Jokoa eta hizkuntza parez pare

Lau hamarkada daramatza Lazkaoko Maizpide euskaltegiak udako euskara ikastaroak eskaintzen. Beti izan dute “lotura handia” herriarekin, Jon Urdangarin zuzendariaren arabera, eta, horren harira, euskara eta esku pilota ikastaroa antolatu dute datozen bi asteetarako.

Duela urte batzuk aldatu egin zuten udan euskara irakasteko modua Maizpiden. Urdangarinen arabera, ikastaro eskaintza erakargarriagoa egitearren hartu zuten erabakia: “Ohartu gara jendeak zazpi ordu eserita egon ondoren mugitzea nahi izaten duela, eta kirolaren aukerari heldu genion”. Hala, lehen baino ikastaro motzagoak eskaintzen dituzte orain, hamabost egunekoak; eta teoriarekin batera tailerrak eskaintzen ere hasi dira: euskal musika, euskal dantzak, sukaldaritza, ibilaldiak…

Aurtengo eskaintza antolatzen ari zirela ohartu ziren Lazkaon pilotaren inguruan zerbait egiteko eta herritarrekin elkarlanean aritzeko aukera zutela: “LAPKE [Lazkaoko Antzar Pilota Kirol Elkartea] herrian izanda, Kemen Kirol Osasun Zerbitzuen zentroa ere bertan egonda, eta udalak azpiegiturak uzten dizkigunez, herria eta euskaltegia lotzeko beste modu bat izan zitekeela iruditu zitzaigun”. Hala, datorren astelehenetik hilaren 25era bitartean eskainiko dute 22na, euskara eta pilota ikastaroa Maizpiden.

Pilotan jokatu eta euskaraz ikasi aldi berean egiteko aukera emango dutelako hautatu zuten ikastaroaren izena: “Badakigu pilotan ezinezkoa dela 22na egitea; baina islatu nahi genuen ikastaro horretan bi gauza egingo direla: pilotan jokatu eta euskara ikasi. Biak, gainera, maila bertsuan. Horregatik irudikatu nahi dugu berdinketa hori, bi aldeetatik irabazten irtetea esan nahi duelako”.

Hasieran, pilota eskoletan-eta dabiltzan 16-17 urte bueltako gazteentzako ikastaroa prestatzea pentsatu zuten, baina gero ohartu dira edonorentzat izan daitekeela. Goizetan, ikasleak euskara mailaren araberako taldeetan kokatuko dituzte, eta, arratsaldez, ikastarorako izena eman duten ikasle guztiak batuko dituzte. “Ordu batez, pilotaren inguruko hizkuntza landuko lukete: hiztegia, testuak, pilotariei egindako elkarrizketak… Ondoren, pilotan arituko lirateke: bi egunetik behin, arlo teknikoa landuko dute LAPKEko kideekin; eta, gainerakoetan, Kemeneko Etor Mendia prestatzaile fisikoarekin arlo fisikoa lantzen arituko dira”.

Euskara eta pilota ikastaroa eskainiko duten lehen urtea izanik, talde bat osatzea aurreikusi dute: “Zortzi eta hemezortzi lagun artean, alegia”. Parte hartu nahi dutenek Maizpidera bertara dei dezakete, 943-88 92 31 telefonora; edo mezu elektronikoa bidal dezakete lazkao@maizpide.com helbidera.

Atzerrikoentzako eskaintza

Astelehenean lehen aldiz abiatuko den euskara eta pilota ikastaroaz gain, urteroko udako eskaintzari eutsiko diote aurten ere Maizpiden: “Kultur ekintzak ere izaten ditugu: antzerkiak, jaialdiak, bakarrizketak, ikus-entzunezkoak… Hamabostaldi polita pasa daiteke Lazkaon; euskaltegia ere herrian bertan dago, eta herritarren artean murgiltzea oso erraza da. Gainera, aurten, aurreko urteetan baino jende gehiago dabilkigu”.

Hain justu, Lazkaora bertaratu direnen artean atzerritarrak ere badaude aurten: “Hizkuntzalaritzan aritzen diren hainbat irakasle eta ikasle etorri dira”. Horiek gaur amaituko dute Euskaraz idatzitako testuak ulertzen ikastaroa. Etxepare Euskal Institutuak eskatuta antolatu dute, Mario Santana Hizkuntzen Departamentuko irakasleak iradokita —Chicagoko Unibertsitatean, literatura espainiarra, euskalduna, galegoa eta katalana ikertzen ditu, bai eta haien arteko harremanak ere—. Eusko Jaurlaritzak HABE erakundearen bidez homologatutako ikastaroa da, gainera.

NABO Ipar Ameriketako Euskal Elkartearen bidez etorritako bost ikasle ere Maizpideko barnetegian parte hartzen ari dira. Ekainaren 30ean abiatu zuten egonaldia, eta aste honetan amaituko dute. Idahotik, Kaliforniatik eta Illinoisetik etorri dira, eta egunean zortzi orduz euskara ikasten aritu dira bi astez. NABOk antolatutako kurtso berezi horretan, ingelesez egiten duen irakaslea eta eurentzat diseinatutako materiala izan dituzte. Euskaraz gain, Euskal Herriko kulturaz gozatzeko tartea ere hartu dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.