Argazkilaritza pasio dutenei aukera bat emateko jarri zen martxan Argazkialdia, iaz. Bide batez, kulturaren sustapenak ez duela garestia izan behar erakutsi zuten antolatzaileek. Datorren urtean antolatuko dute bigarren aldiz, Andoainen, eta, 2015eko maiatzaren 16tik ekainaren 14ra izatea aurreikusi badute ere, antolaketa taldea jauzi kualitatiborako lanean ari da jada.
Gipuzkoan herri argazkigintza sustatzen zuen tamaina handiko jaialdirik ez zegoelako antolatu zuten Argazkialdia’13 Andoaingo Trentxiki Argazki Elkarteko bazkideek. Argazkilari ez-profesional eta hasiberrien elkargune izateko helburuz jaio zen. Urko Vallejo Argazkialdiko lehendakariaren hitzetan, espazio bat eskaini nahi zieten: “Guk uste genuen behar zela hasiberriei eta ezagunak ez zirenei argazkiak erakusteko aukera emango zien gune bat”.
Hain justu, Trentxikiko kideen artean ez dago argazkilari profesionalik, eta horregatik dute begiz joa jaialdia herri izaerakoa izatea, nahiz eta inguruetako argazkilari profesionalen lanei ere lekua egiten dieten. “Ez dugu festibal elitista bat nahi; gu argazkilari afizionatuak gara, eta gu bezalako jendeari eman nahi diogu aukera”, azaldu du Oihana Olalde Argazkialdiaren antolaketako kideak.
Beraz, datorren Argazkialdiak ere aukera emango die euren argazkiak jaialdian erakusgai jarri nahi dituzten argazkilari guztiei. “Edonork bidal ditzake argazkiak, eta gaia ere erabat librea da. Epaimahai independente bat osatzen dugu, eta horrek jaialdiaren ezaugarrien arabera hautatzen ditu erakusketarako argazkiak”. Hautaketarako orduan, ahalik eta argazki mota ezberdin gehien aukeratzeak izango du lehentasuna, Vallejoren arabera. Argazkiak bidaltzeko epea irekita dago jada, eta urte amaierara arte-edo egongo da horretarako aukera. Behin argazkiak hautatzen dituztenean, Andoaingo hainbat gunetan kokatuko dituzte: Goiko plazan, Bastero kulturgunean, Kale Nagusian, Juanita Alkain plazan, Santa Krutzeko zubian eta Zumea plazan.
Argazki jaialdiaren izaerari dagokionez, argazkilari hasiberriei aukera emateaz gain, beste bi ezaugarri nabarmendu dituzte: mugatutako aurrekontuarekin kalitatezko jaialdi bat antolatzea eta herriko ekonomian eragitea. Horregatik, Andoaingo gune esanguratsuetan zein Bastero kultur gunean argazki erakusketak jartzeaz gain, herriko taberna eta dendetan ere jarri zituzten irudiak ikusgai, eta erantzun ona jaso zuten: “Hemezortzi tabernatan egin genuen erakusketa, eta erdigunetik urrun dauden tabernetan ez zen askorik antzeman jendearen erantzuna. Erdiguneko tabernariak, aldiz, pozik geratu ziren, jende asko joan zelako argazkiak ikustera eta mugimendu handia izan zutelako”.
Iazko Argazkialdiaren antolaketan partaide aktiboak izan ziren Andoaingo dendari eta tabernariak, eta datorrenaren antolaketarako ere egingo diete gonbita Trentxiki Argazki Elkartekoek. Hala ere, erakusketen kalitatea hobetzeko asmoarekin, duela bi urte baino erakusketa gutxiago jarriko dituzte aurten, eta argazkien muntaketa egokia ahalbidetzen duten tabernek izango dute lehentasuna.
Gipuzkoarako jauzia
Jaialdi ez-profesional bat aurrera ateratzeak lan handia du, Vallejoren arabera, eta lehen aldiz jarraipena emateko asmoz antolatu bazuten ere, kontuan izan dute urtero lan hori euren gain hartzea ezinezkoa izango zela. “Horregatik, lehen edizioa Gipuzkoara begira antolatu genuen, ondoren, beste herri batzuek Andoaini txanda hartzeko esperantzaz”. Beste herri batzuetako argazki elkarteen aldetik prestutasuna egon bada ere, ez da kontua behar beste zehaztu.
Horregatik, datorren urtean ere Andoainen egingo dute Argazkialdia, eta efemeride berezi baten testuinguruan, gainera: “Andoainek Gipuzkoako beste hainbat udalerrirekin batera 2015ean 400 urte beteko dituenez, bigarren edizioa ere bertan antolatzera animatu gara”. Erakusketa handi bat egitea gustatuko litzaieke, 400. urtemuga beteko duten udalerrietako argazkiekin. Olalderen hitzetan, ordea, lanean ari dira oraindik, eta “ez dago ezer zehaztuta”. Izan ere, udalerri horietako gehienak nahiko txikiak dira, eta horrek lan banaketa zaildu egiten du, Vallejoren esanetan: “Herri horietako gehienetan ez dago argazki elkarterik, eta baldin badago, elkarte oso txikiak daude. Orduan, zaila ikusten dugu denen aldetik neurri bereko elkarlana osatzea”.
Leave a Reply