Beharrezko konplizea

Zenbatu berri ditut: 24 kamiseta, hamabi alkandora, hamaika praka, hamar zapata pare. 57 piezen etiketen arabera, berrogei Txinan edo Asia hego-ekialdean egin zituzten. Beharginak —umeak tartean— eguneko pare bat euroko soldatatik ez ziren pasako, zorigaiztoko tailerretan asteko 70 orduko lanaldiak eginagatik ere. Esklabotza boikotatzeko bigarren eskuko arropa erosi ahalko nuke, baina itsusiegia iruditzen zait ia beti. Bidezko merkataritzaren printzipioei jarraiki, janzki itxurosoak saltzen dituzten lauzpabost boutique ere ezagutzen ditut. Baina ufa, garestiak dira multinazionalenen aldean. Aukeran, nahiago bidegabekeriaren konplize jarraitu eta merke antzean armairua ederki hornituta eduki. Horrelakoxea naiz; beranduegi da, beharbada, aldatzeko.

Bart zezen plaza baten neurriko patata tortilla berdindu nuen, sei arrautzarekin taxututakoa. Zero zenbakidun zigilua zeramaten seiek: ekologikoak ziren, Brandenburgon nonbait aske dabiltzan oiloenak. Tortillarentzat osagai onenak erosten ditut, baina merkeagoekin konformatzen naiz gehienetan, 2 eta 3 zenbakidunekin. Badakit horien ekoizleek oiloak jaiotzetik torturatzen dituztela arrautzak egotzi ditzaten; ea laster Europako Batasunak estu hartzen dituen bi zangodun basapiztia horiek. Eta zer esanik ez, foie-aren tentaldia niri sortzeko ahateak lehertu arte puzten dituzten bihozgabeak ere. Nik, oraingoz, abereen tratu txarren konplize izaten jarraituko dut, halere. Nahiko nuke, baina dieta murriztu gabe ere garesti asko irteten zait hozkailua betetzea.

Sakelakoan Interneterako konexioa ipini berri dut; egun, etxetik 2.000 kilometrora egotea Oriora bizitzera joatea bezalaxe da. Ari naiz etekina ateratzen joan zen urtean erositako trasteari. Lehengoan erreportaje batean irakurri nuen kontu batek kezkatzen nau, hori bai. Gailuak fabrikatzeko beharrezkoa den koltanaren meategien kontrolagatik, hilero milaka hildako eragiten dituzten gerrak izaten omen dira Kongon. Ghanako kontrolik gabeko zabortegi baten irudia zekarren alboko orriak. Pornoa ikusteagatik birusez bete zaizkigulako baztertzen ditugun ordenagailuz beteta zegoen. Horretan ere konplize naizela uste dut; ea aurrekoek baino gehiago irauten didaten oraingo aparailu elektrikoek, arraioa.

Behin Alemaniako kontu korrontea banku etiko batean zabalduta, betiko aurrezki kutxako libreta zaharra ixtea pentsatu dut. Kutxaren bultzadatxoarekin etxea galdu berri zuen koitadu hark bere buruaz beste egin zuenean bururatu zitzaidan. Beraiek harrotu zuten burbuila eta! Baina egin beharreko gestioez ohartu naiz gero, fakturen helbideratzea aldatu… Ezinezkoa.

Atez atekoa ahuntzaren gauerdiko eztula denaz aspaldi konturatu nintzen. Kontsumitzaile moduan bakarrik sustatu dezaket iraultza, egunero, tranparik gabe, hor dago gudu zelai posible bakarra. Baina azaldu diezadatela nola egin; niri garestiegia eta korapilatsuegia suertatzen zait. Hori da nire aitzakia, behintzat.

Beharrezko konplize perfektua naiz. Kakaz leporaino nago.

Leave a Reply

Your email address will not be published.