Oholtzak betetzen

Arte eszenikoen sektorea aspaldidanik ari da eskatzen Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola bat irekitzeko Euskal Herrian. Urteetan hainbat elkartek eta profesionalek egindako eskaerei erantzunez, Eusko Jaurlaritzak 2010ean aurkeztu zuen eskola ofizial baten proiektua. Hain zuzen ere, asmoa zuen 2012-2013ko ikasturtean martxan jartzeko Eszenika izeneko eskola ofiziala. Arte dramatikoko eta dantzako bost gradu eskainiko zituzten Bilbon. 2012-2013ko ikasturtea joan zen, 2013-2014koa ere bai. “Apurka” urratsak egiten ari dira, baina datorren ikasturtean ere ez ditu irekiko ateak Eszenikak. Bitartean, eskola ez ofizialak datorren ikasturtea prestatzen ari dira, goi mailako eskolari buruzko berrien zain, baina haien zereginetan arretarik galdu gabe. Horietako bat da Donostiako AET Arte Eszenikoen Tailerra. AETk 20 urte beteko ditu hurrengo urtean.

AET 1995ean jarri zuten martxan. Ana Perez (Irun, 1959) bertako irakasle eta koordinatzaile pedagogikoak azaldu duenez, Antzerti eskola desagertu zenean, orduko profesionalek “hutsune handia” ikusi zuten sektorean. Hori dela eta, AET irekitzea erabaki zuten. Geroztik, urtez urte garatzen joan da proiektua, eta 400 lagunetik gora igaro dira eskolatik. Egun ezagunak diren aktore bat baino gehiago hezi dituzte bertan.

Perez eta tailerraren zuzendaritzako gainontzeko kideak datorren ikasturtea antolatzen ari dira egun hauetan. Eskola kontseilua duela astebete bildu zen, eta orain posta elektronikoaren bidez ari dira azken xehetasunak lotzen. Uztailaren erdia baino lehen bilduko dira berriz, datorren ikasturteko programa ixteko.

Beste eskola edo elkarte askori bezala, AETri ere alderdi ekonomikoak eragiten dio buruhauste gehien. “Badakigu zein den egungo egoera ekonomikoa. Sektore guztietan eragiten du krisiak, eta gu ere ez gaude horretatik salbu”. Donostiako eskolak hiru bidetatik jasotzen ditu diru laguntzak: Gipuzkoako Foru Aldunditik, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailetik eta Donostiako Euskara Patronatutik. Laguntza ekonomikoa emateaz gain, azpiegiturekin ere laguntzen die udalak. Egiako Kultur Etxeko hiru gela uzten dizkiete, programa aurrera eramateko. Perezek dioenez, ez dira “garairik onenak” diru laguntzak jasotzeko, “are gutxiago” kulturaren sektorearentzat.

Eskolaren aurrekontuaren beste alderdia ikasleek matrikulatzean ordaintzen duten diru kopurua da —1.275 euro ordaintzen dute—. Horretan ere ez die batere mesederik egin krisiak: “Krisiak familia gehienei eragin die. Ondorioz, ia familia guztiek nahi dute euren seme-alabek unibertsitate ikasketa formalak egitea”. Perezek azaldu duenez, matrikulazio garaian igarri dute hori. Ikasleek izena emateko ahalegin handiagoa egin behar dute: “Krisialdian inoiz baino gehiago konbentzitu behar dugu jendea antzerkigintza ikastea denei datorkiela ondo”. Familia batzuek dituzten zailtasun ekonomikoen jakitun, “erraztasunak” ematen saiatzen da eskola, ordainketa egiteko epea ikasturte osora zabalduz.

Eszenikaren “beharra”

Egungo zailtasunei aurre egiteko, Perezek “ezinbestekotzat” jo du Euskal Herrian “behingoz” goi mailako eskola ofizial bat sortzea. Hori dela eta, arloko beste hainbat talderekin eta profesionalekin batera lanean ari da AET, Eszenika sortzearen aldeko plataforman. Goi mailako eskola bat sortu nahi dute hezkuntza aldetik arte eszenikoei aitorpena egiteko, gainontzeko diziplina artistiko guztiei bezala; eta, horrez gain, arlo horretan goi mailako ikasketak egin nahi dituenak hemen egiteko aukera izan dezan nahi dute.

Ikasleek titulu ofizial bat lortu ahal izatea “garrantzitsutzat” du AETko koordinatzaileak: “Pentsa, nik 55 urte ditut, eta bizitza erdia daramat antzerkiaren inguruan lanean, titulazio bat ere izan gabe. Hala, edozein tituludun etor daiteke, eta ni paretik kendu. Ez dut inolako titulurik nire ikasketak eta esperientzia frogatzeko”.

Eszenika martxan jartzeko prozesua “nahi baino gehiago” ari da atzeratzen, baina “pixkana” aurrera doala dio Perezek: “Badakit urtero diogula gauza bera, baina ea 2015-2016ko ikasturterako irekitzea lortzen dugun”.

Hiru ikasturtetako eskola

Sektorean lan egiten duten profesional gehienak daude balizko goi mailako eskola horri begira. Eguneroko lana ahaztu gabe, ordea. Donostiako zein Euskal Herriko beste eskoletan buru-belarri jarraitzen dute aktoreak hezten.

Donostiako eskolak, adibidez, hiru ikasturte ditu. Hamalau irakasle guztira, eta dozena bat ikasle maila bakoitzean. Urritik ekainera bitartean ematen dituzte klaseak, astelehenetik ostegunera, arratsaldez eta lau ordu eta erdiz.

Lehen ikasturtean, “beldur eszenikoa” galtzea da helburua. Interpretazio jardunarekin kontaktuan jartzen dira askotariko jolas eta ariketen bidez. Bigarrenean, berriz, testuak lantzen dituzte ikasleek, eta agertokira begira jartzen dira gehiago. Hirugarren eta azken urtean, pauso bat gehiago ematen dute, eta muntatze bat egiten dute, lan bat eszenaratzean kontuan hartu beharreko alde guztiak aztertu eta ikasi ondoren.

Perezen esanetan, hiru urte horiek garrantzitsuak izan daitezke aktore izan nahi duen batentzat: “Ariketen bidez ikusten joan daiteke aktore izatea zer den”. Aktoreentzat ez ezik, uste du komunikazioaren munduan lan egiten dutenentzat ere balio dezakeela Donostiako tailerrak. “Norbera ezagutzen erakusten dugu eskolan, ingurua entzuten, begiratzen, hitz egiten… Denentzat da baliagarria hori”. Azaldu duenez, azken urteetan ikasleen soslaia aldatu egin da. Lehen, batik bat 20 urtetik gorako jendea matrikulatzen zen eskolan; egun, berriz, askok 16-17 urte dituzte.

Perezek zazpi urte daramatza irakasle gisa AETn, eta “gozatu” egiten du ikasle bakoitzaren bilakaera ikusita. “Lehen ikasturtean ikusten dituzu nola datozen, fresko-fresko haien gabezia guztiekin. Bigarren urtean ikusten duzu nola doazen heltzen eta baliabideak jasotzen. Hirugarren urtean, berriz, muntatzean pentsatzen duzu: ‘Ai ama! Nola iritsi ziren eskolara lehen egunean, eta nola aterako diren'”. Ikasle batzuek ibilbide oparoa hasten dute aktore gisa, eta beste batzuek ez. Hala ere, guztiek ikasten dute zerbait Donostiako aktore eskolan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.