Elkartasunezko igeri saioa

Herritarrak esklerosi anizkoitzaren inguruan kontzientziatzea eta gaixotasuna dutenen errehabilitazio zerbitzua finantzatzea. Horiexek dira Esklerosi Anizkoitzaren Eugenia Epalza Euskal Fundazioak antolatzen duen Busti zaitez kanpainaren helburuak. Igandean hamazazpigarren aldiz egingo da igeriketa solidarioa, eta milaka gipuzkoarren parte hartzea aurreikusi dute.

1994. urtean ekin zioten, eta aurten hamazazpigarren aldiz egingo da esklerosi anizkoitza duten herritarren aldeko igeriketa solidarioa, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako laurogei hondartza eta igerilekutan, igandean. Gipuzkoan, hamasei Busti zaitez gune izango dira, bizi ohitura osasuntsuen alde igeri egiteko: Arrasate —uztailaren 6an egin zuten—, Azpeitia, Deba —uztailaren 6an egin zuten—, Donostia —Zurriola, Kontxa eta Ondarreta—, Errenteria, Hondarribia, Legazpi, Mutriku, Oñati, Ordizia, Urretxu, Zarautz eta Zumaia. Igerilari guztiek libreki eta dohainik parte har dezakete, eta, amaieran, bakoitzak egiten dituen metroak batzen dituzte.

Arrasaten, joan den igandean egin zuten igeriketa, eta Toki Argiko boluntario taldeak balorazio positiboa egin du. Izan ere, eguraldi eskasa egin arren, 1.709 euro lortu zituzten, esklerosi anizkoitza dutenentzako errehabilitazio zerbitzua finantzatzeko. Egun berean, gainera, Debako VI. Itsas Mila Igeriketa Zeharkaldia egin zen, eta Busti zaitez kanpainaren barnean egin zuten. Horrez gain, Mutrikuko VIII. Hondartzako Waterpolo Txapelketa jokatuko dute bihar, eta 12:00etan partiden etena egingo da, esklerosi anizkoitza dutenen aldeko igeriketarako.

Fundazio antolatzailearen arabera, Esklerosi anizkoitza dutenen errealitatea ezagutarazteko “tresnarik garrantzitsuena” da Busti zaitez; hainbat gipuzkoar ezagunek ere bat egin dute kanpainarekin: Borja Cobeaga gidoigile eta zinema zuzendaria, Iñaki Gabilondo kazetaria, Martin Berasategi eta Pedro Subijana sukaldariak, eta Ander Vilariño pilotua. Horietako askok parte hartuko dute igandean egingo duten ekitaldi nagusian, 12:00etan, Kontxan.

Hamaseigarren ekitaldia, iazkoa, arrakastatsutzat jo zuten antolatzaileek, guztira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 900 hondartza eta igerilekutan egin baitzen igeriketa solidarioa. 110.000 herritarrek eta 3.000 boluntario inguruk parte hartu zuten. Kontzientziatzen laguntzeko, Busti zaitez kanpainarako irudi berria diseinatu du Kukuxumusu enpresak. Kartelak, kamisetak eta eskuoihalak egin ditu, besteak beste.

Leave a Reply

Your email address will not be published.