza Lanbidekoek egingo dute, azkenengo elkarrizketa arte. Gero, azken elkarrizketa enpresak egingo du”. Diruz lagundutako sei hilabetez azpiko kontratuen kasuan, kontratuek 2015eko maiatzaren 31 baino lehen bukatu behar dute. Baina sei hilabetetik gorakoak hortik aurrerakoak ere izan daitezke; ordea, data hori baino lehen, kontratuaren aurreneko sei hilabeteek beteta egon beharko dute.
Laguntza jasotzeko, gutxienez, hiru hilabeteko lanaldi osoko kontratua egin beharko du enpresak, eta, halakoetan, 3.000 euro arteko laguntza jasotzeko aukera izango du. Sei hilabete edo gehiagoko lanaldi osoko kontratua egiten dutenek, gehienez, 6.000 euro jasoko dituzte. Bi kasu horietan, kontratuen kostuaren %75 baino gehiagoko diru laguntzarik ez dute jasoko.
Kontratutako langabeak ezaugarri jakin batzuk betetzen dituenean, eta kontratua sei hilabetekoa edo gehiagokoa denean, 9.000 euro arteko diru laguntza jasotzeko aukera edukiko da. Halakoetan, kontratutako langabeek diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak izan behar dute, lehenbiziko aldiz laneratzen diren 35 urtetik beherakoak, edota kontratatu aurreko hemezortzi hilabeteetan hamabi hilabetez gutxienez Lanbiden izena emanda egon beharko dute lan eskatzaile gisa.
Leave a Reply