Denak ez daude pozik

“Uste dut Mutrikuko herriarentzat garrantzitsua dela portuaren eraberritzea. Herria leku zoragarrian dago, eta espero dugu itsas turismoari erakargarri egingo zaiola. Horretarako egin dugu eraberritzea: Mutrikuren garapen ekonomikoa bultzatzeko”. Kirol portuaren inaugurazio egunean egin zituen hitzok Edurne Egaña Euskal Kirol Portuen zuzendariak. Urte luzeetako gorabeheren ondoren, joan den ostiralean aurkeztu zuten. Egañak ez ezik, inaugurazioan parte hartu zuten Almudena Ruiz de Angulo Eusko Jaurlaritzako azpiegitura zuzendariak zein EH Bilduko eta EAJko ordezkariek. 301 ontzirentzako lekua du portu berriak.

Portuaren inaugurazioak, ordea, ez ditu mutrikuar guztiak asebete. Horren erakusle da dozenaka herritarrek lehengo ostiralean egindako elkarretaratzea. Bi pankartaren atzean elkartu ziren. Babes dikea amaitu, zioen batek. Portua mutrikuarrona da, aski da!, besteak. Herriko talde batzuek hasieratik gaitzetsi izan dute portua eraberritzeko proiektua. Esate baterako, Berdeak eta Independenteak taldeak -udaletxean egun zinegotzi bat du- eta Mutrikuko Natur Taldeak.

Mutrikuko kirol portua eraikitzeko proiektua Portuko Plan Bereziaren barruan sartzen da. Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak 2003an aurkeztu zuen plana. Hainbat atal ditu proiektu hark. Lehenik, kanpoaldean babes dike bat eraikitzea zen asmoa, portua babesteko. Ondoren, kanpo kaia sortu nahi zuen jaurlaritzak “merkataritzarako edo arrantzarako”. Gero, zerbitzuen gunea eraikiko zuten Mollaberriren atzean. Eta, azkenik, kirol portua portu zaharraren gainean.

Herriko zenbait elkartek gogor egin zuten proiektuaren aurka. Batez ere, zentzurik ikusten ez ziotelako portua handitzeari. Noiz eta Mutrikun inoiz baino arrantza itsasontzi gutxiago zeudenean. Bi itsasontzi, hain justu.

Dikearen lanak, amaitzeko

Protestak protesta, 2006an hasi zituzten babes dikearen lanak. Portuko sarrera arriskutsua zen itsasontzientzat. Hala, xehetasunetan bat ez etorri arren —tamainan eta norabidean—, herritar gehienek ikusten zuten babes dikea eraikitzeko beharra. 400 metro luzeko dikea egitea zen asmoa. 2009an, ordea, PSE-EEren gobernuak gelditu egin zituen lanak, “dirutza xahutzen” ari zela eta. 2011 amaieran lehiaketa publikora atera zituen, baina EAJren gobernuak geratu egin zuen prozesua, kontratuen baldintzetan hainbat oker zeudela argudiatuta.

Lanak geldirik daude oraindik. 100 metro inguru falta zaizkie amaitzeko. Hori gogorarazi du Joxean Agirregomezkorta gobernazioburuak (EH Bildu): “Kirol portuak etorkizunean herrira ekar lezakeena ongi etorria izango da, baina, planaren barruan, azken fasea zen. Bada aurreko lanik ere: babes dikea amaitzea, adibidez”.

Agirregomezkortaren esanetan, agian “ez da beharrezkoa” izango dikea bukatzea. Baina Jaurlaritzari eskatu dio “behingoz” erabakitzeko zer egin nahi duen Mutrikuko portuarekin. Obrekin”aspertuta” daudela dio: “Jada hamar urte dira lanak hasi zituztela. Hesiak, hautsa, zuloak… Bada garaia portu ingurua txukuntzeko. Dikea bukatu edo ez, hori aztertu beharko da, baina buka ditzatela obrak”.

Hori dela eta, aste honetan Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak (EH Bildu) Ana Oregi Jaurlaritzako Ingurumen sailburuari gutun bat igorri dio eskatuz portuko lanak bukatzeko; 2015eko aurrekontuetan Mutriku kontuan hartzeko eskatu dio.

Udalak iaz plan bat aurkeztu zion portuko zuzendaritzari. Udalaren arabera, hamar urtean portuaren errealitatea aldatu egin da. Eta, ondorioz, duela hamar urte prestatutako planak ez du balio. Parte hartze prozesu bat jarri zuten martxan, eta haren ondoren egin zuten proposamena. Agirregomezkortak azaldu duenez, “egindakoa eginda” dago eta “ez du zentzurik” atzera egiteko eskatzeak, baina uste du oraindik portua “egokitu” daitekeela mutrikuarren beharretara.

“Pribatizazio prozesua da”

Mutrikuko Natur Taldeak hasieratik begiratu zion errezeloz portuaren proiektuari. “Arrazoi asko” dituzte haren aurka egiteko. Bertako kide Rafa Perezen arabera, eremu publiko bat pribatizatu nahi izan dute. “Guztien eremua dena gutxi batzuen esku utzi nahi dute”. Haren esanetan, ez da egia gainera kirol portu berriak herriko ekonomia bultzatuko duenik. Hori dela eta, Jaurlaritzari eskatu dio txosten baten bidez frogatzeko eraberritzea “errentagarria” dela: “Hiru milioi euro baino gehiago gastatu dituzte: ez dut uste horren pareko gizarte onura eragingo duenik”.

Mutrikuarren interesei gutxi begiratu zaiela dio Perezek. Parte hartze prozesu baten falta sumatu du. Bi adibide jarri ditu: “Gu beti bainatu izan gara portuan. Orain, ezinezkoa da, guztia hesitu ondoren. Bestalde, portua erdi hilik zegoenez, autoak aparkatzeko erabili izan dugu. Orain, eremu erdia beretzat hartu du Euskal Kirol Portuak”. Hondartzaren egoera ere kritikatu du: “Portua eraberritzeko, hondartza desegin zuten, beste bat egitekotan. Uda iritsi da, eta oso gaizki dago”.

Iazko udaberrian kirol portua eraikitzeko lanak hasi zituztenean, taldeak Ingurumen Sailari eskatu zion lanak eteteko, ingurumen baimenik ez zutela argudiatuta. Perezek azaldu duenez, dikearen eraikuntzak soilik jaso zuen ingurumen baimena, eta ez portuarenak. Haren esanetan, dikearentzako baimenaz baliatu dira portua egiteko, eta “legez kanpokoa” da hori. Gipuzkoako Fiskaltzan aurkeztu zuten salaketa, baina ez diote kasurik egin: “Elkar babesten dute”.

Mutriku Natur Taldeak ere onartzen du “egindakoa egina” dagoela eta ia ez duela atzera bueltarik. Hala ere, “borrokan” jarraituko du “egindako txikizioari” moldaketak egiteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.