Ahuldadea, non?

Barrua husteko premia daukat. Ezin dut haurdunaldi bat bertan behera uzteko eskubidearen aldeko jarrera eragotzi. Bizitzaren defentsak ez omen du kolorerik. Ez omen da ezkertiar edo eskuindar izatea auziaren gakoa. Ez kolore, ez hanka, eta ez buru.

Hil ala biziko auzia da. Inoiz baino hobeto datorren esaldia, dudarik gabe. Aspaldi ikasi nuen nola hitz egin ez dakigunean isilik egoten jakin behar dela. Gallardon bezalako indibiduoek ere hobe lukete esaera zaharretatik ikasi eta lege berri zaharkituei ateak itxi.

Abortua eskubidetzat onartzea atzerapausoa omen da. Gizarte porrota bultzatzea omen da. Ahulena babesteko modu bat omen da bizitza oro aurrera ateratzea. Zer nahi duzue esatea? Barregura ez beste sentimendu guztiak pizten zaizkit. Horregatik ari ote dira heziketa bereziko laguntzaileen lanaldiak murrizten eta gutxitzen? Ahulenak edo laguntzarik gehiena behar dutenei laguntzearren? Eurek esan ahulenaren alde egingo dutela eta segidan lehenengo mailako eta bigarren mailako biztanlerik ez dagoela. Eurek egiten dute indartsuen eta ahulen arteko bereizketa, eta gero nahi duten guztia esan. Lotsagarria! Ez dakit nola ez zaien lotsa erditzen ahoa zabaltzen duten bakoitzean.

Ia bi urte behar izaten ditugu hizketan ikasteko, baina bizi osoa behar izaten dugu isiltzen ikasteko. Kasualitatea ote da abortuaren eta bizitza eskubidearen inguruan hizketan hasten diren bakoitzean emakumearen irudia soilik agertzea? Emeon gaia soilik al da? Edo gai eme bat al da? Denoi eragiten zigula uste nuen. Ez da hizkuntzaren malformazioa. Ez da hezkuntzaren informaziorik eza. Aurrera aterako den erabaki atzerakoi baten egileen buru argitasunik eza da. Harritzekoa, orain ere emakumeon gorputzaren inguruan gizonezko bat hizketan! Eta ez hizketan soilik, erabakiak hartzen! Lege honek agian ez du atzera bueltarik izango, eta horregatik egin beharko dute desio ez diren haurdunaldiek ere aurrera, baina ez gure desadostasuna agertu gabe! Aski da! Aske izan nahi dugu! Asko eske ari gara!

Europako beste herrialdeen eredu izango omen da Espainia. Denak Espainiako lege antzua noiz erdituko den zain. Hamaika ikusteko gaude! Eta jaioko diren hamaika ikusteko ere bagaude, eta horietako batzuek bide zaila izango dute bidean geratzeko aukerarik utzi ez zitzaielako. Gure larruan jartzeko gaitasunik ez dutenengatik larrutik ordainduko dugu. Buru hutsak sabel beteei buruz. Gure gorputzaren mugak non dauden mugarik gabe eztabaidatzen. Sabel hiztunak baino nortasun gutxiagorekin.

Lagun batek esan zuen moduan: gisa horretako gizasemeak jaio zirenean ez al zegoen abortatzeko aukerarik?

Leave a Reply

Your email address will not be published.