Musika beltza Bergaran

Joan den ostiralean abiatu zen Bermuga musika zikloaren aurtengo edizioa, Bergaran, Jimmy Barnatan & The Coconuts taldearen kontzertuarekin. Gaurkoa izango da bigarren emanaldia, eta abuztuaren 20an bukatuko da. Antolatzaileen asmoa musika beltza herritarren eskura jartzea da. Uztail eta abuztuan, kaleko sei musika ikuskizunekin gozatzeko aukera izango da Bergaran. Hilabete honetako ostiral guztietan, kontzertuak Espoloian izango dira. Abuztuako kasuan, berriz, asteazkenetan izango dira, Usondo eta Irizar parkeetan.

Gaurkoan, 2009. urtean Kantabrian (Espainia) sortutako Vespa Groove proiektua ezagutzeko parada izango da. Bermugaren antolatzaileen arabera, “jazzeko eskarmentuzko musikariak soul eta funky doinuak lantzen” arituko dira 22:00etan abiatuko den kontzertuan. Jazz fusion egiteko gogoz zeuden bost lagunek osatu zuten hasierako banda: Chisco Villanueva saxoan, Rafael Santana teklatuetan, Javier Garcia Escudero gitarran, Toño Gutierrez baxu elektrikoan eta Rodri Irizabal baterian.

Bandaren lehenengo urtean, Kantabria osoan barrena euren gaiak eta jazz fusion moldeko cover-ak eskaini eta gero, hasierako planteamendua eta bandaren formatua erabat aldatzeko erabakia hartu zuen taldeak, eta soinua soul eta funk moldeetara lerratzen hasi zen. Macarena Soto Maki abeslaria batu zitzaien, eta, gero, Benjamin Blanes tronpeta jotzailea eta Edu Diz tronboi jotzailea. Egun, zortzi lagunek osatzen dute Vespa Groove, eta kontzertu bakoitza energiaz beteriko ikuskizun bihurtzen ahalegintzen dira, Billy Cobham, Marcus Miller eta Herbie Hancock musikarien abestiak interpretatuz.

Datozenak

Hurrengo emanaldia hilaren 18rako antolatu dute, eta “Euskal Herrian musika beltza lantzen duen talderik garrantzitsuena” izango da emanaldia eskainiko duena: Travellin’ Brothers. Duela hamar urte sortu zen, Leioan; familia taldea da, eta bidaiaria. Espainiako jaialdi, klub eta areto handi askotan jotzeko aukera izan du, baita Europako hainbat herrialdetan birak eta itzuliak egiteko ere.

Musikaren arloan eskarmentu handiko taldea da, eta taldekideek batez beste 35 urte baino ez dituzten arren, 600 emanalditik gora eskaini dituzte. Seigarren diskoa otsailean aurkeztu zuten, Magnolia Route deiturikoa. 1930 eta 1940 hamarkadetako banda handiek berezkoa zuten estiloko swing eta jazza topa daitezke bertan. Zuzeneko emanaldiei dagokienez, kontzertu bizi eta ikusgarriak eskaintzen dituzte.

Bermugaren aurtengo edizioak beste hainbat emanaldi bilduko ditu datozen asteetan ere. Hilaren 25ean, Lluis Coloma & Trio eta Paul San Martin piano jotzaileen txanda izango da. Abuztuko lehen saioa hilaren 6an izango da, 20:00etan, Usondo parkean. Euskal Herriko bi kantari berezik elkarrekin duten egitasmo berria erakutsiko dute bertan: Morau eta Beñardok Arrainentzako himnoak elkarlaneko ikuskizuna aurkeztuko dute. Zikloaren azken emanaldia abuztuaren 20koa izango da, 20:00etan, Irizar parkean. Bertan, Los Gatos Bizcos taldea osatzen duten lau musikariek —Quique Gomez, Pablo Sanpa, Hector Rojo eta Petek— swing, blues eta jazz estiloak jorratuko dituzte.

Vespa Groove

Gaur, 22:00etan, Espoloian.

Leave a Reply

Your email address will not be published.