Kolorez beteko da

Cirque du Soleil Kanadako taldea Gipuzkoako hiriburuan izango da asteburuan, Dralion lana aurkezten. Anoetako belodromoan izango da igandera arte. Agertoki gainean pailazoak eta akrobatak izango dira protagonista nagusiak.

Guztira sei emanaldi eskainiko ditu konpainiak Donostian. Atzo egin zuten lehena; gaur, 17:30ean eta 21:00etan izango dira ikuskizunak; bihar ere ordu berean izango dira; eta, igandean, 16:00etan.

Dralion-i dagokionez, diziplina anitzeko ikuspuntua eta Txinako akrobazia artearen 3.000 urteak uztartuz egin du emanaldia Cirque du Soleilek. Ikuskizuna ekialdeko filosofian eta gizakien zein naturaren arteko harmonia bilatzean oinarritua dago. Dralion izena bi izaki legendarioen uztartzetik dator: Ekialdea irudikatzen duen herensugea eta Mendebala irudikatzen duen lehoia. Ikuskizunean naturako lau elementuek —airea, ura, sua eta lurra— gizakien itxura hartzen dute, gizakiak eta bere inguruak lortzen duten oreka erakutsiz. Dralion-en unibertsoan nahastu egiten dira kulturak, gizakiak eta naturak bat egiten dute eta, lanaren sortzaileen esanetan, oreka lortzen da.

Musika, mimoak, malabarismoak, umorea, saltoak eta koreografia ikusgarriak izango dira asteburuko protagonista Donostiako Belodromoan. Gaur egun, 40 herrik eta 25 hizkuntzak osatzen dute zirkua eta 3.000 langile dituzte munduan osoan. Horrez gain, 34×20 metroko pista erabiltzen dute. Espazio horrek, bi ordu eta erdiko ikuskizunean barrena murgiltzeko aukera ematen dio ikusleari.

Bide luzea eginda

Cirque du Soleil 1984an Quebecen Guy Laliberték eta Daniel Gauthierrek sortutako zirku konpainia da. Mundu osoan ezaguna da bere ikuskizunengatik eta 125 miloi lagunek ikusi dute zuzenean. 100 sari baino gehiago lortu ditu Cirque du Soleil konpainiak. Horrez gain, hilero casting-ak antolatzen dituzte munduko ikuskizun onena emateko.

Konpainia zirkuko arauak berritzeko asmoz sortu zen. Bere lehen ikuskizuna La Magie continue izan zen. 1987an AEBetara bidaiatu zuten eta 1990ean Europara. Beldurra, fantasia, poza, denboraren iragana edo Ekialde eta Mendebaldeko ohituren inguruan aritzen dira. Gaur egun, AEBak, Europa eta Japoniaren artean bidaiatzen dute.

Kolorea da zirkuaren ezaugarrietako bat. Quebeceko egoitza nagusian ekoizten dituzten jantzi, zapata, kapela, maskara eta makillaje zirriborroak edonor liluratzeko modukoak dira. 2.500 jantzi baino gehiago dira, hiriz hiri 50 bat edukiontzitan gordeta garraiatzen dituztenak. Eta horiekin batera lau arduradun, arropak zaintzeko eta konpontzeko eginbeharra dutenak. Hiri bakoitzean beste bi lagun ere kontratatu ohi dituzte laguntzaile gisa, emanaldi bakoitzean hiru aldiz aldatzen baitute artistek euren janzkera.

Cirque du Soleilek mundu osoko bazterrak kolorez eta magiaz margotzen ditu. Euskal Herria ere kutsatuko du zirkuak, Donostiatik Bilbora egingo baitu abuztuan.

Donostiako udalak Cirque du Soleil taldearen ikuskizunerako 420 sarrera eskaini zituen joan den astean langabe donostiarrentzat. Ordu gutxitan banatu zituzten guztiak.

Cirque du Soleilen ‘Dralion’ ikuskizuna

Igandera arte Donostiako Anoeta Belodromoan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.