Beren kasa moldatu ezin diren herritarrek aurtengo udan ere Hondarribiko hondartzan ibili eta bainu fresko bat hartzeko aukera izango dute. Zortzigarren urtez, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak asteartean jarriko du martxan Oztoporik gabeko bainua programa. Abuztuaren amaierara arte eskainiko dute zerbitzua, 11:00etatik 18:00etara.
Gainontzeko herritarrek bezala, aniztasun funtzionala dutenek ere hondartzako aisialdi ekintzak egiteko aukera edukitzea. Irati Fernandez proiektuaren koordinatzailearen esanetan, horixe da kirol egokituen federazioak bultzatutako egitasmoaren helburua: “Guretzat erraza da agian. Hondartzara joan, hondarretan paseatu, eta nahi dugunean uretan sartu. Herritar askok, ordea, zailtasun handiak dituzte erraza dirudien hori egiteko”.
Hori horrela, 2007az geroztik, zailtasunak dituztenei baliabideak eskaintzen dizkiete Hondarribiko hondartzan. Doan, gainera. Euskal Herriko beste hondartza batzuetan badaude antzeko egitasmoak, baina ez Hondarribikoan bezain “osoak”. Urtez urte, erabiltzaileek proposatuta berrikuntzak egin dituzte, eta hori eskertu dute erabiltzaileek.
Hondartzaren zati bat guztiz egokituta dago programa aurrera eraman ahal izateko; aldapa egokituak dituzte, pasabide finkoak, aldagela, dutxa eta komun egokituak, gurpil aulkian iristeko moduko eguzkitakoak, hondarretan eta ur gainean ibiltzeko aulkiak, makuluak, pertsonak lekuz aldatzeko garabi autonomoak. Zerbitzuak koordinatzaile bat du, eta sei teknikari espezializatu, erabiltzaileei bainua hartzen laguntzeko. Gidari batek osatzen du taldea, garraio zerbitzua ere eskaintzen baitute.
Garraio zerbitzua erabili nahi dutenek 651-90 26 66 telefonora deitu behar dute aurrez, eguna, lekua eta ordua zehazteko. Adostutako tokian jasotzen dute erabiltzailea, hondartzara eramateko. Aldagelara eramaten dute lehenik, eta bainu gunera gero.
Fernandezek azaldu duenez, azken xehetasunak lotzen ari dira, baina jada prest daude astearterako. Herritarrak beren aldetik joaten dira, baina batez ere eguneko zentroekin lan egiten dute. Haiekin egutegia adosten ari da azken egunetan.
Izan ere, egunak “ahalik eta ondoen” antolatzen saiatzen dira, “behar bezalako” zerbitzua eman ahal izateko. Egun batean zortzi talde eta hurrengo egunean bakarra izan beharrean, lana banatzen saiatzen dira. Hala ere, badakite eguraldiaren menpe daudela. Hori dela eta, egun eguzkitsuetan “ahalegin berezia” egiten dute, ahalik eta jende gehienari zerbitzua eskaintzeko.
Programaren koordinatzaileaak azaldu duenez, erabiltzaile gehienak gipuzkoarrak dira: Hondarribi ingurukoak, Donostia ingurukoak, Zarauzkoak… Abuztuan, ordea, iristen da urrutiagoko jendea. Hainbat taldek herriko aterpe batean pasatzen dituzte egun batzuk, eta aisialdiko ekintzetako bat izaten da hondartzara joatea. Talde horiek “finkoak” bihurtu dira, urtero samar joaten dira Hondarribira. Zornotzakoak (Bizkaia) eta Burgoskoak (Espainia), esate baterako.
Aurten, deitu diete Valladolideko (Espainia) Aspace elkartetik ere. Fernandezek uste du “ahoz ahokoaren” bidez ari dela proiektua zabaltzen: “Burgosko Aspacekoak uda batean etortzen badira eta zerbitzuak ondo funtzionatzen badu, beste elkarte batzuei emango die honen berri. Haiek, gero, beste batzuei hitz egingo die programaz. Horrela, apurka-apurka zabaltzen doa”.
Zailtasun ekonomikoak
Zerbitzuaren erabiltzaile kopuruak 2012an jo zuen goia —1.200 erabiltzaile—. Iaz, ordea, erdira jaitsi zen kopurua, krisialdiaren eraginez “gutxieneko baliabideak” baitzituzten; hilabete batera murriztu zuten eskaintza, eta begirale bat gutxiago aritu zen.
Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioaren nahia da zerbitzua herri gehiagotan eskaintzea. Baina, oraingoz, ez zaie posible. “Nahiko lan” badute orain artekoari eusten. Hondarribiko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxaren diru laguntzak jasotzen dituzte, baina hainbat enpresa pribatutara jo behar izan dute proiektuari eusteko.
Leave a Reply