Uda garaia atseden hartzeko garaia izaten da batzuentzat. Beste batzuek, ordea, festarako aprobetxatzen dute. Egutegian gorriz markatuta edukitzen dituzte beren herriko edo auzoko festak. Askok, inguruko herrietakoak ere bai. Udako festa horiek bi osagai behintzat izaten dituzte gehienetan: eguraldi ona eta musika plazan. Uztail erdia igaro da jada, eta eguzkiak jai egin du oraingoz. Ez, ordea, berbena taldeek. Haiek zintzo-zintzo ari dira herrietako eta auzoetako festak girotzen. Duela pare bat hilabetetik plazaz plaza dabiltzan arren, datozen asteetan izango dute lanik gehiena. Prest daude dantza gogoz daudenak dantzan jartzeko. Baita gehiago kostatzen zaienak pixka bat mugiarazteko ere.
Laiotz da udan plazaz plaza ibiltzen diren taldeen artean beteranoenetakoa. 1991n sortu zuten taldea, ezkontzetan-eta musika jotzeko, eta 1992an egin zuten lehen plaza, Hernaniko Osinaga auzoan. Geroztik, hamaika bazterretako jendea jarri dute dantzan. Hasieratik taldean dagoen bakarra da Xabier Barrenetxea —aurten bi aldaketa egin dituzte taldean—. Haren esanetan, “krisiak krisi”, ezin dute kexatu aurtengo plaza kopuruarekin.
Oraindik plaza berriak ezagutzen ari da Laiotz, baina asko dauzkate”finko samarrak”. Hernanin bertan, hiruzpalau: Martindegin, Osinagan, Portun eta Ereñotzun azken urteetan. Beste herri batzuk ere badituzte “betikoak”: “Gure sekretua agian izan da herriekin zuzenean jartzea harremanetan: jai batzordeekin, elkarteekin… Hori garrantzitsua delakoan nago kontzertuei eusteko”.
Barrenetxeak esperientzia du berbenetan, eta iruditzen zaio garai “txarragoak” pasatu zituztela. Haren ustez, 15 eta 22 urte bitarteko jendea plazara atera da berriz: “Izan zen garai bat mundu guztia tabernetara edo txosnetara joaten zena, eta plazak hutsik zeudena. Iruditzen zait leku batzuetan plazara itzuli dela jende gaztea, tabernetan ibiltzeko dirua behar baita”. Plaza bete batean “gusturago” jotzen du Barrenetxeak.
Laiotzeko kidearen arabera, 22 urtez plazetan ibiltzeko “ezinbestekoa” da errepertorioa moldatzen joatea: “Jai duzu neguan lanik egiten ez baduzu. Haurrentzako abestiak jotzen dituzte, gaztetxoentzat, gazteentzat modako abestiak… Adin guztietako jendearentzako kantuak prest izaten dituzte, eta plazaren arabera erabakitzen dute zein abesti jo eta zein ez: “Behean dagoena gustura uzten baduzu, hurrengo urtean berriz deituko dizute agian. Horretarako lan egin behar da”.
Errepertorioa berrituta
Laiotz bezala, Ingo Al Deu Andoaingo taldea ere murgilduta dago udako emanaldietan. Maiatz aldean hasi zuten denboraldia, baina hemendik aurrera eman beharko dute kontzertu gehien. Ion Beloki taldeko abeslariaren esanetan, “gogotsu” daude “ia eguneroko” kontzertuen martxari aurre egiteko. Uztail amaiera eta abuztu erditik aurrera dute garairik “gogorrena”, baina baita “politena” ere.
Ingo Al Deu taldea 2009ko udazkenean sortu zuten, eta, geroztik, egonkortzen ari da berbena taldeen zirkuituan. Belokik azaldu duenez, azken hiru urteetan 50 kontzertutik gora emateko “zortea” izan dute. Gipuzkoan jotzen dute batik bat, baina Bizkaian eta Nafarroan eman dute kontzertu bat edo beste.
Hainbeste plaza, ordea, ez dira zortearekin bakarrik lortzen. Lan “dezente” egin behar da uda iritsi aurretik: “Negu aldean lokalean sartzen gara, eta astean bitan entseatzen dugu gutxienez”. Errepertorioa berritzen saiatzen dira andoaindarrak, bestela “aspertu” egiten baita jendea. “Kanta berri batzuk sartzen ditugu tarteka; bertsio batzuk, guk egindako batzuk ere bai…Uste dut berritzean dagoela gakoa”.
Hain zuzen, duela hiru bat urte sona handia lortu zuen andoaindarren Rosa Rosa bertsioak. Bere garaian kanta “polita” zela dio Belokik, baina modaz pasatu dela pixka bat. Kontzerturo jotzen dute abesti hori, eta “aspertu samar” daude jada. Hala ere, aitortu du taldeak asko zor diola kantu horri: “Youtuben arrakasta itzela izan zuen [130.000 erreprodukziotik gora]. Kontzertu asko lortu genituen Rosa Rosa abestiari esker”.
Berbena formatuak funtzionatzen duela uste du Belokik: “Ia festa guztietara deitzen dute talderen bat. Gauero ez bada, ia gauero. Iruditzen zait jendeak berbenak eskertzen dituela. Ez dira oso garestiak, gainera”. Leku batzuetan gehiago, eta beste batzuetan gutxiago, baina, Belokiren esanetan, dantza egiten da Euskal Herriko plazetan: “Oraindik badago ohitura fandangoa eta arin-arina ikasteko. Horrez gain, kuadrillek gustura dantzatzen dituzte zortzikoa eta folka”.
Plazaz plaza, bigarren udaz
Ezten Giro taldea berriagoa da plazetan. Alaitz Eskudero eta Maitane Unanue lehengusinak bikote gisa hasi ziren soinua eta panderoa jotzen. Duela pare bat urte, Mirari Alkorta elkartu zitzaien gitarrarekin, eta talde gisa iazko udan hasi ziren, Nagore Etxabe bateria jolea batu ondoren. Eskuderok azaldu duenez, ez dute kexatzeko arrazoirik: “Lehen urtea genuen iaz, eta izugarria izan zen; berrogei emanaldi inguru egin genituen”. Aurten ere plazaz plaza dabiltza. Iaz jotako toki batzuetatik berriz deitu diete, eta plaza berri batzuetan ere jo dute: “Seinale ona da hori”.
Euskal taldeen bertsioren bat edo beste jotzen du Ezten Girok. Vendettaren eta Betagarriren kanturen bat, esaterako. Hala ere, trikitilarien kantuak jotzen dituzte, batez ere. Jendea dantzatzen dela dio Eskuderok: “Oso plaza gutxi daude inor dantzatzen ez dena. Dantza egiten du jendeak, edo mugitzen da behintzat”.
Abuztu “gogor samarra” izan arren, horrela ibiltzea merezi duela azaldu du: “Emanaldi dezente jarraian dauzkazunean pentsatzen duzu: ‘Moztu egin behar da’. Gero, oholtzara igo, musika jo, eta jendea dantzan ikustean ahaztu egiten da nekea”.
Aurten “lasaiago” dabiltza 3gabe2 taldeko kideak. Jokin Gilisagasti taldeko bateria joleak azaldu duenez, kontzertu gutxiago ari dira eskaintzen, “lan kontuengatik”. Ez daude geldirik, hala ere. “Errepertorioa berritzen ari gara. Gustuko abesti pare bat ari gara prestatzen hurrengo kontzertuetarako”. 3gabe2-k bertsioak jotzen ditu, batez ere. Donostiako Gros auzoan joko dute gaur.
Leave a Reply