Gastronomia mundua gogoko duten 14 eta 17 urte arteko 21 gazte Zizurkilen bildu dira. Basque Cullinary Centerrek antolatuta, Udaleku Gastronomikoan parte hartu dute Fraisoro Nekazaritza Eskolan. Udalekuak ekainaren 30ean hasi ziren, eta astelehenean amaitu. Bertan gazteek gastronomiaren sekretuak ezagutzeko aukera izan dute, eta Aitzol Zugasti sukaldari buruaren eta Basque Cullinary Centerreko irakaslearen gidaritzapean aritu dira.
Hamar egun horiek bereziak izan dira Fraisoron; 21 gazte horiek elkarrekin igarotako egunak nahikoa izan dituzte laguntasuna sortzeko. Zugastik azaldu bezala, gazteentzat “esperientzia oso ona” izaten da. Gainera, aurten euren artean oso ondo moldatu dira, eta giro ona eduki dute: “Kimika berezia sortu da”. Antolatzaileak ere gustura daude aurtengo taldearekin: “Oso talde langilea eta ona izan da”.
Esperientzia hain ona izanik, zenbait gaztek errepikatu ere egiten dute. Aurten, esaterako, zazpik errepikatu dute. Gehienak, iaz Malagako (Espainia) udalekuetan egondakoak. Izan ere, ikastaro horiek hainbat lekutan eskaintzen dituzte. Batzuek argi dute sukaldaritza pasio bakarrik ez baizik ofizio izatea nahi dutela, eta horiek “sekulako arreta” jartzen dute. Beste batzuek, berriz, ez dute beren burua horretan ikusten, baina gustuko dutena ikasten jarraitu nahi dute.
Ikasgelatik praktiketara
Udaleku gastronomikoetan bildu diren ikasle gazteei gastronomiaren pasioa transmititzeko, hainbat dinamika egin dituzte. Tailerretan, esate baterako, elikagai ugari ezagutzeko aukera izan dute. Baina, ezagutzeaz gain, prestatu eta dastatu ere egin dituzte. Zugastiren esanetan, “garrantzitsuak diren beste balio batzuk ere” ikasten dituzte. Beraiek egiten baitute otorduaren kudeaketa guztia.
Jatetxeak ezagutzeko aukera ere izan dute, egin dituzten bisitaldietan hainbat sukaldaritza mota ezagutuz. Garrantzi berezia eman nahi izan diote, hala ere, lehen sektoreari, eta horrexegatik aukeratu dute Fraisoro. Bertan, baratzeak eta abereak dituzte, eta egunero lehen eskutik jasotzen dituzte produktuak. Zugastik azaldu bezala, egunero behien esnea hartzen dute: “Benetako esnea, ez kaxakoa”.
Txangoak egitearekin batera, hainbat hitzaldi izan dituzte udalekuetan. Besteak beste, Eider Sanchez nutrizionistak elikagaien oreka nola lortu azaldu zien, eta osagaiak banatzearen garrantziari buruz ere hitz egin zien. Fraisoroko irakasle Xabier Muruamendiarazek, berriz, egun baratzean dauden produktu guztien inguruko gorabeherak azaldu zizkien, eta ikasleek arretaz entzun zituzten hark azaldutako kontu guztiak.
Garaian garaikoa
Muruamendiarazek garaian garaiko produktuak erosi eta kontsumitzearen garrantziaz hitz egin zien. Irakaslearen esanetan, eguraldiak eragin nabarmena du ekoizten den produktuan, baina itxura txarragoa izanagatik ere produktua “non, noiz eta nork” produzitua izan den jakitea da benetan garrantzitsua. “Izan ere, horren berri badugu, badakigu hori ona izango dela”.
Bestalde, produktua garaian erosteaz gain, helduta dagoenean erostearen garrantziari buruz ere hitz egin zuen. Horrenbestez, azalpen teoriko guztien ostean, Fraisoroko baratze guztiak bisitatu zituzten gazteek, eta gero bazkaritarako erabiliko zituzten zenbait produktu euren eskuz jaso zituzten: lekak, kuiatxoak, mugurdiak, tomateak… Behin guztia jasota, prestatu eta dastatu ere egin zuten.
Leave a Reply