1995ean ireki zutenetik, ikasle asko igaro da Donostiako AET Arte Eszenikoen Tailerretik. Horietako asko ibilbide oparoa ari dira osatzen. Besteak beste, Gorka Otxoa, Kepa Errasti, Aitziber Garmendia eta Miriam Cabeza. Baita Asier Oruesagasti ere (Donostia, 1986). Oruesagasti txikitatik hasi zen antzezten Zurriolako Antzerki Eskolan, eta 2005 eta 2007 artean AETko ikasle izan zen. Zineman, antzerkian eta telebistan lan egin izan du. Aktore izan nahi dutenez gain, “zerbait ezberdina” ikasi nahi dutenak ere animatu ditu eskolan izen ematera.
Noiz ikasi zenuen Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean? Ze oroitzapen duzu garai hartaz?
Oso oker ez banago, 2005ean hasi nintzen. Lehenengo filma bukatua nuen (Skizo), eta oraindik ez nekien Goenkalen hasiko nintzela. 9 urte nituenetik ari nintzen antzerkia egiten Zurriola Antzerki Eskolan, eta AETk txikitatik ikasitakoa sakontzen lagundu zidan. Ariketa antzekoak modu errealago batean lantzen hasi nintzen bertan, modu helduago batean, edo, beste era batera esanda, modu profesionalagoan.
Geroztik, lan dezente egin duzu aktore moduan: telebistan, antzerkian, zineman… Zure ibilbidean zer garrantzi izan du AETk?
Nola ez, aktore gisa ikasten joateko balio izan dit eskolak. Baina, batez ere, arloko jende asko ezagutzeko aukera eman dit. Gerora, horietako batzuekin lan egiteko aukera izan dut, gainera. Bai ikasle zirenekin, baita irakasle zirenekin ere. Batez ere, horrekin gelditzen naiz.
AETn ezagututako zeinekin lan egin duzu, adibidez?
Besteak beste, hainbat lan egin ditut Kepa Errastirekin eta eskolan irakasle izandako Julia Marinekin. Donostiako eskolatik igaro geroztik, aukera izan dut han ezagututako jendearekin lan egiteko.
Aktore gisa ezinbesteko jotzen duzu horrelako eskola batean ikastea? Zertan laguntzen du?
Ezagutzen dut jendea ikastaroetatik edo eskoletatik pasatu gabe aktore lanetan aritu dena eta konturatu dena formakuntza falta zaiola. Horietako batzuk geroago jotzen dute AET bezalako eskolatara. Azaldu izan didatenez, gabezia horretaz lehenago jabetu izan balira, lehenago hasiko ziren aktore gisa formatzen. Beraz, agian gehiegi da esatea ezinbestekoa dela, baina esango nuke oso gomendagarria dela. Gainera, aktore baten heziketa ez da inoiz bukatzen. Beti daude ikastaro berri interesgarriak. Edo aurrez egindako ikastaro bat beste irakasleren batekin landu daiteke.
Hiru urtetan banatzen da AETko ikastaroa. Zein ikasgai, edo tailerreko zein momentu duzu gogoan, batez ere?
Tailer, ikasgai eta kurtso guztietatik geratu zaizkit oroitzapenak. Oroitzapen onak, eta ez hain onak ere bai. Baina bat aukeratu beharko banu, AETko nire lehenengo urteko Interpretazioko ikasgaia aukeratuko nuke beharbada. Carlos Acosta aktorea izan genuen irakasle.
Zu bertako ikasle ohia izanik, nor animatuko zenuke Donostiako arte eszenikoen tailerrean parte hartzera?
Alde batetik, nola ez, aktore izateko grina duten pertsona guztiak; baina, horiez gain, animatuko nituzke zerbait ezberdina ikasi eta probatu nahi dutenak ere. Tailerra oso baliagarria izan daiteke jendaurrean azaltzeari edo hitz egiteari beldurra edo lotsa ematen dion edonorentzat.
Leave a Reply