Txernobyldik eta Saharatik datozen haurrak hartzen dituzte udan Tolosaldean. Lan horretan aritzen dira Chernobil elkarteko eta Oporrak Bakean dinamikako kideak. Joan den astetik, Ukrainako hiru haur eta Saharako errefuxiatu kanpamentuetako beste 26 eskualdean dira. Horietako hamabost harrera familiek hartu dituzte, Oporrak Bakean mugimenduaren bidez; eta gainerako 11k Amasako aterpetxean dira.
Eli Eizagirre da Amasako begiraleetako bat, eta Oporrak Bakean dinamikako partaidea ere bada. Azken urteetan hainbat tokitan egon ostean Amasan ostatu hartzea erabaki dutela azaldu du: “Brinkolan [Legazpi] bi uda igaro ondoren, talde kopurua jaitsi zela-eta Ibarrako Udalak utzitako etxe batean egon gara azken bi urtetan. Aurten, jendez indartsuago gaudela ikusita, Amasako parrokiaren etxe batean gaude”.
Chernobil elkarteko kide Nerea Albisuk, berriz, azaldu du 1996an jarri zela martxan beren proiektua. Aurten, Alegian, Asteasun eta Tolosan izango dira hiru haur, harrera familietan. Albisuren esanetan, haurrak lehen urtean “oso ahul” etortzen dira, eta defentsak oso baxu izaten dituzte: “Oso diru gutxi dute, eta, hortaz, kutsatuta dauden lurretan ereindako jakiak jaten dituzte. Oso erraz gaixotzen dira, eta kolore txarra izaten dute”. Osasun arazo horiez gain, lehen egunak “oso gogorrak” egiten zaizkie, nahiz eta gero “oso ondo” moldatzen diren. Aurten, lehen aldiz etorritako haurrekin egon ahal izan da Albisu, eta “oso gustura” ikusi ditu.
Ana Trapero Oporrak Bakean dinamikako kidea da hasiera-hasieratik. Aurten, hamabost haur saharar etorri dira eskualdera, eta harrera familiekin daude Altzon, Alegian, Tolosan, Amasa-Villabonan, Lizartzan eta Zizurkilen. Aurten, harrera familia berri batek parte hartu du proiektuan; gainerakoak aurreko urteetatik errepikatzen dutenak dira. Traperoren esanetan, errepikatzen duten haurrek badakite nora datozen, eta “ilusio eta lasaitasun handiarekin etortzen dira”. “Lehen aldiz etortzen direnek, ordea, urduritasun handiagoa izaten dute; dena berria da haientzat”.
Egitasmoak hainbat helburu ditu, eta osasuna, aisia eta politika lotzen ditu. Izan ere, haur ukrainarrak bezala, sahararrak ere osasun arazoekin etortzen dira: “Ume bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina hemengo haurrak baino argalagoak eta txikiagoak dira; batzuek anemia pixka bat izaten dute, eta beste batzuek, parasito txiki batzuk”. Horrez gain, ikusmenean arazoak ere izaten dituzte “hondarrarengatik”; baita ahoan ere, “edaten duten ura ez delako kalitate onekoa”. Aurten, gainera, tinpanoa zulatua duen haur bati ebakuntza egin beharko diote. Arazo horiekin gurera iristen direnean, begiraleek eta harrera familiek egiten duten lehen gauza umea medikuarenera, dentistarenera edo okulistarenera eramatea da.
Bi hilabeteotako egonaldiaren beste helburuetako bat aisia da. Izan ere, haur sahararrak errefuxiatuen kanpamentuetan jaio eta hazi dira, eta ez dute “besterik” ezagutzen. Euskal Herrian, paisaia desberdinak ikusteaz gain, “igerilekura joaten dira, bizikletan ibiltzen dira, herriko festetako haur jolasetan jolasten dira…”. Azken finean, sahararren eta euskaldunen arteko “elkarbizitza” sustatzen dute. Chernobil elkarteko kideek ere uztailean hainbat ekintza egiten dituzte. Joan den asteburuan, esate baterako, Chernobil elkarteko I. lasterketa egin zuten: “Izugarri ondo pasatu genuen, eta primeran atera zen”.
Salaketa egiteko bide
Chernobil elkarteak eta Oporrak Bakean dinamikak salaketa lana ere egiten dute. Albisuk berak hiru urtean ikusi ahal izan du zer egoera duten: “Oso gogorra da”. Abuztu amaieran egiten dute elkarteko kideek Ukrainarako bidaia, eta bertan hurrengo urtean etorri nahi duten haurrak bisitatzera joaten dira, “euren egoera zein den ikustera”. Izan ere, etorri nahi duten haurrek baldintza batzuk bete behar dituzte: “Kutsatutako inguruan bizitzea eta inguru horretatik euren kabuz ateratzeko gaitasun ekonomikorik ez izatea”. Guztien egoera banan-banan aztertzen dute, “zoritxarrez” ez baitute guztiak ekartzeko aukerarik. Egoera horri, gainera, Ukrainan egun duten egoera politikoa gaineratu behar zaio: “Gure haurrak iparraldean bizi dira, eta ez dute telebistan ikusten dugun biolentzia ikusten, baina janaria, adibidez, asko garestitu da”.
Oporrak Bakean dinamikak ere baditu helburu politikoak. Duela hamabost urte sortu zenean, urte bakarreko ekintza izateko esperantzarekin sortu zen, Traperoren esanetan: “Euren egoera urte horretan konponduko ote zen pentsatzen genuen”. Hamabost urte igarota, ordea, egoerak “berdin” jarraitzen du: “Saharar herritarren gehiengoa kanpamentuetan bizi da, beren herrialdea kendu dietelako eta eskubideak zapalduak dituztelako”. Traperok “betiko ahaztuak” direla uste du, eta ez daki noiz arte iraungo duten egoera horretan. Etortzen diren haurrek, esaterako, “ez dute euren herria ezagutzen”.
Edonola ere, bi kasuetan beharrezkoa da egiten duten lana, miseria ezagutzen duten haur horiek beste era bateko uda pasatu dezaten. Traperok jendea animatu nahi du, egitasmoak aurrera egin dezan eta familiek haurrak ekartzen jarrai dezaten: “Irribarre polit batekin erantzuten baitute beti”.
Leave a Reply